50. aldiz eta 35 urtez jardun bat elikatzen

EIZIEren 'Senez' aldizkariak 35 urte bete, eta 50. zenbakia kaleratu du. Ofizioaren garapenean eta euskararen normalizazioan izan duen garrantzia nabarmendu dute

Karlos del Olmo Senez-en zuzendaria eta Itziar Diez de Ultzurrun EIZIEko lehendakaria, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Irailaren azkena, Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna zen atzokoa, eta eguna baliatu nahi izan zuen EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak Senez aldizkariaren zenbaki berria aurkezteko. Zenbaki borobil bi dakartza, gainera, argitalpenak: 35 urte bete ditu, eta 50. zenbakira heldu da. «Gure jarduna ikusezin xamarra da, eta horrelako egunek balio dute gure lanbidea ikusgarriago egiteko eta aldarrikatzeko mundu global honetan ezinbesteko jarduna dela gurea; mundu hau hamaika ertzetatik saretuta dago, eta jostura lan horiek ezinezkoak lirateke gure zubi lana gabe», nabarmendu zuen Itziar Diez de Ultzurrun EIZIEko lehendakariak.

Euskaraz itzulpengintzari buruz dagoen agerkari bakarra da Senez. Itzulpengintzaren eta euskararen ardatzen bueltan, garaian garaiko eztabaidak plazaratzeko gune bat izan da urte hauetan guztietan, eta hala da zenbaki berria ere —hasierako garaietan, urtean zenbaki bat baino gehiago kaleratzen zituzten, baina, azken urteetan, zenbaki bakarra kaleratzen dute; horregatik ez datoz bat urteak eta zenbakiak—.

Karlos del Olmo aldizkariaren zuzendariak gogora ekarri zuenez, 1984an, Senez sortu zenean,euskara batua «trebatzen» hasita zegoen oraindik, eta itzulpengintza eta terminologia lantzen hastea izan zen agerkariaren lehen asmoa. Martuteneko Itzultzaile Eskolak jarri zuen martxan, eta tartean izan ziren Elhuyar eta UZEI ere. Del Olmoren esanetan, euskarak emandako aurrerapausoen lekuko eta eragile izan da aldizkaria: «Egungo euskara ez litzateke gaur dena itzultzaileengatik, interpreteengatik eta zuzentzaileengatik izango ez balitz; ezinbestekoa izan da haien lana».

Izet Sarajlicen poema sorta euskaratu batek irekitzen du zenbaki berria. Ondoan, iaz hildako Xalbador Garmendia, Euxebe Portugal eta Maritxu Urreta itzultzaileei eskaini dieten In memoriam atala. Ezohikoa dena, elkarrizketa bi dakartza zenbakiak: Idoia Santamaria eta Maialen Berasategi Catalan itzultzaileei batera egindakoa bata, eta Ramon Etxezarretari egindakoa bestea.

Askotariko gaien inguruko artikuluak dira gainontzeko idatzi gehienak. Horien artean, Itziar Murgiondok narratiba lanen itzultzaileen azterketa bat egin du, genero ikuspegitik; Josu Zabaletak euskal itzulpengintzaren historia landu du; eta Xabier Olarrak eta Olatz Unanuek argitaletxeen inguruan idatzi dute. Interpretazioaz, ikusizko itzulpenaz eta itzultzaile automatikoez ere aritu dira dira, besteak beste. Del Olmo: «Kanpotik begiratuta, oso teknikoa eman dezake, baina, lanbidekoa izan ez arren, interesa duen jendeak beti aurkituko du zer ikasia». Ez da agerkari zientifiko bat; zuzendariaren hitzetan, «aldizkari erdi profesional-erdi amateurra» da, nahiz eta unibertsitatean ofizioari lotutako ikasketak sortzeak izan duen eraginik aldizkarian: «Nahasketa polita ari gara lortzen langileon gogoeta praktikoen eta ikertzaileek ekartzen dizkiguten azterketen artean». Juan Azpeitiak egin ditu irudiak, eta, orain arteko zenbaki guztiekin egin bezala, 50.a ere sarean jarri dute kontsultagai.

Urriaren 16an, ospakizuna

35 urteko ibilbidea eta 50 zenbakiak ospatzeko, ekitaldi berezi bat antolatu du EIZIEk, urriaren 16rako. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izango da, eta zuzeneko saioak, musika eta gai ugariren gaineko solasaldiak uztartuko dituzte. Anjel Lertxundi izango da «gonbidatu berezia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.