Museo bikoitza programa aurkeztu eta urtebetera, ordu hartan batu ziren kideak berriro bildu ziren, atzo, Donostiako San Telmo museoan, proiektuaren lehen urteak eman duena aurkezteko: Susana Soto museoko zuzendaria, Jon Insausti Donostia Kulturako zinegotzia eta Asier Mendizabal eta Ibon Aranberri artistak. Mendizabalen proposamen bati jarraika abiatu zuten programa, asmo jakin batekin: urtero artista bat gonbidatzea, museoaren ondareaz eta haren inguruan sortutako kontakizunez gogoeta egiteko; gero, artistaren lanaren emaitza zentroaren bilduman gordetzea. Ibon Aranberri izan da lehena programan parte hartzen, eta esku hartze bikoitz bat aurkeztu du, urtebeteko lanaren emaitza gisara: Itzal marra.
Esku hartze bikoitz modura aurkeztu arren, egiazki «bi sarbide dituen instalazio bakar baten» gisara har daiteke, Aranberrik azaldu duenez. Zer egingo zuen galdetzen zioten denek prozesuaren hasieran, zer proiektu zuen buruan. Baina hortik, «proiektuaren ideiatik» aldentzen saiatu da bera, urtea «esploratzeko» hartuta. «Proiektuaren ideiak hasierako planteamendu bat eskatzen du, egingo duzunaren hiperkontzientzia bat. Kasu honetan, ordea, kontrakoa izan da: metodologiarik ez da egon, baizik eta murgiltze bat museoaren historian, bere materialtasunean eta formulazioan».
Klaustrotik hasi zen lanean, «museoaren nukleotik». Eraikinak komentu izateari utzi eta museo publiko bihurtu zenean, industrializazio garaian sortutako proiektua izanik, zentroak bere egin zuen aldatzen ari ziren bizimoduen materialak eta aztarnak gordetzeko eginbeharra. Materiala metatzen eta bilduma hori aldatzen joan da, baita fisikoki ere, eta artistak «desmaterializazio bat» antzeman du hor. «Iruditzen zait museoa hustuz eta arkitektura soilduz joan dela beste espazio paralelo batzuk sortzearekin batera». Horietan jarri du begia Aranberrik, kategoria tradizionalen mugak —ondarea, bilduma eta kultura materiala— lausotzen dituelakoan. Eta museoko funts lekualdatuetatik sortutako materialekin osatu ditu, hala, instalazio biak. «Material baztertuak, museotik aldenduak izan direnak berriz hona ekartzea interesatzen zitzaidan, jatorrizko lekura itzultzea; ez zentzu material batean, ezpada espektro modura, aztarna modura».
Hilarria bihurtu du esku hartzearen elementu nabarmena. San Telmoren bildumako hilarri gehienak inguruko elizetako lurperatzeetatik eta museoaren beraren iraganetik jaso ziren; hau da, ez zen propio pilatutako ondare bat izan. Orain, ordea, iraganean betetako lekuagatik, ondare modura babestuta daude, eta museoaren metaketaren parte dira. «Horregatik, elementu nahikoa ugaria eta anbiguoa iruditu zitzaidan kate hori guztia lantzeko».
Edonola ere, artistak ez ditu hilarriak baliatu instalazioetan. Ia-ia «zurigarri» modura erabili dituela dio, «museoaren testuingurua eta bertako elementuek historikoki sortu dituzten oihartzunak lantzeko». Itzal marra, batetik, hilarrien gainazalen kalko bilduma batekin osatu du. Museotik kanpoko biltegietan dauden hilarrien gainean egin du lan, askotariko kalkatze teknikak erabiliz eta askotariko irudiak sortuz. Museoko Oroitarrien biltegia aretoan jarri du instalazioa.
Haren «eskeleto» modura begira daiteke esku hartzearen bigarren zatia, klaustroan kokatu duena. Metalezko egitura bat da, behinola museoko biltegi gelan egon ziren egiturekin egina. Hilarriak zeharka gordetzen ziren bertan, espazioa ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Egitura hura berreskuratu eta handitu egin du Aranberrik, orduko markak agerian utzita. «Zaborretara botatzeko moduan zegoena artelan baten formarekin itzuli da museora. Gustatzen zait hori, arteak esanahiak berritzeko duen gaitasuna».
Konplexutasuna bertute
Museo bikoitza abian jarri zenean, hiru irizpide proposatu zitzaizkien artistei: San Telmoren bilduma bera, gordailu modura; museografia, narratzeko moduak; eta testuinguruko euskarriak, historia eta taxonomia. Eta Aranberri hiruretan barneraino murgildu da, Mendizabalen esanetan: «Oso modu zuzenean azpimarratzen ditu hiru kategorietako auzi gatazkatsuak».
Programari izena ematen dion ezaugarria ere nabarmendu du: San Telmo, gizarte museo bat izateaz gain, arteari lotuta dagoela. «Izaera bikoitz horren konplexutasuna bertute bat da; artearen praktikak berak izan behar du ondarea pentsatzeko formetako bat». Programaren abiapuntuan Mendizabalen Soft Focus lana ere badago; 2014an erakutsi zuen San Telmon, eta hortik sortu zen museoaren eta bere ondarearen berrirakurketetan sakontzen segitzeko asmoa. Mendizabalek oihartzunak topatu ditu lan haren eta Itzal marra-ren artean, bietan agertzen baita artistaren subjektibotasuna.
Aranberriren lana urtebetez egongo da ikusgai museoan, eta bertako bilduman gordeko da gero. Egun gutxi batzuk barru iragarriko dute nor ariko den aurten programan, eta Aranberrik programaren kate lan hori nabarmendu du: «Ez diogu soilik lekukoa pasatzen elkarri; solaskideak bilakatzen gara. Denborarekin, programak corpus bat osatuko du, eta ekarpen artistikoa ez da izango bakoitzarena: osotasun bat izango da».
Ondarea langai duen artea
Ibon Aranberrik 'Itzal marra' esku hartze bikoitza aurkeztu du, San Telmo museoko funts lekualdatuetako materiala ardatz. 'Museo bikoitza' programan aritu den lehen artista da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu