Obrarik ez duela bukatzen aitortu du Alicia Martin Lopezek, «abandonatu» egiten dituela. Leonardo Da Vinciri egotzi izan zaio artelana bukatzearen inguruko aipua, baina, topikoan erortzeko asmotik urrun, «behar» batetik uzten dio pieza batekin lan egiteari, beste batekin hasteko: «Abandonatu egiten ditut beste batekin lan egiteko; bestela,betirako egon ninteke lan berarekin bueltaka».
Plasencia hirian (Espainia) jaio zen Martin, 1982an. Geldi egoteko tarterik gabe, proiektu bat hurrenarekin harilkatzen osatu du ibilbidea: Filologia ingelesean lizentziatu zen aurrena, Diseinuan eta Komunikazioan ondoren, eta arte ikasketetan sakondu zuen gero. Badu loturarik arte sorkuntza bizitzeko duen moduarekin: formekin eta koloreekin lanean hasi, eta haiek eramandako bidetik jarraitu ohi du. Dark Matter (Materia iluna) erakusketa zabaldu berri du Donostiako Tabakalera zentroko Kutxa Kultur plazan, Katapulta plataformaren bitartez. Martinen pinturak ekainaren 23ra bitarte egongo dira ikusgai han.
Transformazioaren ideia lantzea da artistaren lanaren abiapuntua. «Entropiaren ideia, ordenaren bilaketa kaosean». Aurrez landutako diskurtso baten ordez, intuizioa du gidari Martinek, eta «materia eta forma organikoa» du bere «hizkuntza bisuala». Teknikak konbinatzen ditu, material bakoitzak eman diezaiokeen emaitza probatzeko, eta «inprobisazioa eta intuizioa» ditu lan tresna: «Prozesu intuitiboan interesarekin jarraitzen dut gertatzen ari dena. Lan handietan konplikatua izaten da, baina horiek dira inporta zaizkidan gauzak: istripua, pinturaren marka, sortzen diren formak... Prozesu horrek guztiak pizten dit lanarekiko interesa».
Denera, 29 lanek osatzen dute Dark Matter erakusketa, eta bi zatitan banatua dago, «espazioak behartuta», artistaren asmoak baino gehiago. Batean, boligrafo hutsarekin egindako bozetoak dira nagusi. Bestean, forma, material eta kolore ugari nahastuta sortutako pieza handiagoak daude. Gustuko du bozetoekin lanean hastea: «Askoz ere zintzoagoa da marrazkia, pretentsiorik gabekoa». Boligrafoarekin irudiak sortzen hasi, eta errepikatzen diren patroiak edo elementuak aztertzen ditu, ondoren horiek izan daitezkeelako lan handiagoetarako abiapuntu. «Akatsak egiten ditut, baina akatsarekin aurrera jarraitzera behartzen dut neure burua».
Erakusketaren erdialdean, Entropia izeneko seriea dago. Horiek dira figuratibotik gertuen dauden artelanak, aurpegiak edo bustoak antzeman daitezkeelako margolanetan. «Utzi egin nion neure buruari. Askotan, nahi izaten dut lana orbanetik egin, abstraktutik, eta zerbait ikusten hasten naizenean, atzera egiten dut. Hauetan, horrela uztea erabaki nuen».
Entropia-ren alboko artelanak dira handienak. «Beti bilatzen ditut testura eta bolumena, baina horiek eskultorikoagoak dira». Tabakaleran egindako egonaldi batean hasi zituen, lurrean lan egiteko espazio handien bila. «Buruhaustea izan ziren, pieza handiagoekin lan egitea nekezagoa izaten delako beti».
Ikusgai dauden lan batzuk eginak zituen aurretik, baina bere lanean «eboluzionatzeko» baliatu nahi izan ditu erakusketaren aitzakian propio egindako obrak. «Lan zurrunagoekin nentorren, karratuetan kapsulatuak, baina ikusten nuen interes handiena formak zuela». Abstrakzioaren bidetik, «testuingururik gabeko» formak karratuetatik askatu, eta «mugarik gabeko espazio batean» elkarrekin harremanetan jarri ditu. Lan egitea bera «eboluzio prozesua» da Martinentzat: «Saiatzen naiz neure burua zangotrabatzen; ez dakit nora eramango nauen lanak, baina pixka bat harago joaten naiz».
Fisikoan, digitala utzi gabe
Formatu fisikoan osatu ditu obrak, «usaintzen, ukitzen», baina digitalean hasi zen lanean, oso modu zehatzean; «istriputik», Photoshopeko kapen fusio moduek ematen dituzten erreakzioak ebaki, itsatsi, gainjarri eta margotzen. «Emaitzak asko gustatzen zitzaizkidan, eta analogikora eraman behar nituen: ukitu egin behar nuen egindakoa». Halere, digitalean garatu zuen estiloa, «hizkuntza propioa maniobra askatasunean». Analogikoan lanean hasi eta trabatuta geratzen denean, ordenagailura jotzen du: egindakoari argazkia atera, digitalera eraman, eta probak egiten ditu, «gehiegi ez arriskatzeko».
Zuri-beltzeko eta koloretako lanak elkarrekin daude erakusketan, eta biak nahastu ere egiten dira zenbait obratan. «Oso konplikatua da kolorea ulertzea, eta, are gehiago, funtziona dezan lortzea, oso erlatiboa delako», Martinen hitzetan. Digitalean ez bezala, analogikoan «asko baldintzatzen du lana, oso metodo konplexua delako». Halere, eroso sentitu da prozesuan, «arriskatu» egin duelako, eta «gustura» dago kolorea eta zuri-beltza konbinatzean egindako lanarekin; «asko transmititzen du».
Formen etengabeko jarioa eta mugimendua eraman ditu Martinek Dark Matter erakusketara, kolore nahasketa bortitzak eta marra fineko zuri-beltzezko irudi abstraktuak elkarren aldamenean jarrita. Horregatik materia iluna: «Ikusten ez den materia da, baina mugimendu grabitazional askoren eragilea. Gauza asko mantentzen ditu mugimenduan».
Etorri kaotikoaren formak
Forma, testura eta bolumenaren zerbitzura jarri du bere lana Alicia Martin Lopez artistak. 'Dark Matter' erakusketa zabalik dago Donostiako Tabakaleran, ekainaren 23ra bitarte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu