Euskal literaturak Blas de Oterori egindako aitortza moduko bat da Blas de Otero. Ordaindu gabeko letra bat liburua. Aspalditik da ezaguna Gabriel Arestik zion mira, eta, Jon Kortazar literatur ikerlariak azaldutakoaren arabera, palanka modura ere balio izan zion haren poesiak ordura arte landutako estetika sinbolistatik poesia sozialago batera jauzi egiteko. Ezagutzen zuten elkar, badago bien arteko elkarrizketa argitaratu bat ere, eta lagunaren poema guztiak euskaratzeko asmoa izan zuen Arestik. Ondorengo belaunaldietako beste 11 euskal idazleren itzulpen lanak ere bildu dituzte orain, eta horiekin osatu dute antologia.
Arestik ez ezik, Bernardo Atxagak, Joseba Sarrionandiak, Miren Agur Meabek, Gerardo Markuletak, Felipe Juaristik, Leire Bilbaok, Luigi Anselmik, Kirmen Uribek, Beatriz Txibitek, Harkaitz Canok eta Aritz Gorrotxategik ere hartu dute parte lanean. Blas de Otero fundazioak eman du argitara, Euskaltzaindiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin, eta El Gallo de Oro argitaletxeak plazaratu.
Oterok Lourdes Iriondori eskainitako poema batetik hartu dute antologiarako titulua. Euskararik ez jakiteaz damu zen idazlea Euskaraz egin dezagun poeman, eta Koldo Izagirrek euskaratu zuen www.armiarma.eus webgunerako, 2016an. «Jaio nintzelarik, egin zidaten aurrenekoa mihi moztea ian zen./ Hori ziria sartu zidatena./ Orozkotik eta Durangaldetik nator./ Eskubide osoa neukan neure aurrekoen hizkuntza eskuratzeko./ Amamari entzuten niona baratzeko sagarrondo eta gereziondoen artean.// Protesta dezadan.// Ordaindu ez didaten letra erreklamatzen dut».
Eta jaiotzean lapurtu zioten herentzia hori berreskuratzeko keinu sinboliko moduko bat da euskarazko antologiaren argitalpena, proiektuaren bultzatzaileen hitzetan.
Jose Fernandez de la Sota idazlea da Blas de Otero fundazioko zuzendaria, eta, gogoratu duenez, proiektua martxan jarri eta euskal idazleekin kontaktuan jartzen hasi zirenean, berehala heldu zitzaizkien baiezkoak. «Horrek erakusten du zer-nolako bateratze indarra duen Oterok. Beste idazle bat izan balitz, oso zaila izango zatekeen».
Poeta bakoitzaren esku utzi zuten zer poema euskaratu, eta Arestiren itzulpen batekin hasi dute liburua: «Niri eta zueri orori deituko digute./ Zuk eta nik eta guztiok eginen ditugu/ goardiak heriotzaren aurrean./ Eta arriskua izanen da,/ bala batena.// Ongi dakizue. Nire, zure eta/ guztion bila etorriko dira./ Bai zure bila ere./ (Hemen ez da inor/ salbatuko)».
Oteroren dolu poema
Joan-etorrikoa zen Arestiren eta Oteroren artekoa, ordea, eta antologian datorren Nire adiskide Gabriel Aresti poeta euskaldunaren heriotzean poema da horren froga, Luigi Anselmik itzulitakoa. «Sekula eta beti/ defenditu zenuen etxea,/ gure aberri ttipi,/ belar-odolezko hau,/ anaia eta maisu horrek,/ ikusi Meli orain, malenkoniazko ilargi bilakaturik,/ entzun/ Nerea,/ Guria,/ Andere-Bihotzen/ txintxarria,/ Gabriel, euskal poesiaren iraultza,/ isildu, isildu zaitezte denok haren hilobiaren ondoan,/ norbait zelatan dabil, zuk baztertu zenuen gurutzea eskuan duela,/ gure gizaldietako etxeak bizirik iraunen du zure hitzean,/ zeuk irauten duzu gure etxean».
Ipuina poema itzuli du Miren Agur Meabek. Tabula rasa Felipe Juaristik. Hitzen defentsa egiten duen Hasiera izenekoa du Leire Bilbaok. Bosgarren kantua jostaria Kirmen Uribek. Gogo bizi tituluko sonetoa Harkaitz Canok. Eta Bernardo Atxagak itzulitako poema batek ixten du bilduma, azkenik. Bilbon, ume zela, Federico Garcia Lorca ikusi zuenekoa gogoratzen du Oterok. «Gogoratzen naiz Bilbon/ gogoratzen naiz eta ez naiz gogoratzen—/ nola azaldu zinen nire aurrean —hamahiru urteko mutikoa ni—/ La Xirguren eskutik/ —ilargia zeruan barrena doa/ ume bat eskutik hartuta—/ nola azaldu zinen aurpegi izugarri serioko ume bat bezala./ Gogoratzen naiz eta ez naiz gogoratzen/ Arriaga antzokian bandera errepublikarrak zebiltzala airean/ zure Bodas de sangre-ren inguruan.// Primeran gogoratzen naiz halere,/ zure benetako odol-ezteiak/ Viznarren/ ospatu/ balaz zulatu/ konplitu zirela eta ezin direla ezabatu».
Orain arte argitaratu gabeko argazki sorta bat ere badakar liburuak poema eta poema artean. Azaleko argazkia da horietako bat, eta bertan idazleak ageri duen irribarrea nabarmendu du Otero fundazioko lehendakariak. «Ikonografikoki ez gaude horretara ohituta».
Poza azaldu du argitaralpenagatik De la Sotak. «Haren lana itzultzea da poeta baten testua bizirik mantentzeko dagoen modurik onena». Itzulpenen kalitatea ere azpimarratu du, gainera. «Balio filologikoa du horrek, baina baita sekulako balio sinboliko handia ere».
Oteroren euskal ondorengotza
Hainbat belaunalditako hamabi euskal idazlek Blas de Oteroren poemak itzuli dituzte Bilboko Udalak, Euskaltzaindiak eta Oteroren fundazioak bultzatutako antologia baterako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu