Era guztiz desordenatuan baina etengabe, beti oharrak hartzen bizi dela dio Anjel Lertxundik (Orio, Gipuzkoa, 1948); tartean, hizkuntzaren, literaturaren eta itzulpenaren adar askotarikoen gaineko apunteak ugari. Hala jaio da Itzuliz usu begiak, zenbait koaderno beltz apuntez betetzetik. Bazuen multzoa aspaldi, baina ez zuen liburuaren ideia oraindik. Ibon Sarasolak Bitakora kaiera (Erein, 2016) argitaratu zuenean, ordea, han plazaratutako kezken eta berak koadernoetan jasotakoen artean loturak ikusi, eta orduan heldu zion argitalpenaren asmoari. Atzo aurkeztu zuen emaitza, Donostian, Koro Navarro itzultzailea eta Jorge Gimenez Alberdaniako editorea ondoan hartuta, eta ezin argiago adierazi zuen asmoa: «Itzulpengintzaren errebindikazioa egitea euskal literaturaren sisteman».
Edozein literatur sistemak hiru hanka baditu —idazlea, itzultzailea eta irakurlea—, horietan menostua itzulpengintzarena izan ohi delako kezka azaldu zuen idazleak abiapuntutik. Bistakotzat jo zuen literatur sistema orok behar duela itzulpengintzaren hanka. Eta aldarrikatu euskarak bereziki behar duela kalitatezko itzulpengintza bat, neurri handi batean, euskara publikoa itzulpenaren bidez eman ohi delako: «Administrazioan, hedabideetan... Arlo guztietan bizi dugu itzulpena, eta ez beti, inondik ere, itzulpen txukun bat. Hizkuntza baten normalizazioan, itzulpenak gure eguneroko jardunak baino hedadura askoz handiagoa izateak zamak ekartzen dizkio gure jardunari. Eta, horregatik, itzulpen literario serio bat aurrera eramateak garrantzi handia du».
Askotariko testu txatalekin osatu du saiakera. Sorkuntza, itzulpena eta irakurketa, literaturaren hiru zutabe horiek dira gai ardatzak, baina, horien bueltan, beste hainbat gogoetagairi ere egin die leku idazleak: euskara, haur literatura, unibertsitatea eta beste. «Itzulpengintzari buruz idaztea erabaki nuenean, ez nintzen jabetzen hainbeste ertz aterako nizkionik», aitortu zuen.
Ez da soilik itzulpen literarioaz ari, beraz; baina, era berean, itzulpen literarioaren aldarrikapena ere jaso nahi izan du. «Bestea ona izango bada, derrigorrezkoa dugu itzulpen literarioa ona izatea». Aldarrikapen hori, batetik, erakunde publikoei zuzendu die idazleak, «garrantzi gehiago eman diezaioten». Baina baita idazleei ere: «Pena ematen dit itzulpengintzak jada gainditu samarrak dituen arazo batzuk ikusteak jatorrizko testuetan. Horrek esan nahi du ez dagoela komunikaziorik; elkarren lanetan loturarik izango ez bagenu bezala».
Hasieratik izan du argi saiakera bat idatzi nahi zuela. Argi izan duen bezala ez zuela bereziki ez itzultzaileentzat ez idazleentzat egin nahi saioa. Irakurle soilarentzat egin nahi izan du, «literatura gozatu egiten duen jendearentzat». Horretarako, nahiz eta saiakera izan eta pentsamenduarekin lotuta egon, «literatura zaleek estimatzen duten testu bat» landu du Lertxundik: «hizkeraren freskotasuna» zainduta, testu «dibertigarri» eta oparo baten bila. Hala, liburuko gogoetak ordena alfabetikoan antolatu ditu, Czes?aw Mi?osz poeta poloniarraren Alfabetoa: bizitza baten hiztegia eredutzat hartuta. Autobiografia bat da, baina kronologikoki ordenatu beharrean, alfabetikoki ordenatzen ditu bizipenak Miloszek. Lertxundiren ustez, liburua hala irakurtzean mosaiko propioa eraikitzen du irakurleak. «Idazleak planteatzen duen joko horretan partaide da irakurlea». Eta horretan saiatu da bera ere bere lan berrian.
Berberlitz bueltan
Liburuaren zati ugariak lotzen dituen beste hari bati egin dio azpimarra Navarrok. «Hari mehe-mehe baina oso polit bat». Bi pertsonaien arteko elkarrizketek osatzen dute, Berbelitzen eta Eleneren artekoak. Berbelitz ez da pertsonaia berria Lertxundiren testuetan; Elene bai —bien izenetan bilatu du hitza-ren sinonimoekin jokoa idazleak—. Liburuko gogoeten artean tartekatuta agertzen dira haien arteko solasak, normalean, ikuspegi kontrajarria erakusten dutenak. «Saiakeraren tonutik urrundu, eta bizitasun handia ematen dio liburuari», aipatu du Navarrok.
Haren ustetan, Lertxundi da itzulpena «suhartasunez eta temaz» inork ez bezala defendatu duen idazlea. Lan berria ere «itzulpenaren defentsa» modura irakurri du berak. Jartzekotan, ñabardura bakarra jarri dio: liburuan aurkitu duen itzultzailearen irudiarekin ez dela hainbeste identifikatu. «Ez dut nire burua hor ikusten. Iruditzen zait berarentzat [Lertxundirentzat] niretzat baino artistagoa dela itzultzailea. Niretzat, itzultzea izerdi hutsa da kasik. Gainera, literatur itzulpenaz ari gara, baina itzultzaile gehienontzat hori gure lanaren parte txiki xamarra da».
«Luzea, sendoa, sakona, mardula, trinkoa, aberatsa, oparoa». Adjektibo errenkada batez deskribatu du Lertxundiren lan berria itzultzaileak. Irakurlea «abailduta» uzten duela ere aipatu du, eta, beste guztien gainetik, adjektibo bat nabarmentzen dela irakurraldian: «Atsegina».
Gimenezek gehitu duenez, Alberdaniak hasieratik «kuttuna» izan duen ildo bat berrartu du Lertxundiren lanarekin: euskararen literatur hizkerari eta haren lanketari dagokiona. Ildo horretan kokatu ditu, hain zuzen, Lertxundiren beraren Mentura dugun artean (2001) eta Eskarmentuaren paperak (2009) lanak. «Anduk askotan uztartu ditu bere obran eta gogoetan literatur hizkera eta artegintza; biak begirada bakarrean bizi izan ditu». Bide horretan, «mugarritzat» jo du idazlearen liburu berria.
Itzulpenaren defentsarako deia
Literatur sorkuntzaren eta, batik bat, itzulpengintzaren gaineko saioa ondu du Anjel Lertxundik 'Itzuliz usu begiak' lanean. Askotariko gogoetak alfabetikoki antolatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu