Transportes Insaustik Erresuma Baturako ibilbidea egiten duten hainbat kamioi ditu, eta brexit-a dela eta, Oiartzungo (Gipuzkoa) enpresa prestatzen hasia zen gerta zitekeenari begira. Baina aurten koronabirusaren urtea da, eta pandemia izan da berriro ezustea eman duena, COVID-19aren aldaera kutsakorragoak eragin duen izua tarteko. Frantziak mugak itxi ditu Erresuma Batuarekin, eta 6.000 kamioitik gora blokeaturik daude Dover inguruan (Ingalaterra), kontinentera iragan ezinik; besteak beste, Insaustiren hamahiru kamioi eta haien kamioilariak.
«Ez daude inorekin hitz egiteko moduan. Esan digute gure ahotsa bakarrik entzun nahi dutela, eta esateko etxera datozela». Montxi Galan enpresako kudeaketa zuzendariak BERRIAri azaldu dio kamioilariak zeinen egoera zailean dauden: «Ez dute inolako albisterik blokeoa noiz buka daitekeen jakiteko; badakite Gabon gaua eta Eguberri eguna Ingalaterran pasatuko dituztela. Muga bihar bertan irekiko balute ere, ez dago denbora nahikorik etxera garaiz iristeko. Horregatik, gaur-gaurkoz, helburu bakarra da urtea amaitu aurretik etxean egon ahal izatea». Muga gauerdian zabaldu dute berriro, baina albiste hori atzo iluntzean iritsi zen, eta gaur egun bizia izango dute enpresan, aukera berriak aztertzen.
Dena den, blokeo egoera beltz hori apur bat arindu du Galanek, konpainiako kamioilariek dituzten hainbat abantaila txiki azaltzean: «Guk igandean bertan ohartarazi genien hau gerta zitekeela, eta kamioiak aparkalekuetan uzteko esan genien; badute ostatua alboan, eta dutxa eta komunak ere bai. Zaintza duten aparkalekuak dira; alegia, gutxieneko baldintza batzuekin». Eta kamioiek daramatena galdu ote daiteke? «Gure kasuan, ez, hilabete iraun dezakeen zama dugulako, baina milaka kamioi daude geldirik errepideetan, iraungitzen diren produktuekin, freskoekin, adibidez. Desastre hutsa da hau guztia».
Insaustirentzat aritzen direnak ez dira Ingalaterrako kostaldean harrapaturik geratu diren euskal kamioilari bakarrak. Zaila da esaten zenbat diren, baina ez daude askoz gehiago. Hiru sindikatuak dio bere afiliatuen artean soilik hiru-lau joaten direla Erresuma Batura, «batez ere arraina eramatera, Getariatik eta Ondarroatik», baina garraiolarien sindikatuak ez du jakin inor harrapaturik geratu ote den han.
Batera edo bestera, koronabirusak Dover inguruan eragin duen kamioien pilaketak apenas duen aurrekaririk. «Horrelakorik ez dugu sekula ikusi», dio Insausti enpresako bozeramaileak; ez alferrik, 30 kilometroko ilarak daude. Londres eta Paris negoziazio bizian egon dira azken orduetan, muga ireki ahal izateko eta ferryak martxan jartzeko; batetik, kamioilari askoren egoera muturrekoa delako: errepidean lo egiten, jatekoa eta edatekoa soberan eduki gabe; eta, bestetik, Boris Johnson lehen ministroak ez duelako gehiagotan azaldu nahi publikoki janari hornidurarekin arazoak daudela ukatzen.
Brexit-aren negoziazioen azken saio etsian iritsi da COVID-19aren aldaera kutsakorragoaren albistea, eta negoziazioa bera baldintzatu du, lehen gauza eurotunela irekitzea delako orain Londresentzat, eta baita ferryak ere: kontinenterako sarbideak, alegia.
Oiartzungo Insausti enpresarentzat, berriz, lehen helburua da bere kamioilariak etxera ekartzea. «Pertsonak dira langileak baino lehen, eta familia zain dute etxean gabonak pasatzeko. Etxera ekartzeko modu guztiak ari gara aztertzen. Hegazkinez ezin dela ematen du; bide hori moztua dago. Autoz etortzeko aukera aztertu dugu, baina ez da erraza. Esaten ari dira agian Marokora joan daitezkeela hegazkinez, eta handik Euskal Herrira iritsi, Madrildik igarota».
Etsipena ez luzatzea
Kamioiek eta barruan daramaten zamak ere kezka eragiten du, noski, baina oraindik aste batzuk egin dezaketenez barruan iraungi gabe, enpresak badaki aurrerago berreskura daitezkeela.
Azkenean, Frantziak gauerdian ireki du muga, eta litekeena da kamioilariak egun gutxian iristea Euskal Herrira, Espainiak beste hainbeste egingo duelako; baina benetan zaila ematen du ostirala baino lehen iristea, ez delako erraza milaka kamioi martxan jartzea. Europako Batasuneko kideen artean adostasuna egon da, ordea, eta egoerari soluziobidea eman diote, baita milaka kamioilariren etsipenari ere.
Koronabirusa. Garraiolariak
«Kamioilariak etxera ekartzeko modu guztiak ari gara aztertzen»
Gipuzkoako Insausti garraio enpresak hamahiru kamioi dauzka Dover inguruan harrapaturik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu