Taldekideen bilakaera progresiboaren isla

Skakeitanek 'Nola galdu denbora' diskoa argitaratu du, taldearen laugarrena. Hainbat ekoizlerekin egin dute lan, eta Tremenda Jauriak hartu du parte abesti batean. Bira bat ere hasiko dute

Paulo Ostolaza.
Donostia
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Musika taldeei hainbat buruhauste sortzen dizkiete estilo aldaketek; ezinbestekoak izaten dira berrikuntzak, baina esentziari eusteak ere badu garrantzia. Konplexuak atzean utzi eta Nola galdu denbora (Mauka) diskoa Skakeitan taldeko kideentzat zer den definituz hasi zuen Julen Idigoras baxu jotzaileak estudioko laugarren lanaren aurkezpena, atzo: «Gaur egungo gure argazkirik fidelena da». Azaldu zuenez, ez dute jakin euren burua etiketatzen: «Guk estilo bat topatu baino gehiago, estiloak topatu gaitu gu». Dagoeneko sarean dira Donostiako zortzikotearen bi aurkezpen abestiak eta bideoklipak, eta lehen kontzertua Durangoko Azokako Ahotsenean emango dute, abenduaren 7an. Bira bat hasiko dutela ere iragarri dute.

Peio Armendariz abeslariak, Borja Anton gitarristak eta Julen Idigoras baxu jotzaileak konposatu dute diskoa, eta «presiorik eta kanpoko estimulurik gabe» egin dituzte kantak: «Ez dugu kontuan izan gure zaleei zer gustatzen zaien eta zer ez». Duela hamaika urte taldeak egiten zuen ska erritmo alaietatik urrun dagoen zerbait da emaitza. Hainbat norabide jorratu dituzte ska talde izandakoek azken urteetan; nagusiki, musika elektronikoarekin lotutakoak. «Mundu guztia musika elektronikoa aurkitzen ari dela dirudi», esan zuen Idigorasek. Skakeitanek ere bide hori hartuko zuela zirudien 2017. urteko Galera Beats nahasketen diskoaren ostean, baina atzo azaldu zuten moduan, Nola galdu denbora «ez da disko elektroniko bat inondik inora». Bateria, baxua eta gitarra dira protagonistak. Eta haizeak? Mota horretako aldaketetan moldatzeko lanik zailena eurek izaten dute, eta lehen zuten rolarekin alderatuta «beste ikuspuntu bat eman die» taldeak. Peio Armendarizen ahotsak jarraitzen du Skakeitanen ezaugarri bereizgarria izaten.

Haritz Harregi taldearen ohiko teknikariarekin grabatu dute diskoa, baina «taldekideen testuingurutik kanpoko» eraginen bila jardun dute: «Mezu elektronikoak bidaltzen hasi ginen». Hala, Harregirekin ez ezik, hiru ekoizlerekin ere egin du lan Skakeitanek diskoan. Lehenengoa Ruben Caballero izan da, eta hark sintetizadoreen lanarekin lagundu die nagusiki, «soinu garaikideago bat lortzeko». Atzerrira ere jo dute: «Aspalditik gustuko genuen Eliot James ekoizlea topatu genuen Londresen». Jamesek ekoitzi zituen nazioartean ospetsuak diren Two Door Cinema Club eta Bloc Party taldeen lehen diskoak, indie rock estilokoak. Badu haien aire bat Skakeitanen azken lanak, eta konposizio guztia eurek egin duten arren, taldekideek onartu dute «badagoela harreman bat» eurengan eragin duten musikarien eta Jamesen artean. Ekoizlearen emaztea bilbotarra izateak erraztu zuen harremana, eta Jamesek Euskal Herriko errealitatearen berri izateak ere bai. Londresen bertan nahastu zuten diskoa, eta, hala, Skakeitanek bete du bere helburua: «Beste modu batera pentsatzen duen norbait aurkitu dugu, gure testuingurutik kanpo». Ezpainetan odola diskoko lehen singlea, berriz, Bartzelonako Santos Berrocalek ekoitzi du. Besteak beste, Love of Lesbian taldearen ekoizlea da.

Gaur egungo joerekin bat, laburra da diskoa —zazpi kantu ditu—: «Guk ere horrela kontsumitzen dugu musika, modu oso efimeroan». Me voy kantuan txertatu dute diskoko kolaborazio bakarra, Tremenda Jauria talde madrildarrarena. Azaldu zutenez, aspalditik dute harremana taldekideekin, eta batera lan egitea «oso erraza» izan da.

Bideoklipak eta irudia

Diskoarekin batera, azala eta taldearen estetika berria aurkeztu zituen Skakeitanek. Markel Idigorasen lana dira biak, taldeko baxu jotzailearen anaiarenak, eta Armendarizen erretratu bat egin du azalerako. Julen Idigorasek eskerrak eman nahi izan dizkio anaiari: «Sarri, gertu izaten ditugu konponbiderik onenak». Bideoklipen eta argazkien arduraduna, berriz, Bermeoko (Bizkaia) Arriguri ekoiztetxea izan da; analogikoan egiten du lan etxe horrek, eta hala dago grabatuta Ezpainetan odola aurkezpen kantuaren bideoklipa. Horri lotuta, «aldarrikapen txiki bat» egin nahi izan zuen baxu joleak: «Bideoak sekulako garrantzia du, baina ez dut uste kontziente garenik duen lanaz eta balio ekonomikoaz». Horregatik, Bi minutu (denbora galdu gabe) abestiaren bideoklipa taldekideek beraiek grabatu eta ekoitzi dute. «Euskal Herriko musikaren panoramak ez du gehiagorako ematen», gehitu zuen.

Zuzenekoei ekitea da hurrengo erronka. Asier Iriondo bateria jolearen hitzetan, «izugarrizko gogoa» dute, eta «laster» hasiko dute bira bat: «Egindako lan guztia zuzenekoan islatzeko moldatzen gabiltza orain».

11 urteko ibilbidean Skakeitanen estudioko laugarren lana da Nola galdu denbora. Maketa baten ostean, 2012an heldu zen Ahots gabekoen ahotsa lan luzea, 2014an Orekariak eta 2016an Galera. Taldeak hainbat jaialdi garrantzitsutan jo du, tour bat ere egin du Japonian, eta datorren urterako ere itxi dituzte hainbat kontzertu Espainian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.