Bizi osorako markak utzi zizkien Auschwitzeko (Polonia) sarraski esparruak han preso izan zituztenei. Ikusezinak gehienak, agerikoak beste zenbait. Askotariko marka horietako bat azalean zeramaten denek, agerian: preso bakoitzari tatuatzen zioten identifikazio zenbakia. Lale Sakolov presoa beste guztiak tatuatzeko lanean jarri zuten naziek. Eta hala ezagutu zuen Gita. Bi judu eslovakiarren benetako istorioa du oinarri Heather Morris idazlearen Auschwitzeko tatuatzailea nobelak. Miel Anjel Elustondok euskaratu du liburua, eta Alberdania argitaletxeak plazaratu berri du.
Lale eta Gita dira liburuko protagonistak; Auschwitzetik bizirik irtetea lortu zuten. «Lalek tatuatu behar izan zituenen artean agertu zen Gita. Orduantxe ezagutu zuen Lalek Gita, orduantxe maitemindu omen zen harekin, eta orduantxe erabaki zuen infernu hartatik bizirik atera behar zutela biek», azaldu du Elustondok. Jorge Gimenez Bech editorearen esanetan, «handik bizirik atera eta gero, bizitza osoa eman zuten elkarrekin, lur hartatik urrun, Australian». Han ezagutu zuen Lale Heather Morrisek —Zeelanda Berrian jaioa da, baina Melbourneko (Australia) ospitale publiko batean egiten du lan—. 2003an, lagun batek «kontatzeko istorio hunkigarri bat izan zezakeen» agure hura aurkeztu zion, eta haren ahotik entzun zituen Morrisek bikotearen bizipenak. Horiekin eleberri bat idaztea erabaki zuen, baita arrakastaz idatzi ere, lehen liburua duena jada 44 herrialdetan argitaratu baitiote, eta bi milioitik gora irakurle izan baititu.
Liburua euskaratzeko enkargua jaso aurretik, Elustondosarraski esparru izandako tokia bisitatzen izan zen, duela lauurte. 42 kilometro koadro ditu, eta bi eremutan banatua dago—Auschwitz I eta Auschwitz II-Birkenau—; naziek 1940. eta 1945. urteen artean Polonian altxatu zuten handienetako bat izan zen. «Han, jakin dakigunez, menpean hartuta zeuzkaten herrietako milioika pertsona hil zituzten; 4 milioi judu zirela esaten da, baina badakigu gas ganbera eta errauts labe haietan ijitoak, intelektualak eta era guztietako presoak zeudela. Diotenez, historian izandako suntsipen izugarrienetako bat izan zen». Eta aitortu du hango irudiak ikustean oraindik ere «eztarrian korapiloa» egiten zaiola. «Auschwitz eta Birkenaura bisita egin duenak seinalea markatua darama. Gizakiak gizakiaren kontra erabili ahal duen ankerkeriaren aztarna mutu baina ez isil dira Auschwitz eta Birkenau. Niri beti etortzen zaizkit tren geltokia, trenbidea, errailak, sarrera nagusiko langa gaineko inskripzioa —Lanak libre egiten du—, adreilu gorrizko eraikinak, egurrezkoak, gas ganbera, errauts labeak... esparru oso-osoa. Eta, leku guztietan, txarrantxa». Leku hura ezagutu izanak, hunkitu ez ezik, lagundu ere egin zion liburua itzultzeko garaian.
Izan ere, nahiz eta film, dokumental, argazki edo irakurgaien bidez jende gehienak izan duen Auschwitzen berri, «gauza bat da hortik edatea eta beste bat han ibiltzea», Elustondoren ustez. «Han izatea besterik da; han izan ondoko minak, oinazeak, betiko irauten du. Eta han izan denak aiseago eta jakin-min handiagoz jotzen du hari buruzko lanetara, arreta handiagoz leitzen ditu Auschwitz eta Auschwitz izan gabe ere kontzentrazio esparruetako istorioak». Berari hala gertatu zitzaiola azaldu du. «Eta Auschwitz dioenak Auschwitz dio, baina dio Birkenau, dio Buchenwald, dio Mathausen, dio Treblinka, dio Majdanek, edo dio hemen bertan dugun Gurs, edo dio Gasteiztik bertara dugun Miranda Ebro, edo dio Espainian izan ziren 300 sarraski lekuak».
Liburuko istorioak «hasieratik harrapatu» zuen itzultzailea, are gehiago benetan gertatua zelako. Haren ustez, «dramatismo handiko nobela da, erritmo handiz kontatua». Laleren tatuatzaile lanek esparruan batera eta bestera joan-etorrian ibiltzera daramate, «eta horrek esparrua kontatzeko bidea» ematen dio Morrisi. «Rudolf Hesse aipatuko da, eta Mengele sendagilea, esperimentuak, sarraskiak, labeetako giza errautsa, usainak, esparruko agintarien eta soldadu alemaniarren jokabidea, preso hartutako kideen zortea...». Gitaren lagunek presentzia handia dute liburuan, eta horrek nobelan «beste leiho bat» irekitzen du, Elustondoren ustez.
Itzulpenari ekitean, eleberriak izan duen arrakastak kezka ere eragin zion. «Testua arrakasta horretara eraman duten ezaugarriei eutsi beharra zegoen: hizkera zuzena, baina aberatsa aldi berean; bizkorra, baina ez matizik gabekoa; zorrotza, baina goxoa ere bai tarteka...». Idazkera «eraginkorra» hitzarekin definitu du, eta horren bila aritu zen itzulpena egitean. Langintza horretan Xabier Olarrak eta Mitxel Muruak emandako laguntza eskertu du.
Holokaustoa literaturan
«XX. mendeko bigarren erdian eta XXI.aren lehen bosten honetan, uzta oparoa eman du Holokaustoak mendebaldeko literaturan, eta euskarazkoan ere bilatu du bere tokia», adierazi du Alberdaniako editoreak. Horren lekuko, gai horri lotuta argitaletxeak urteotan plazaratu dituen hainbat lan jarri ditu; tartean, Primo Leviren Hau gizon bat bada, Irene Nemirovskiren Suite frantsesa, eta John Boyneren Pijama marradunaz jantzitako mutikoa.
Gimenezek uste du Morrisen nobela «oso berezia» dela, hainbat arrazoi direla eta. Batetik, benetan gertatu zen istorio bat kontatzen duelako. Bestetik, «sekulako bizitasuna» duelako. «Lekukotza gisa indartsua, gihartsua da, baina literaturaren ikuspegitik ere oso ekarpen sendoa da». Balio horiei Morrisen idazkera gehitu die. «Oso idazkera eraginkorra duela esan genezake, baina elegantea ere bai aldi berean; fina eta neurrikoa. Kontatzen duenaren neurrikoa». Berau euskaratzeko «segurtasun osoko itzultzaile bat» behar zutela azaldu du, eta oso eskertuta agertu da Elustondok egindako lanagatik.
Marka uzten duten istorioak
Heather Morrisen 'Auschwitzeko tatuatzailea' plazaratu du Alberdaniak. Sarraski esparrutik bizirik ateratako bikote baten lekukotza du oinarri. Miel Anjel Elustondok itzuli du nobela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu