Askasibarren isileko lana, argitara

Miguel Angel Elkoroberezibar idazle eta ikerlariak Lorenzo Askasibar eskultorearen bizitza eta obra errepasatu ditu liburu batean, haren testigantzak oinarri hartuta

MONIKA DEL VALLE / @FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
«Pertsona batekin aurrez aurre eseri, begietara begiratu, eta haren bizitza zure aurrean eraikitzen ari dela ikusten duzunean konturatzen zara egindako lanak merezi izan duela». Hala laburbildu du bere esperientzia Miguel Angel Elkoroberezibar ikertzaile eta idazleak (Bergara, Gipuzkoa, 1966). XX. mendeko euskal eskulturaren adierazle nagusienetariko bat izan da Lorenzo Askasibar eskultorea (Elgeta, Gipuzkoa, 1930), eta, hain zuzen ere, haren ibilbidea eta gogoetak biltzeaz arduratu da idazlea Lorenzo Askasibar, eskultore baten testigantza liburuan.

70 urteren ondoren, Bilboko Berreginen Museora itzuli da Askasibar liburua aurkeztera. Sinbolismo berezia duen lekua da harentzat, han hasi baitzuen ibilbide profesionala eskultoreak. Lau urte eta erdiz Higinio Basterra maisuaren ikasle gisa aritu zen, eta, hortik, bere bide propioa hartu zuen. «Leku hori mugarri izan zen eskultorearentzat, eskola handi bat», nabarmendu du Elkoroberezibarrek. Handik, Madrilera eta Ameriketako Estatu Batuetara abiatu zen, eta, profesionalki, azken urteak Euskal Herrian eman ditu. Guztira, 700 artelanetik gora ditu mundu osoan barrena.

Eskultorearen bizitzaren eta obraren errepasoa egiten da liburuan. «Ibilbide oparoa duen artista ezezagun baten ibilbide artistikoaren berri ematea da asmoa», azaldu du idazleak. Hala ere, beste helburu bat ere badu: «Jendeak artista honek egindako lana balioan jartzea eta merezi duen aitortza egitea nahi dut». Askasibarren beraren testigantzek eta gogoetek osatzen dute liburua. Idazlearen hitzetan, «hausnarketa ariketa sakon bat» izan da abiapuntua.

Egilearen iritziz, eskultorearen ibilbidea hiru etapatan banatu daiteke. Lehenengo urteetan egurra erabili zuen, eta material horrekin eginda daude hasierako obra gehienak. Aldi horren ondoren, Ameriketako Estatu Batuetara joan zen, eta, bertan, harria landu zuen: «Poltsikoetan txanponik ez zuela joan zen New Yorkera, eta, garai hartan, granitoa izan zen jaun eta jabe». New Yorkeko St. Raymond hilerriko St. John da aldi horretakoa, eta, era berean, bere ibilbideko lanik aipagarrienetarikoa. John Fitzgerald Kennedy presidentearen omenez egin zuen eskultura, eta AEBetako kritikak «laudorio ugari» egin zizkion. AEBetatik itzultzerakoan, berriz, brontzeari heldu zion. Bizitza osoa eskaini dio arteari eskultoreak. «Askasibarrek bizitza eskaini dio eskulturari, eta, aldi berean, eskulturak bizitza eman dio Askasibarri».

Omenaldi ugari

Liburua osatu arteko ibilbidea «luzea eta malkartsua» izan dela aitortu du Elkoroberezibarrek. Halere, emaitzarekin «oso gustura» geratu da. Egindako ibilbidearen aitortza gisa, datozen asteetan omenaldi ugari jasoko ditu Askasibarrek. Liburuaz gainera, maiatzaren 28an atzera begirako erakusketa bat zabalduko dute Bergarako (Gipuzkoa) Aroztegi aretoan. Gainera, ekainaren 6an, omenaldia egingo zaio leku berean. Ekainaren 9an, berriz, bere jaioterrira itzuliko da eskultorea, Elgetara, eta, bertan, haren ibilbide artistikoari buruzko hitzaldia emango du Elkoroberezibarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.