Lau hankako Ahotsenea

Ahalik eta sortzaile gehienei leku egiteko asmoz, Durangoko Azokara ez ezik, udazkenean egingo diren beste hiru jaialditara ere zabalduko dute aurten Ahotsenearen eskaintza

Ahotseneako, Gerediaga Elkarteko eta Araba Euskaraz jaialdiko ordezkariak, sortzaile talde batek babestuta, Bilbon egindako aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Dena ontzi handi bakarrean biltzea ezinezkoa izango dela ikusirik, eskaintza lau ontzi txikiagotan banatzea erabaki du aurten Ahotseneak. Durangoko Azokan egoteaz gain, udazkeneko beste hiru jaialditan ere antolatuko dituzte zuzeneko disko eta liburu aurkezpenak: Literaturia jaialdian, irailaren 26an; Araba Euskaraz jaialdian, urriaren 18an; eta oraindik zehaztu ez duten sorkuntzari eskainitako hirugarren jaialdi batean. Udazkenean hirurak. Antolatzaileek aurrez ere prestatua zuten eskaintza hedatzeko bidea, baina koronabirusak eman die azken bultzada. Izan ere, pandemiari aurre egiteko neurrien eraginez, erdira baino gutxiagora murriztu beharko dute Durangorako buruan zerabilten kontzertu eta liburu aurkezpenen kopurua, eta, ontzia erdi hutsik utzi ordez, nahiago izan dute hustutako erdi hori beste ontzi batzuetara eraman.

Datuak badaude. Aurreko urteetan,ste, 70 bat zuzeneko musika aurkezpen eta 40 bat solasaldi antolatu izan ditu Ahotseneak Durangoko Azokan. Aurtengorako, ordea, zortzi solasaldi eta 35 bat zuzeneko musika aurkezpen antolatuko dituzte. Aurreikusitako musika saioen erdiak bakarrik, beraz, eta pentsatuak zituzten solasaldien %80 gutxiago. Horregatik dago hedatu beharra. Eskaintza lau jaialditara zabaldu eta murrizketa apaltzea baita antolatzaileen asmoa.

«Pandemia honek gogor astindu du kultura». Baieztapen horrekin abiatu ditu egokitzapenari buruzko azalpenak Miren Narbaiza Ahotseneko koordinatzaileak. Azaldu duenez, «ahalik eta sortzaile gehienei» lekua egitea izan da hasieratik haien asmoa, «ahalik eta jende gehienarengana iristeko», baina koronabirusak zaildu egin du hartu-eman hori. 2007an hasi zen sortzaile talde bat lehenengoz Ahotsenea antolatzen, Durangoko Azokan sortzaileek ere presente egon behar luketela sinetsita, eta, geroztik, gero eta garrantzi handiagoa hartuz joan da proposamena azokaren eskaintza osoan.

Aurten, sorburu izandako gunetik harago zabalduko dute eragin esparrua, eta poza azaldu du horregatik Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko lehendakariak. «Pozten gara sortzaileek abiatutako ekimenak azokaz harago hartu duen bideaz». Haren hitzetan, azokan jarraituko baitu proiektuak, eta handik «luzatu» egingo baita gainerako jaialdietara ere.

Sortzaileentzako «habia»

Berez, maiatzaren azken asteburuan ziren Zarautzen (Gipuzkoa) Literaturia jaialdia egitekoak, baina, pandemiaren eraginez, azkenean, irailaren azken asteburura eraman dute programa. Literatura da jaialdiaren ardatz nagusia, eta, horregatik, aurten argitaratutako liburuen aurkezpenak antolatuko ditu bertan Ahotseneak. Irailaren 26an, egun osoz izango dute gune bat horretarako.

Araba Euskaraz jaialdian kontzertu gune propioa jarriko dute. Amurrioko Aresketa ikastolak du aurtengo jaialdia antolatzeko ardura, baina haiek ere bigarren botean antolatu beharko dute festa azkenean. Urriaren 18ra atzeratu behar izan dute haiek hasieran ekainaren 14an egitekoa zena.

Eneko Aldai programazio lantaldeko kideak azaldu duenez, koronabirusaren krisia sortu baino lehenagotik ere bazuten Ahotsenearekin kolaboratzeko asmoa, eta lankidetzari eustea erabaki dute gerora. «Iaztik genuen asmoa sortzaileentzako kabi bat uzteko. Gero egoera lehertu egin da, eta ataka batean ikusi dugu geure burua, baina eutsi egin behar genion apustuari, gure txikitxoek erreferenteak izan ditzaten euskaraz».

Zortzi taldek hartu ahalko dute parte bertan. Eguraldia edozein dela ere, estalpeko agertoki bat izango dute musikarientzat, eta programazioa antzokira eramateko aukera ere badago. Aurrez izena eman beharko dute emanaldietara joan nahi duten ikusleek, eta streaming bidez ere zabalduko dituzte saioak ikusi nahi dituenarentzat. Eta oraindik erabat zehaztu ezin izan badute ere, antzeko formula bat darabilte buruan azoka egunetarako ere.

Bideak sortzeko beharra

Narbaizak «txalotu» egin ditu jaialdi horietako eta Durangoko Azokako arduradunak, «gauzak antolatzen jarraitzeko nahiari eusteagatik»: «Egunerokoan ikusten ditugunean etengabe deialdiak erortzen, gure eginbeharra da imajinatzea nola egin daitezkeen, eta uzten diguten arte eustea».

2020an disko edo liburu bat argitaratu duten sortzaile guztiek eskatu ahalko dute lekua Ahotsenean, eta www.ahotsenea.eus webgunearen bidez eman beharko dute izena horretarako. Irailaren 14an zabalduko da horretarako aukera, 09:00etan, eta eskariak egindako ordenan emango zaie lekua programan. Aukeran dauden agertokietako zeinetan aritu nahi luketen ere zehaztu beharko dute talde eta idazleek, eta horren arabera saiatuko dira antolatzaileak egitaraua osatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.