Urte berezia izan da aurtengoa. Urtarrilean, 78ko Sanferminak Gogoan plataformak German Rodriguezen kasua auzitara eraman du berriro. Maria Servini Argentinako epaileak frankismoaren krimenen kereilan sartu ditu duela 41 urteko uztaileko gertakariak. Izan ere, 1978ko sanferminetan, Poliziak German Rodriguez hil zuen.
Aurtengo beste berritasun bat da EH Bilduk Kongresuan Martin Villa txostena lortu izana; Espainiako Barne Ministerioak eta aginteko militar eta poliziek 1978an sortutako dokumentuak dira. Aitor Garjon 78ko Sanferminak Gogoan elkarteko bozeramaileak eta Koldobi Osta peñetako kideak azpimarratu dutenez, orain arteko isiltasun ofizialean arrakala irekitzea lortu dute: «Justiziaren arloan, nahita itxitako bideak berriro irekitzen saiatu gara».
Hitz horiek egin zituzten atzo Garjonek eta Ostak uztailaren 8an urtero 1978ko gertakariak oroitzeko egiten den ekitaldian. Agertokiaren bi aldeetara, bi pankarta jarri zituzten: Inpunitateari STOP irakur zitekeen bietan. Erdian, hizlariei aurrez aurre, German Rodriguezen oroitarria, peñek eta Nafarroako Gobernuak eskainitako lore sortaz inguratuta. Fermin Balentziak Hilarria abestia jo zuen. Pankartetako baten atzean ziren sanfermin haietako lekukoak. Letraren konpasei jarraikiz, aurpegietan bazen zirrara, gitarrari begia kendu ezinik zeudenenak, emozioz gorri, malkoei eutsiz; kantaren amaieran, irribarre kuttuna, ahaztu ezinezko hilketa batekiko keinu gisa. Hala dio Balentziaren kantak: «Maite zenuen hiriak nahi du zure oroitarria; baina batez ere maitea, zure irria».
Justizia unibertsalean oinarrituta abiarazi da Argentinan frankismoaren krimenen kontrako auzia; bakarra da munduan. 78ko Sanferminak Gogoan plataformakoak ekainean elkartu ziren Maria Servini epailearekin; Buenos Airesko Udaleko giza eskubideen batzordeak ere babesa adierazi zien.
Irailaren 9an, Rodolfo Martin Villa garaiko Espainiako Barne ministroa deklaratzekoa da, Argentinan; besteak beste, Gasteizko 1976ko sarraskiarengatik eta 1978ko sanferminen gertakariengatik deitu du Servini epaileak deklaratzera.
Atzoko ekitaldian, Garjonek eta Ostak Martin Villa Epaitu kanpaina abiarazi dutela iragarri zuten, iraileko deklarazioaren atarian. Gizarte mobilizazioa eskertu zuten hizlariek, eta jardunean jarraitzera animatu: «Egia, justizia eta ordaina lortzeko, Germanen memorian».
Fermin Balentziaren abestia amaituta, manifestazioa abiarazi zuten bertaratutakoek, agertoki aurreko pankartei segika. Horretan, oihuak hasi ziren: «German, Joseba, gogoan zaituztegu».
Tiroka zezen plazan
1978ko sanfermin haietan, tiroka sartu zen Polizia Iruñeko zezen plazan duela 41 urteko uztailaren 8an. Poliziak irrati bidezko koordinazioan esandakoak: «Tiro egin indar guztiekin; ez diezazuela inporta inor hiltzea». Istiluak hiri osora zabaldu ziren. Zauritu ugari egon ziren egun hartan; 11,tiroz jota. German Rodriguez Liga Komunista Iraultzaileko kidea zen horietako bat, lehenengo hildakoa. Hurrengo egunetan, Euskal Herri osora zabaldu ziren protestak, Gipuzkoara bereziki. Donostian hil zuten bigarrena: Joseba Barandiaran.
1978ko gertakari haien ondoren, hainbat auzi ireki zituzten. Memoria historikoaren aldeko eragileen arabera, auzi orokorrak bere osotasuna galdu zuen hainbeste kasu ireki zirelako. 1982an artxibatu egin zen German Rodriguezen auzia, eta, horren atzetik. gainerakoak.
Bide judiziala itxita, memoria historikoarekin lanean aritu dira eragile asko. Hasieran, peñekjarraitu zuten 1978ko uztaileko gertakarien ikerketekin. Baina dokumentu ofizial asko sekretupean daude oraindik. Kongresuan, 2017ko maiatzean egin zen informazio hori desklasifikatzeko saialdia, baina atzera bota zuten PP, PSOE eta Ciudadanosek.
Sanferminak Iruñean
Isiltasun ofizialari arrakala
Justizia arloan eman diren aurrerapausoak nabarmendu dituzte German Rodriguez oroitzeko Iruñean egindako ekitaldian. 78ko Sanferminak Gogoan elkarteak antolatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu