Urmuga

Euskal Herria batzeko haria

Urmuga egitasmoak mendia eta musika uztartuko ditu bigarrenez. Gaur hasi eta uztailaren 31ra arte, ibilbideak Euskal Herri osoa zeharkatuko du, 19 etapatan.

Gorobel mendilerroan hasi, eta Hiru Erregeen Mahaian amaituko da Urmuga. Hemeretzi egunez, 380 kilometroko mendi zeharkaldia egingo dute. URMUGA.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Hilabete luzetako prestakuntza lanen ondoren, gaur abiatu da Urmuga proiektua. Gorobel mendilerroan emango zaio hasiera egitasmoari, eta hortik, hemeretzi egunez, Euskal Herria mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du. Urmuga proiektuak mendizaletasuna eta musika uztartzen ditu, eta ibilbidea igarotzen den lekuetan askotariko kontzertuez gozatzeko aukera egongo da.

Izatez, Euskal Herri osoa zeharkatzen duen ertza da Urmuga: Gorobel mendilerrotik hasi eta Auñamendietako Hiru Erregeen Mahairaino doana. Felipe Uriarte ekinbideko antolatzailearen eta mendi ibilaldiko gidariaren hitzetan, Euskal Herriak duen geografia «zehatz» baten emaitza da, eta, ondorioz, horren arabera antolatu dituzte mendi zeharkaldiak ere: «Ibilaldiak naturaren logikari jarraituz antolatu ditugu, geografia horretara egokituz». Era berean, mendilerro luze horretan jaiotzen dira euskal ibaiak ere. «Uraren muga da ertz hori, baina ez gure herriarena», nabarmendu du Uriartek.

Mendian barrena eta musikaren laguntzaz, aldarrikapen hau egingo dute egitasmoaren bitartez: «Urmuga Euskal Herria josten duen hari luze bat da, eta, musikaren eta mendizaleen izerdiaren bitartez, zatituta dagoen herria josten saiatuko gara, Euskal Herria nazio bat delako eta gehiegizko mugak ezabatu beharra dagoelako».

Gaur hasi eta hilaren 31ra bitarte, 380 kilometroko mendi zeharkaldia egingo dute parte hartzaileek. Horiek hemeretzi etapatan banatuta egongo dira. «Ibilaldi gehienak sei edo zazpi ordutan egitekoak izango dira gutxi gorabehera, baina denetarik dago», azaldu du Uriartek. Hala ere, aurreratu du luzeena azken etapa izango dela: «Jardunaldi hori hamabi ordu ingurukoa izango da: Erraize mendatean hasi, eta Hiru Erregeen Mahaian amaituko da».

Izena emateko epea zabalik da dagoeneko, eta mendizaleek «modu askean» parte hartu ahal izango dute: «Batzuek etapa bakarra egingo dute; beste batzuek, hiru, bost, bederatzi... Horrez gainera, etaparik egin gabe kontzertuak ikusteko aukera ere badago».

Uriartek nabarmendu du jendeari «erakargarriagoa» egiten zaiola egitasmoko bigarren zatia: «Lehenengo egunetan jende gutxiagok eman du izena; badirudi mendizaleei ez zaiela horren erakargarria egiten inguru hori, baina, egia esan, leku zoragarriak daude lehen zati horretan ere». Horiek horrela, gogorarazi du oraindik ere aukera dagoela izena emateko, www.urmuga.eus webgunean.

Edonork du mendi zeharkaldietan parte hartzeko aukera, mendizale izan zein ez izan. «Parte hartzeko ez zara mendizale sutsua izan behar; mendiarekiko eta naturarekiko zaletasuna izatearekin nahikoa da», azpimarratu du Uriartek. Gainera, autobus batek eramango du bidaiarien ekipajea leku batetik bestera.

Aniztasun handia

Egitasmoak irauten duen egunetan, askotariko kontzertuez gozatzeko aukera ere egongo da. Iazkoarekin alderatuz, gainera, musikari gazte gehiagok eta estilo desberdinak jorratzen dituztenek hartuko dute parte aurtengo aldian. «Gazteak herri honen parte dira; hortaz, ate joka datozen horiei atea zabaldu diegu, haize freskoa sar dadin», azpimarratu du Uriartek. Musikari gazteei ikusgaitasuna emateaz gainera, publiko gaztea erakartzeko helburuarekin egin dute hautu hori: «Denok osatzen dugu gizartea, eta adin guztietako jendea elkartzea zoragarria da».

Euskal Herriko eta atzerriko hainbat musikari eta kantari izango dira kontzertuetan, eta Et Incarnatus orkestraren hamabost bat partaidez osatutako hezurdura izango dute oinarrian. Besteak beste, musikari hauek hartuko dute parte: Dupla, Gorka eta Nerea Urbizu, Alex Sardui, Olatz Salvador, Nogen, Anari, Chill Mafia, Niko Etxart, Juantxo Arakama (Glaukoma) eta Idoia Asurmendi. Lehenengo kontzertua Tologorrin (Araba) izango da, eta azkena, berriz, Izaban (Nafarroa). Betiere, antolatzaileek ezarritako baldintzak betez eta errespetatuz.

Kontzertu gehienak mendi inguruetan egingo badituzte ere, horietako batzuk herri txikietan izango dira. Era horretara, herriz herri ibiltzeak «esanahi berezia» emango dio egitasmoari, auzolana eta herritarren inplikazioa «beharrezkoak» izan direlako proiektua aurrera ateratzeko. Horietako batzuk dira, esate baterako, Abadiñoko (Bizkaia), Dimako (Bizkaia), Oñatiko (Gipuzkoa) eta Larraineko (Zuberoa) kontzertuak. Hala ere, antolatzaileek azpimarratu dute bai mendizaleen eta baita kontzertuetako ikusleen kopurua mugatua izango dela, eta, ondorioz, gomendagarria dela aldez aurretik izena ematea.

Eguraldiak baldintzatuta

Lolekuei dagokienez, berriz, «goxo-goxo eta eroso» lo egiteko aukera eskainiko dute ibilbideak irauten duen denbora guztian. Horretarako, egun bakoitzeko aterpetxeak, apartamentuak, baserriak... lotuta dituzte dagoeneko. Horietako batzuk helmugan bertan egongo dira: «Helmugara iritsi, eta han bertan izango dugu lo egiteko aukera». Beste batzuetan, berriz, inguruko herriren batera lekualdatuko dira: «Mendatean furgonetak jasoko gaitu; lolekura eramango gaitu, eta, dutxa eder bat hartu ondoren, lo egingo dugu».

Iaz egin zuten Urmuga aurreneko aldiz, eta, lortutako arrakasta ikusita, aurten berriz egiteko hautua egin dute antolatzaileek. Izan ere, mendian barrena eta musikaren laguntzaz, egitasmoak «aukera paregabea» ematen du Euskal Herria alde batetik bestera zeharkatzeko. Hala ere, Uriartek uste du aurtengo aldian eguraldiak «asko» baldintzatuko duela: «Iaz eguraldi ona izan genuen etengabe, baina aurten, udarak beste itxura bat du». Ondorioz, xira eta aterkia motxilan «ezinbestean» eraman beharreko materialak direla azpimarratu du: «Eutsiz egingo dugu aurrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.