Getxokoa (Bizkaia) pasatuta, denboraldiko bigarren jazzaldia hasiko da gaur Gasteizen. Pandemiak baldintzatutako bi urteren ondoren, ohiko formatua berreskuratuko du Gasteizko 45. Jazzaldiak; izan ere, Mendizorrotzeko agertoki nagusira itzuliko da. Hartan arituko dira nazioarteko artistarik ospetsuenak: Eliane Elias pianista, Snarky Puppy taldea, Arturo Sandoval tronpetista, Robert Glasper pianista eta Kase.O rap abeslaria, besteak beste. Urtero legez, bere esentziari leial, «kontzertu handiak entzuteko ilusioarekin» antolatu dute jaialdia. Igandera bitarte, askotariko ikuskizunak izango dira hiriburuko hainbat tokitan.
Mendizorrotza eta Principal antzokia izango dira jaialdiaren gune nagusiak, baina doako kontzertuak ere izango dira Gasteizko muinoko Falerinako lorategian, Prado parkean eta hiriko kaleetan. Aurten, «jazzak etorkizun oparoa duela erakusteko konpromisoa» hartu du jaialdiko antolakuntzak: «Esperimentatzen duten musikariak, kontzertu bikainak ematen dituztenak eta jazza ulertzeko modu berri bat aldarrikatzen dutenak daude».
Nazioarteko izarren oholtza
Tradizioak hala aginduta, aurten ere Mendizorrotza izango da nazioarteko izarren oholtza, ibilbide profesional oparo eta luzea duten hainbat artista ariko baitira gune horretan. Eliane Elias pianista, konpositore eta abeslaria (Sao Paulo, Brasil, 1960) da horietako bat, eta hark abiatuko ditu bihar Mendizorrotzeko kontzertuak. Mirror mirror bere azken diskoa aurkeztuko du Gasteizen, Chucho Valdes eta Chick Corearekin grabatu zuena. 2022ko jazz latinoaren disko onenaren Grammy saria irabazi du lan horrekin. Joan den urtean hil zen Corea, Eliasen erreferenteetako bat, eta Gasteizko jazzaren zaleek gehien miresten zuten musikarietako bat. Beraz, hura omentzeko gaua ere izango da biharkoa. Horrez gain, gau berean, Giulia Valle (San Remo, Italia, 1972) konpositore, kontrabaxu jotzaile eta orkestra zuzendariak Giulia Valle Ensemble azken lana aurkeztuko du.
Artista esperimentalen txanda izango da ostegunean: Yazz Ahmed (Londres, Erresuma Batua, 1983) tronpeta jotzailearena eta Snarky Puppy Texasko taldearena (AEB). Ahmed tronpeta jotzaile britainiar-bahraindarrak, bere interpretazio goraipatuaz gain, jazzeko emakumeekin eta arabiarrekin sozialki konprometitutako konposizioak aurkeztuko ditu. Snarky Puppy, berriz, Michael League baxu jotzaileak txandakatzen ari diren 25 musikarirekin batera zuzentzen duen talde instrumentala da. Hainbat jazz mota, rocka eta funka uztartzen ditu, eta hiru Grammy sari irabazi ditu.
Ostiralean, Arturo Sandoval (Artemisa, Kuba, 1949) tronpeta jotzailearen doinuek dantzaraziko dituzte Mendizorrotzera doazenak. Jazzeko tronpeta jotzailerik ospetsuenetako bat da Sandoval. Besteak beste, Irakere taldea sortu zuen, Kubako jazz talderik garrantzitsuena zale askorentzat, Paquito D'Rivera saxofoi jotzailearekin eta Chucho Valdes pianistarekin batera. Sandovalek emango duen kontzertuaren aurretik, ordea, Europako jazz panoraman proiekzio handia duen musikari bat izango da: Xavi Torres (Tarragona, Herrialde Katalanak, 1991). Gaztea izan arren, ibilbide oparoa egin du: Amsterdamen ikasi zuen, eta, Europako musikariekin kolaboratzeaz gain, musika klasikoko ikasketak eta jazz masterra ere egin zituen.
Artista gazteei leiho bat ireki nahi izan diete antolatzaileek larunbatean ere. Robert Glasper (Texas, Ameriketako Estatu Batuak, 1978) piano jotzaile eta ekoizleak Black Radio seriearen hirugarren atala aurkeztuko du. Haren ondoren, Theon Cross gaztea (Londres, Erresuma Batua, 1993) ariko da. Izaera berritzailearekin, baina tuba brass band-en doinuak berreskuratu ditu gazte britaniarrak.
Jazza, eta gehiago
Ohi bezala, hainbat musika genero batzen dituzten taldeak ekartzen saiatzen dira jaialdiko antolatzaileak. Eta horren adibide garbia da igandeko kontzertu bakarra: Kase.O Jazz Magnetism. 2009an, Violadores del Verso banandu ondoren, Javier Ibarra Kase.O-k (Aragoi, Espainia, 1980) Jazz Magnetism sortu zuen Bartzelonako jazz eszenako musikaririk ezagunenetako batzuekin batera. Eten luze baten ondoren, rap-jazz taldeari berriz ekitea eta bira bat egitea erabaki zuen Ibarrak.
Jaialdiko antolatzaileak ez dira ahaztu etxeko artista gazteez, hala ere. EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak abiatuko du jazz jaialdia, gaur gauean, Principal antzokian. 30 gaztek osatutako talde berritzailea da EIJO, euskal musika tradizionala jazzarekin nahasten duena. Horrelako taldeetan ezohikoak diren musika tresnak erabiltzen dituzte.
Gasteizko kaleetan ariko dira, berriz, Jazzteiz elkarteko kideak. Pandemia garaian sortu zuten elkartea, hiriko musikarien emanaldiak kalera ateratzeko helburuarekin. Baina, orain, egoera lehengoratuta, elkarlanean ariko dira jazzaldiarekin. Haiekin batera ariko dira, besteak beste, Aldakan, Apodaka, North Coast Quintet, Itzi Canta a Bessie, eta Iruña Brass Band.
Musikaz gain, bestelako proposamenak ere izango dira datozen asteetan. Javier de la Torre artistak, esaterako, erakusketa bat jarriko du Vital fundazioan. Mosaikoak ardatz dituzten artelanak ipiniko ditu, eta hilabete osoan izango da haiek ikusteko aukera.
Azkenik, Euskadiko Filmategiaren Jazzinema zikloa ere izango da aurtengo jaialdian. Artium museoan egingo dituzte proiekzioak: jazz musikari lotutako filmak emango dituzte uztaileko ostegun guztietan, 19:00etan.
Jazza ardatz, estilo askotako artistak batuko dira Gasteizen
Gaur hasi eta igandera arte, nazioarteko jazzaren izen handiak ariko dira Gasteizko 45. Jazzaldian. Bi urteren ondoren, Mendizorrotzeko agertokia berreskuratuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu