Zientzia. Sansar C. Sharma. Ikertzailea

«Datozen urteetan lortuko dugu nerbio optikoa berriz osatzea»

Sopelako balearen begiak glaukoma sendatzen nola lagundu dezakeen azaldu du New Yorkeko Medical Collegeko ikertzaileak. 'Honoris causa' doktore izendatu berri du EHUk.

«Datozen urteetan lortuko dugu nerbio optikoa berriz osatzea».
Edu Lartzanguren.
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Sansar C. Sharma (Shimla, India, 1938) munduko glaukoma aditurik handienetako bat da. 50 urte daramatza gaitza ikertzen. Nerbio optikoa erregeneratzeko ikerketa batekin doktoratu zen, 1967. urtean, Eskozian. Handik bost urtera, New Yorkeko Medical Collegeko Oftalmologia Sailean hasi zen lanean. Ia 81 urte izan arren, ikertzaile talde bat zuzentzen jarraitzen du han, begietako zelulen heriotza ulertzeko eta tratatzeko moduak bilatzeko. EHUk honoris causa doktore izendatu zuen joan zen ostiralean, arloan egindako ikerketengatik. Izan ere, EHUko Elena Vecino ikertzailea buru duen GOBE oftalmologia-biologia esperimentaleko taldearekin lan handia egin du.



Otsailaren hasieran, balea bat hil hurren agertu zen Sopelako hondartzan (Bizkaia). Zure ikasle izandako Vecino doktoreak begi bat erauzi zion hildako animaliari, EHUn ikertzeko. Zer ikas daiteke balea batetik, giza glaukoma sendatzeko?

Ez da oso animalia arrunta. Egin dezakezun lehenengo gauza begia ateratzea da, eta saiatu ulertzen zein den gongoilen banaketa normala; hau da, zein den begiaren histologia [histologiak bizidunen ehunak aztertzen ditu mikroskopioaren bitartez]. Balearen begia horren handia da, non urte bat beharko duten azterketa hori amaitzeko, begiak kilo bateko pisua baitu. Arratoi baten begia aztertzeko ere hilabete bat beharko lukete, nahiz eta gizaki baten begia baino askoz txikiagoa izan.

Zein da egin beharreko lana?

Nolako zelulak dauden ikusi, nola dauden konektatuta, zeintzuk diren fotoerrezeptoreak... Oso lan gutxi egin dira animalion begien egituraren inguruan. Ugaztunak direnez, haien begien antolakuntza gizakiena bezalakoa izango da. Horrez gain, itsasoan bizitzera moldatuta daude, sakonera handian, baina baita airean ikustera ere. Adaptazio horrek bi mekanismo erabat ezberdin eskatuko ditu. Zeintzuk diren? Inork ez daki.

Ikasitakoa aplikatu ahalko zaio giza begiari?

Oso galdera konplexua da hori. Behin egitura ulertuta, ikus dezakezu zer dagoen hor giza begien antzekoa. Konpondu ahal daitezke balearen begien zelulak? Baleak ez du oso zorrotz enfokatu behar, baina guk bai. Gaur jendeari esaten diogu: «Eguzkitan egon behar baduzu, erabili betaurreko ilunak». Zergatik? Eguzkiaren izpiek kalte handia egiten diotelako begiei. Baleak, ordea, adaptazio bat du hori saihesteko, eta informazio hori erabil dezakegu gizakion begiekin aritzeko.

Zergatik interesatu zitzaizun glaukoma?

1963. urtean hasi nintzen argitaratzen. Nire lehen artikulua zebra arrainaren ingurukoa izan zen. Nerbio optikoa mozten badiozu, berriz hazten zaio, eta normaltasunera itzultzen da horren funtzionamendua. Hurrengo urteetan, horren inguruan egin nuen lan Ingalaterran, Eskozian eta New Yorken. Begiaren eta garunaren arteko loturak nola egiten diren ulertzea zen ideia. Zer gertatzen da istripu zerebrobaskular bat duzunean? Agian, odol hodi bat blokeatzen zaizu garunean, eta paralizaturik geratzen zara. Beraz, garuna antolatuta dagoen moduarengatik, han nonbait gertatzen den orok galera zehatz bat dakar. Eta burmuinak 80.000 milioi neurona dauzka! Horretan ikertuz joan nintzen, eta, azkenean, honako galdera honetara heldu nintzen: nola aurki dezaket sistema bat non gongoilen zelulen heriotza gertatzen ari den, baina zauririk gabe? Hori glaukoman gertatzen da.

Arrainek nerbio optikoa erregeneratzeko duten ahalmena galdu egin zuten ugaztunek eboluzioan. Zergatia aurkitu duzue?

Metodo bat garatu nuen glaukoma arratoietan sortzeko, ezin delako gizakietan ikertu. Elena Vecinok metodo bera erabili zuen Bilbon. Gizakien glaukoma gaitzaren eredu bat garatu dugu zerrietan eta arratoietan, eta mundu osoan erabiltzen ari dira. Hogei urteko ikerketaren ondoren, ikasi dugu arratoietan alda dezakegula bizirik dirauten zelulen lotura garunarekin. Animaliak sentikortasun apur bat galtzen du, baina aurrerantzean ere ikusi egiten du! Egin al daiteke gizakiekin? Horretan ari gara lanean.

Munduan 67 milio pertsonak pairatzen dute glaukoma. Angelu itxiko glaukoma azkar garatzen da, eta oso mingarria da, baina angelu irekiko glaukoma poliki areagotzen da, eta ez du sintoma nabarmenik; ikusmenaren lapurra esaten diote. Sintomarik egon ez arren, ba al dago jendeak zaindu beharreko zantzurik?

Sintomak hor daude, baina, identifikatzen dituzunerako, itsu zaude. Proba mota asko daude, baina garrantzitsuena da norberak 45 urte bete ostean sei hilabetetik behin azterketa egitea. Begiaren presioa altua baduzu, botikekin kontrolatu behar duzu. Glaukoma gehienak zahartzearekin daude lotuta. Nik 80 urte ditut, eta baliteke neuk ere garatzea, baina, horretan lan egiten dudanez, badakit nola babestu neure begiak.

Begiaren barruko presioak ez du zerikusirik odol presioarekin, ezta?

Ez. Baina presio handia baduzu burmuinean, kolperen baten edo auto istripu baten eraginez, horrek eraman zaitzake glaukomara. Inork ezin du bere kabuz aztertu begian zein presio duen; oftalmologoarengana joan behar da. Nire aholkua hori da: aztertu begiak sei hilabetean behin, demontre!

Hemendik hogei urterako garatuko duzue nerbio optikoak berriz osatzeko metodorik?

Hasi ginenean uste genuen dena genekiela. Hogei urte geroago, badakigu zerbait, baina ez dena. Gertu gaude: datozen urteetan -bost-hamar urte barru— lortuko dugu nerbio optikoa berriz osatzea, ez guztia, baina bai horren zati bat. Horrek diru asko behar du, lan asko, pasio handia eta ikertzaile asko. Bilbon eta Donostian ere ari dira ikerketa interesgarriak egiten.

Glaukoman ere badago alde genetiko bat. Hortik ezingo litzateke aurrerapenik egin?

Alde genetikoa bakarrik populazioaren zati txiki batean dago, batez ere AEBetako beltzen artean. Leku askotan, jendeak ez ditu inoiz aztertu begiak, batez ere herrietan, bereziki txiroek... Nola esango diezu tentsioa jaisteko tantak botatzeko? Kontuan hartu behar da Frantzian edo Alemanian baino heziketa mediko hobea dagoela Euskal Herrian, eta halako leku gutxi daudela munduan. Eta, halere, esadazu ezagutzen duzun zenbat pertsona joaten den maiz begiak aztertzera. Hori da arazoa.

Zu horretan ari zara lanean, AEBetan zein Indian. Nola konbentzitzen duzu jendea begiak aztertzeko?

AEBetako beltzen komunitateetara joateko sistema hau daukagu: elizetara joaten gara, eta han neurtzen diegu presioa. Zer egin dezakegu bestela? Norbait itsu geratzen denean, sekulako kostua dakarkio horrek gizarteari.

Munduan egun miopia izurritea gertatzen ari dela ohartarazi dute zientzialariek. Txinako gazteetatik gutxienez %80 miope dira, eta Seulgo 19 urteko gizonezko ia guztiak (%96,5). Europan ere, miopia bikoiztu egin da azken 50 urteetan. Zergatik gertatzen ari da?

Haurrak hazteko gaurko modua oso ezberdina da. Ni txikia nintzenean, ez zegoen telebistarik. Amak ikusten bazintuen ohean etzanda ikasten, hala esaten zizun: «Eseri zuzen ikasteko!». Amek ez zekiten zergatik, ohituraz esaten zuten. Baina orain badakigu miopia sor daitekeela ohean etzanda ikasten baduzu. Badakigu etzanda irakurtzeak eta telebista ikusteak aldatu egiten duela zure kornearen angelua, eta miopeago bihurtzen duela. Telebista ikusteak ez du berez eragiten, baina egunero ikusten baduzu lau orduz ohean etzanda, zer gertatzea espero duzu? Alabak hamar urte zituela eskatu zigun telebista logelan jartzeko, eta esan nion: «Ikusi al diguzu guri inoiz telebistarik logelan?» Orain 40 urte ditu, eta ez du telebistarik logelan bere etxean. Heziketa kontua da. Haurrez ari gara, betiere, helduetan oso efektu txikia du.

Elkarlanean aritu zara EHUrekin, eta honoris causa doktore izendatu zaitu. Nolakoa izan da zure lankidetza EHUrekin?

Duela 25 urte ezagutu nuen Elena Vecino. Salamancan [Espainia] ikertzen ari zen, eta konturatu nintzen ez zuela behar bezalako modurik ikerketa egiteko. Nirekin New Yorkera joateko esan nion. Hiru hilabeteren buruan, laborategian zegoen. Lana Bilbon atera zitzaionean, esan zidan: «Hilabeteak beharko ditut hemen zerbait egiten hasteko, eta diru laguntza lortzeko, bost urte gutxienez». Zer tresna behar zituen galdetu nion, eta eman egin nizkion. «Orain ez duzu aitzakiarik», esan nion. Artikulu asko argitaratu ditugu elkarrekin. Sarri etortzen naiz orain.

Nazioartean zientzian kolaboratzeko giroan atzerapausoa izan al da Donald Trumpen gobernua?

Mundua orain askoz txikiagoa da, eta gizakiok ez gara oraindik horretara moldatu. Eskuin muturrak AEBak banatu nahi ditu. Banatzen duzunean, Erdi Arora itzultzen zara, eta aurrerapena gelditu egiten da. Uste dut atzerapauso txiki bat dela, edonola ere: Trumpi bi urte bakarrik geratzen zaizkio agintean, eta espero dut inoiz ez aukeratzea berriz. Ni ez naiz haurra, jende gehiena baino zaharragoa naiz, eta lanaldi osoan nabil oraindik. Niretzat, gorabehera hauek fenomeno normalak dira, jendeari moldatzeko eskatzen dion garai batean. Moldatu behar dugu, garatu behar dugu, aurrera egin behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.