Izatearen argiak eta ilunak

Koro Navarrok 'Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia' itzuli du, Robert Louis Stevensonen klasikoa. Abentura, misterioa eta psikiatria nahasten ditu lan «moderno» horrek

Koro Navarro itzultzailea, Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia nobela eskuan, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Andoni Imaz
Donostia
2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Pertsona bat modu batekoa da egunez, eta bestelakoa gauez. Ongiaren eta gaizkiaren arteko dikotomia ez da istorio baterako gai arrotza, baina hor du oinarria Europako literaturaren klasiko batek. «Hain garrantzitsuak dira Stevensonen liburuak, eguneroko elkarrizketetan ere sartu baitira», Inazio Mujika Erein argitaletxeko editorearen hitzetan. Atzo aurkeztu zuten Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia liburua, jatorrizkoa argitaratu eta 133 urtera. Koro Navarrok ondu du eleberriaren euskarazko hirugarren itzulpena; «momentu bakoitzak behar du berea».

1886. urtean eman zuen argitara Robert Louis Stevensonek (Edinburgo, 1850 - Upolu, Samoa, 1894) Strange Case of Dr. Jekyll & Mr. Hyde, «oso lan garrantzitsua haren obran eta Europako literaturan», Mujikaren hitzetan. Batez ere, piraten istorioek eta abentura nobelek egin zuten ezagun Stevenson. Liburu hura «rara avis» da idazlearen lanean, eta gehien itzuli direnetako bat bilakatu da denborarekin. Klasikotzat du Mujikak, behin eta berriz irakurri eta aldiro «zerbait berria» aurkitzen duelako bertan.

Duela urte asko, umezain lanetan zebilela irakurri zuen aurrenekoz Navarrok Strange Case of Dr. Jekyll & Mr. Hyde. Ingelesa ikasten ari zen, eta «liburu egokitua» hartu zuen horregatik: «Ez dut batere gomendatzen; jatorrizkoa irakurri behar da. Hasieran ulertzen ez baduzu, ulertuko duzu geroago». Zaintzen zuen umea «oso polita» zela esan zuen, zintzoa, baina 2 urte betetakoan, «kasketa beldurgarriak» harrapatzen hasi zen, jendaurrean zalaparta sortzen. «Hau da!», esan zuen Navarrok: «Orduan ulertu nuen nobela: denok daukagu alde iluna».

Liburuaren «modernotasuna» nabarmendu zuen itzultzaileak, «gaietan zein idazkeran». Irakurketa asko antzematen dizkio nobelari Navarrok, egileak bere garaian aitortu izan zuen moduan: abenturazko nobela izan daiteke, nobela gotikoa edo misteriozkoa. Psikiatria lantzen du, «eskizofreniaren gaia bete-betean» dagoelako liburuan, eta psikoanalisia ere bai: «Freudek ez zuen hobeto idatziko». Interpretazioen artean, homosexualitatearekin lotura ikusten dio itzultzaileak: «Pistak daude denerako; bakoitzak nahi duena ateratzen du».

Liburuak misterioa lantzen duen moduagatik, «genero beltzaren aurrekaria» dela esan zuen Mujikak. «Izu eragilea» ere bai, nahiz eta urteekin aldatu egin den irakurlea beldurtzeko gaitasuna, eta egun «oso light» den.

Idazkeraren aldetik ere liburu modernoa iruditzen zaio Navarrori. Atzekoz aurrera kontatuta dago, geroztik zenbait idazlek egin duten moduan, baina suspensea mantentzen du haren ustean: «Bukaera badakigu, baina jakin nahi dugu nola gertatu den». Idazkera, «zentzu hertsian» ere, modernoa da haren ikuspuntutik: narrazioaren egitura, erritmoa eta hitzak.

Itzulpena eskolan

Erein argitaletxearen 4na saileko laugarren liburua da Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia. «Liburu lagunak» nahi dituzte sailean, Mujikaren hitzetan, eta literatura unibertsaleko erreferentziazko lanak argitaratu dituzte orain arte: Franz Kafkaren Metamorfosia, Herman Melvilleren Bartleby eskribatzailea eta Albert Camusen Arrotza. Ez dira euskaraz egin diren lehenengo itzulpenak, baina euskararen bilakabidean, «gaur egun irakurtzeko moduan» osatu dute bilduma, liburu guztiak jatorrizko hizkuntzatik itzulita.

«Stevensonen lanean aditua zen batek esan zuen oker bat izan dela pentsatzea umeentzat direla haren liburuak», Navarrok aurkezpenean esan zuenez. Helduentzako liburuak direla nabarmendu zuen, edo adin batetik aurrerako gazteentzakoak. Izan ere, «jende gazteari» zuzendu nahi dio Ereinek 4nak saila, DBH eta batxilergoko ikasleek eskolan irakurtzeko modukoak iruditzen baitzaizkie.

Eskolan dauden «aurreiritziak» aipatu zituzten aurkezpenean, euskaraz sortutako liburuak bakarrik irakurrarazten dizkietelako irakasle askok ikasleei. «Itzulpenak behar ditugu; gure literaturaren oinarriak jarri dituzten liburuak euskaraz eduki behar ditugu modu irakurgarri batean», esan zuen Mujikak. «Stevensonek bezala inork ez du idazten, eta, Stevensonengan oinarrituta, euskal idazle askok idazten dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.