Bestazaleen lasterketekin abiatu ziren Baionako bestak, nolabait, urtero bezala. Hogeigarren aldia zuen, aurten, lasterkaldiak. Miarritzetik (Lapurdi) abiatu, Angelun barna, Baionako zubi gorriraino, 13 kilometroko ibilbidea egitekoa zuten abiatu ziren 4.500 lasterkariek.
Ohidura bilakatua den bezala, jatetxe anitzetan lehen bazkariak egin zituzten bestalariek. Enpresa anitzek usaia baitute lankide arteko apairuen egiteko Baionako bestetan, lehen egunetik. Laborarien txokoak ere irekia zuen eguerdiko tokiko etxe janariz osatu otorduen zerbitzatzua. Barrakak ere goizetik hasi ziren, bereziki Aturri bazterretan, eta aurten, lehen aldikoz, Santizpiritu zubi gaina ere bereganatua zuten.
Diakite, kontrairekitzean
Baionako Gazte Asanbladak hirugarren aldikoz antolatu zuen besten irekitze alternatiboa, San Andres plazan, Pyrenees tabernaren leihotik. Ikurrin handi batek eta Nafarroako kateen banderek estaltzen zutela eraikinaren aitzinaldea, Amaia Riouspeyrousek kantatu jota batekin abiatu zuten ekitaldia.
Joan den urteko udan Euskaldunen plazara heltzen ziren etorkinei laguntza zuzena emateko osatu Diakite elkartea gomitatu zuten gazteek giltza botatzera. «Errefuxiatuen laguntzeko egiten duen lana zoriontzeko» egin zioten gomita: «Txalotzekoa den elkartasun adibide bat da, eta guk ere gure elkartasuna adierazi nahi diegu errefuxiatuei, Patxa plazara ongi etorria eginez».
Txupinazoko giroa Baionako herriko etxearen aitzinean, atzo. Guillaume Fauveau
Diakiteko Joana Detxartek hartu zuen hitza berantago. «Ez baikinen itsu eta mutu egoten ahal, Diakite elkartea sortu da bere baitarik. Eta orain, harro naiz errateaz Euskal Herrian, Baiona harrera sarean dela. Nehor ez delako ilegala, egiten duguna zentzuzko elkartasuna da. Ezezaguna beharrean delarik, ez dugu larru kolorea begiratzen, baizik eta bihotza».
Hitz horiekin azpimarratu zuten zuten gaztetxeko kideek irekitze alternatiboa: «Hau da, ofizialki Patxa izena eta ofizialki plaza itxura lortu duen, gure plaza maitean iraganen diren besta euskaldun, feminista eta herrikoien abiatzea». Besta bai, borroka ere bai, Patxa mugimendu ohiaren leloa bere eginik, lekuko hartzaile gisa ikusi dute beren burua: «Patxak hasi zuen bezala segitzen dugu plazan eta plazaren bitartez alternatibak eraikitzen».
Euskarari bere lekua egiteko beharra azpimarratu zuten, bestalde: «Baionako herriko etxeak ateratzen duen afixa ofizialean bezala, gure hizkuntzak leku ttipia du besta hauetan. Baiona, Euskal Herriko hiri nagusi bat da, eta merezi duen tamainako lekua eskainiko diogu». Beste eragileei ere deia zabaldu zieten: «Azpimarratu nahi dugu Baionako kulturaren zutabe izanez, Baionako Herriko Etxe eta eragile guzien ardura dela euskara bermatzea: erakuts diezaiegun nola egin!».
Gerta daitezkeen eraso mota oro arbuiatu zituzten, bereziki, eraso sexistak: «Alkohola eta irriaren aitzakia maltzurraren gibelean urte guziz gertatzen dira eraso sexistak, salatuak direnak baino askoz gehiago. Argi izan dadila denentzat: ez da ez!».
Sexismoa ez dela umiliazio mota bakarra gehitu zuten: «Homofobia, arrazakeria, xenofobia... Patxa plazan edozein eraso motari erantzuna bakarra izanen da: kanpora!».
G7koei ere berenak bota zizkieten: «Ozen salatu nahi dugu G7aren izaera eta G7a Miarritzen antolatzeak dakarren setio egoera».
Gaztetxeko gazte batek bota zuen bertsoa ondoren, eta suziria piztu zuen Diakite elkarteko Joana Detxartek. Irekitze alternatiboa plazan elkartu jendearen arteko banango, fandango eta arin-arin dantzarekin bukatu zen. Nabaria da besta alternatiboen irekitzeak urtetik urtera arrakasta handiagoa biltzen duela hurbildu zen jende andanari so eginik.
Errugbilariak udaletxean
Lehen mailara igo berri den Aviron errugbi taldeko arduradun eta jokolariek bota zituzten hiru giltzak Herriko Etxeko balkoitik, 22:00etan.
Maialen Errotabeherek hasi zuen ekitaldia emakumeen omenezko kantu nahasketa abestuz. Lehena, Zutik emakumeak izan zen. San Adresko Gurutzatuak, Elikagai Bankua eta Harmonia izan ziren elkarte gomitatuak.
Baionako bestak
Bi balkoi, bi eredu, hiri bera
Hasiak dira Baionako bestak igandera arte. Hirugarren urtez jarraian, irekitze alternatiboa egin zuten gaztetxekoek, Diakite elkartea gomitatuz. Udaletxetik, Avirongo errugbilariek bota dituzte giltzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu