Ohi bezala, 11:00etan abiatuko dira almadiak Ezka ibaian behera. Burgiko Erdi Aroko zubian amaituko dute ibilbidea, 12:30 aldera. «Urte osoko lanaren emaitza da, herria batzen duen festa da», adierazi du Eriz Lasa elkarteko kideak. 200 boluntario inguru ibiltzen dira antolaketan, haren arabera. Bitan banatzen dute lana: egitarauari lotutakoa batetik, eta almadiak egitekoa, bestetik.
Urrian hasten dira almadiak prestatzen. Lasak azaldu duenez, almadia irtenaldiak egiten dituzte urte osoan, ogibidea ikasi nahi dutenentzat. «Aurten, bi neska izango ditugu almadiazain». Lehenengoz izango dira neskak almadien gainean.
Almadiaren Eguna dela tarteko, Urrezko Almadia ematen diote antolatzaileek nafarren bati. Aurten, Nafarroako Euskal Pilota Federazioak eta Gorka Aginaga sukaldariak jasoko dute. «Bailarari lotuta egindako lana aitortu nahi diegu», azaldu du elkarteko kideak. Herri bazkariaren bukaeran banatuko dituzte sariak.
Erronkariko gazta berria
Ibaiaren jaitsieraz eta Urrezko Almadiaren banaketaz gain, hamaika ekintza eta ikuskizun izango dira egun osoan, Burgin. Besteak beste, latsarien lanbidea gogoratzeko antzezpena egingo dute 11:30ean, ibaiaren ertzean, zubiaren ondoan.
Erronkariko gaztak ere izango du tartea, ohiko moduan. Hain justu, sor-marka hori duen gaztaren denboraldia hasiko dute. Aginaga sukaldariak moztuko du gazta: 13:30ean izango da, Aita Tomas Burgikoaren plazan. Musikak girotuko du Burgiko festa giroa. Goizean txaranga eta Erronkariko musika eskola arituko dira herriko kaleetan. Iluntzean, ostera, Demode Quartet eta Kaoba Orkesta taldeek joko dute, Aita Tomas Burgikoa plazan. Halaber, Almadiaren Museoa irekita egongo da, goizez eta arratsaldez.
Erronkari, Zaraitzu eta Aezkoako almadiazainak omentzeko asmoz hasi ziren eguna antolatzen, 1992an. Nafarroako Almadiazainen Kultur Elkarteak antolatzen du.«1952an amaitu zen almadiazainen ogibidea, Esako urtegia egin zutenean», azaldu du Lasak. Urteak igaro arren, almadien ibilbideak ez du etenik Erronkarin. Basoan moztutako enborrak garraiatzen zituzten almadiazainek garai batean. Gaur, berriz, ogibide hura berpizteko jaitsiko dira, hamaikagarrenez, Ezka ibaian behera.