Lau hilabete falta dira Euskal Herriko lasterketarik jendetsuenerako: Behobia-Donostia maratoi erdia. Azaroaren 8an da jokatzekoa 56. ekitaldia. Egoera normalean, barealdia egongo litzateke proba antolatzen duen Fortuna Kirol Elkartearen bulegoan. Lanean ariko lirateke, beste behin, 32.000 lagunetik gora elkarrekin korrika aritu daitezen.
Baina koronabirusak eragindako normaltasun berrian, ezinegona eta segurtasunik eza dira nagusi. Eta halaxe daude Fortunan ere, ezinegonak eta segurtasunik ezak harrapatuta. «Egoera zaila da, inork ez baitaki nola eboluzionatuko duen honek guztiak. Zain gaude», aitortu du Iñigo Etxeberria (Donostia, 1974) lasterketako koordinatzaileak.
Baina zain egoteak ez du esan nahi Fortunan geldirik daudenik. «Egoera guztiak hartzen ari gara kontuan», azpimarratu du. Inguruko probetan egiten ari direnari begira daude. Eta, horietan, «denetik» topatu dute. «Ondo bidean, jokatu egingo dira Hanburgoko maratoia eta maratoi erdia, irailean. Baimen berezia eman diete 14.000 lagun biltzeko. Aldiz, bertan behera geratu dira ondoren jokatzekoak ziren bi, Berlingo eta New Yorkeko maratoiak. Bi proba horiek nazioarteko profil handiagoa dute».
Berehala dator galdera: eta zer egingo du Fortunak? Aurtengo ekitaldiari eutsi ala bertan behera utzi? Azkar erantzun du: «Guk eutsi egiten diogu». Baina segituan egin du zehaztapen garrantzitsua: «Betiere, osasun egoerak aukera ematen badu. Hala ez balitz, ez genuke zalantza egingo, eta, pena handia eman arren, bertan behera utziko genuke».
Argi dute «osasun egoeraren mende» daudela, eta argi dute, era berean, azaroan egoera ona izanagatik ere «ezinezkoa» dela orain arteko ereduari eustea, hots, errepidean 32.000 lagunetik gora biltzea. «Ezin da egon horrenbeste jende elkarrekin korrika egiten goiz bakar batean. Jendeak proposatu digu egun oso batean edo bi egunetan jokatzea, baina ez dugu ikusten. Behobia-Donostiak egun eta ordu zehatzak ditu».
Horregatik, lasterketaren eredua aldatzea erabaki dute. «Erdira jaitsiko dugu parte hartzaileen kopurua, 16.000 ingurura. Pilaketak saihestu nahi ditugu kosta ahala kosta. Lasterketa dinamikoagoa izatea nahi dugu, eta korrikalariak une oro sakabanatuak egon daitezela: hasi aurretik, korrika eta proba amaitutakoan». Irteeran izan ohi dira pilaketarik handienak, eta, hori eragozteko eta korrikalariak sakabanatuago aritzeko, are gehiago mailakatuko dituzte parte hartzaileak, eta guztiek ordutegi zehatza izango dute. «Gelditzen ez den irteera bat izatea nahi dugu. Gure asmoa da korrikalariak Behobiara iritsi eta berehala hastea korrika».
«Baikor» daude. «Egingarria dela uste dugu. Medikuekin eta birusaren inguruan lan egin duten espezialistekin hitz egin dugu, eta haiek ere badiote egin daitekeela. Horrek animatu egin gaitu. Askotan, itsutu egiten gaitu kopuruak. 16.000 asko da, baina sakabanatuta, ez da horrenbeste. Guk, gainera, esperientzia handia dugu korrikalarien fluxuak kontrolatzen, pilaketarik egon ez dadin. Nik argi dut: nahiz eta azken urteetan parte hartzaileen kopuruak asko egin gora, duela hamar urte baino hobeto egiten da korrika Behobia-Donostian. Batzuetan pilaketa handiagoak daude mila korrikalariko lasterketetan».
Abantaila: aire zabalean izatea
Haren ustez, «abantaila handia» da aire zabalean izatea. «Ikusten ari gara aire zabalean apenas izaten ari dela kutsatzerik. Denbora luzez kontaktu zuzenean egon direnak ari dira kutsatzen batez ere aire zabalean. Gainera, beste hainbat neurri hartuko ditugu: korrikalariek maskara eraman beharko dute korrika hasi aurretik eta ondoren; bozgorailuen bolumena jaitsiko dugu, burrunba apaltzeko, eta parte hartzaileen arteko elkarrizketak gertukoak izan ez daitezen; saiatuko gara errepide bazterretan pilaketak eragozten; eta, azkenik, garraioaren gaia lantzen ari gara, garraiobideetan-eta jendea pilatu ez dadin». Euren plana aurkeztua diote jada Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kirol sailei, eta zain daude.
Beherakada izan da izen emateetan: 10.000 lagun inguruk eman dute izena. Urteren batean, data hauetan, agortuak egon izan dira dortsalak. «Normala da, baina helarazi nahi dugun mezua da jendea anima dadila. Parte hartzaile guztiak seguru egongo dira, kalean baino gehiago».
Parte hartzaileen kopurua erdira jaisteak ondorio ekonomikoak ere baditu: erdira jaitsiko da Fortunaren diru iturri nagusia. «Hamabi sail ditugu, eta batzuei jada esan diegu agian ezingo direla lehiatu datorren sasoian. Urte zaila izango da hau».
Erdiak eta sakabanatuta
Behobia-Donostia lasterketaren antolatzaileek eutsi egiten diote aurtengo ekitaldia egiteari, betiere osasun egoerak aukera ematen badu. Horretarako, erdira jaitsiko dute korrikalarien kopurua, 16.000 ingurura. «Egingarria eta segurua» dela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu