Hauteskundeen biharamuna. Espainia

Sanchezek eta Iglesiasek koalizioa osatzeko aurreakordioa egin dute

PSOEko eta UPko buruzagiak gobernu berria negoziatzen aritu dira herenegundik, betorik gabe. Inbestidura saioak arrakasta izanez gero, Iglesias eta Calviño izango dira presidenteordeak

Sanchez Espainiako jarduneko presidentea eta Iglesias Podemosen idazkari nagusia, atzo, Espainiako Kongresuan, aurreakordioa sinatu ostean. PACO CAMPOS / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi - Ander Perez Zala
2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun

Oraingoan denbora askoz ere gutxiago behar izan dute hitz egin eta ados jartzeko: Pedro Sanchezek eta Pablo Iglesiasek gobernu koalizio bat osatzeko aurreakordioa egin dute, bozak egin eta bi egunera. Bi agintariek atzo aurkeztu zuten ituna, baina ez zuten xehetasun handirik eman; Espainiako hainbat hedabideren arabera, datozen egunetan adostuko dute zein izango den gobernu osaketa zehatza.

Espainiako Kongresuan egindako sinadura ekitaldian, Sanchezek onartu zuen akordioa lortzen ahalegindu zirela iragan apirileko bozen ostean, baina ez zutela lortu. Hala ere, nabarmendu zuen aurreakordioa «ona» dela, eta gobernu aurrerakoi bat bermatuko duela: «Gobernu berri hau erabat aurrerakoia izango da, Espainiak aurrera egitearen alde egingo duelako lan. Espainiarren arteko gorrotoak ez du tokirik izango».

Lau urteko ituna dela ere berretsi zuen Espainiako jarduneko presidenteak, eta jakinarazi zuen beste alderdi batzuei ere ateak zabalduko dizkietela, datorren legealdiari begira. PSOEren eta Unidas Podemosen (UP) balizko gobernu horretan, Iglesias izango litzateke gobernuko bigarren presidenteordea, eta Nadia Calviño litzateke presidenteordea, haren aurretik; egun, Espainiako jarduneko Ekonomia ministroa da.

Iglesiasek ekitaldian azaldu zuenez, «gobernu aurrerakoi bat» osatzea da bi agintarien helburua, eta, horretarako, alde batera utziko dituzte gaitzespenak, lurralde batasunaren alde: «Beste taldeen babesa bilatuko dugu datozen asteetan; bai inbestidura bermatzeko, baita gobernabidea ziurtatzeko ere».

Bi buruzagiek bilera egin zuten herenegun arratsaldean, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondorengo egunean, egoera politikoa desblokeatzen ahalegintzeko; biak ados agertu ziren negoziazioei berriz heltzearen inguruan, uztailean utzitako tokitik. Hilabete horretan, Sanchezen inbestidurako bigarren bozketa egin aurreko 48 orduetan, akordio bat ixteko bilera ugari egin zituzten bi indarrek, baina ez zuten akordiorik lortu.

Iragan igandean, emaitzak argitu ondorengo lehen agerraldian, Iglesiasek mezu bat helarazi zion Sanchezi: «Uste dut okerrago egiten dela lo eskuin muturreko 50 diputatu baino gehiago izanda, UPko ministroak izanda baino». Espainiako jarduneko presidenteak hauteskunde gaueko agerraldian ez zuen argitu UPren babesa nahiko zuen ala PPren abstentzioa lortzen ahaleginduko zen, baina lehen aukeraren alde egin du azkenean, koalizio gobernu bat osatzeko aurreakordioa eginda.

Itun horren arabera, agintaldirako ardatzen artean jarri dituzte hazkunde ekonomikoa «egonkortzea»; zerbitzu publikoak «babestea»; trantsizio ekologiko «justu bat» sustatzea; eta politika feministak bultzatzea.

Gainontzeko babesak

Koalizio gobernurako ituna sinatuta ere, bi indarrek alderdi gehiagoren babesa beharko dute Sanchez presidente izendatzeko: aldeko botoak edo abstentzioak. Iglesias buru duen koalizioak aurreratu duenez, harremanetan jarriko dira iragan urtean Mariano Rajoy presidente zenaren aurkako zentsura mozioa babestu zuten indarrekin.

Bozketa horretan, Sanchezen alde bozkatu zuten PSOEk, UPk, Esquerra Republicanak (ERC), PDeCATek, EAJk, EH Bilduk, Compromisek eta Nueva Canariasek.

Igandeko bozen ostean, PSOEren presidentegaiaren alde bozkatu zuten alderdien baturak datorren inbestidura saiorako ere balioko luke, baina alderdi katalan independentisten botoa alda liteke, gaur emandako adierazpenak kontuan hartuz gero.

PSOEk 120 eserleku jaso zituen igandeko hauteskundeetan, eta UPk, 35; hortaz, biak batuta 155era iristen dira, 176ko gehiengo osotik urrun. Lehen bozketan, Sanchez kopuru horretara iritsi beharko litzateke; hori egitea lortuko ez balu, bigarren bozketan gehiengo soila beharko luke: kontrako baino aldeko boto gehiago.

Eta, kasu horretan, gainontzeko alderdi politikoen aldeko botoak edota abstentzioak negozia litzake: ERCk hamahiru eserleku izango ditu; Junts Per Catalunyak (JxC), zortzi; Ciudadanosek (C's), hamar; EAJk, zazpi; eta Iñigo Errejonen Mas Paisek, hiru.

Dena den, Jose Luis Abalos PSOEren Antolakuntza idazkariak herenegun adierazi zuen Sanchezek UPren eta C's-ren babesa bilatuko duela inbestidura saiorako, eta ez duela Kataluniako independentisten botoa negoziatuko. Hortaz, berebiziko garrantzia izango du Albert Riveraren alderdi ohiak.

C's-ren kontseilu orokorra bi aste barru elkartuko da, eta litekeena da bilera horretatik zuzendaritza berria ateratzea, eta, beraz, Sanchezen inbestidurarako jarrera ofiziala ere bai.

Oraingoz, baina, PSOEren presidentegaiak ez du ziurtatua indar horren babesa, ohar baten bidez itunaren aurkako jarrera agertu baitu: «Ciudadanosek ezin du babestu Sanchezek eta Podemosek Espainiako Gobernuaren gidaritza izatea. Zorigaiztokoa da, eta espainiarren gehiengoaren interesen aurkakoa».

ERCren eta JxCren kritikak

Kataluniaz, Sanchezek eta Iglesiasek adostu dute «elkarbizitza eta elkarrizketa» sustatzea, betiere «Konstituzioaren barruan».

Jarrera horren ondorioz, indar independentistak kritiko agertu ziren itunarekin. ERCk uztaileko inbestidura saioan baino jarrera gogorragoa erakutsi zuen atzo, eta jakinarazi zuen mahai gainetik kendu duela saio horretarako egin zuen proposamena, «baldintzarik gabeko» abstentzioarena: «Aritmetika aldatu egin da».

ERCren zuzendaritzak, gainera, datorren abenduan egitekoak diren alderdiaren kongresurako proposamenak jakinarazi ditu gaur: erreferendum adostuaren alde egingo dute, baina aldebakarreko bidea baztertu gabe.

JxCri dagokionez, Albert Batet Kataluniako Parlamentuko alderdiaren presidentea oso kritiko agertu zen atzo itunarekin: «Pablo Iglesiasen erruz, Pedro Sanchezek ezin zuen lasai lo egin, eta, orain, badirudi harekin lo egingo duela Moncloan».

Galiziako BNG indar nazionalistaren kasuan —Kongresura itzuli da, diputatu bakarrarekin—, inbestidura eta gobernabidea errazteko asmotan direla jakinarazi du Ana Ponton alderdiaren buruzagiak, baina baldintza bat jarri dio Sanchezi: «Galiziako agendarekin konpromiso argi bat» izan dezala.

EAJk era «arduratsuan» jokatuko du

Berandu baino lehen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.