Lur azpiko galdera markak

Bosgarren urtez, Aranzadik eta Londresko Arkitektura Museoak indusketa arkeologikoa egin dute Zalduako eremuan, eta erromatar gune baten aztarna gehiago azaleratu dituzte

Topatutako fitxak eta dadoa. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Auritz
2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Zalduako zelaiak badu zerbait zirraragarria. Ekialdera basoa eta Altzubi erreka, mendebaldera Orreagarantz doan errepidea, mendebalderago Aurizberri, etaipar-mendebaldera Auritz. Satorzulo, zuhaixka eta larre artean, nekez imajina daiteke ingurune berde horrek lur azpian altxor arkeologiko bat gordetzen duela. Gutxienez 400 urtez erromatar hirigune bat izan zen han, eta haren aztarnak lur azpian daude gordeta. 2012tik, Aranzadi zientzia elkarteak aztarnategi horrek ezkutatzen dituen misterioak azaleratu nahi ditu, baina, gehiago ikertu ahala, galdera berriak sortzen dira.

Erantzun gabeko lehen galdera da erromatar gune hura egiazki Iturissa ote den. «Iturri klasikoek aipatzen dute Pompaelo [Iruñea] eta Ibañetako mendatearen artean bazirela bi hirigune: Summus Pyrenaeus eta Iturissa», azaldu du Juantxo Agirre Mauleon Aranzadiko ikerlari eta indusketako zuzendariak. Aranzadiren hipotesia da Zalduako gunea Iturissa dela. Urtero egiten duten indusketak Aurizko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza jasotzen du, eta programa horrek ere Iturissa izena du.

Iturissari buruz, zuhur

Hala ere, oraindik ez dute hori egiaztatzerik lortu, eta, horregatik, zuhur jokatu nahi du Oihane Mendizabal Aranzadiko ikerlariak: «Aztarna arkeologikoen artean ez dugu froga idatzirik topatu, eta horregatik ezin dugu berretsi iturri idatziek aipatzen duten Iturissa izeneko gunea ote den. Ziurrenik izango dela? Baliteke, baina, izen horri erreferentzia egingo dion frogarik agertu arte, ezin dugu guztiz baieztatu».

Eta hori da zientziaren oinarria. Duela sei urte, urrats erabakigarria egin zuen Aranzadik. 80ko hamarkadatik egon dira susmoak Zalduan erromatar gune bat egon zitekeela. Hala ere, zalantzak zeuden hain negu gorriak dituen leku batean halako gune bat egon zitekeen. 2011n, hiru miliarri topatu zituzten —erromatar garaian miliak adierazteko bide seinaleak—, eta adierazten zuen erromatarren garaian ere galtzada garrantzitsu bat bazela, egungo Done Jakue bidearen aitzindaria.

Aurkikuntza hark eta Zalduan aurkitutako txanpon batzuek Juan Martinez Txoperena Aranzadiko ikerlaria eraman zuten ondorioztatzera han azpian zela erromatar gunea, eta 2012an egindako lehen indusketak hipotesia baieztatu zuen. Txoperenak egindako ekarpena aitortu du Agirrek: «Haren urratsei jarraituz sortu da lantalde handi hau».

2014tik, Aranzadiko eta MOLA Londresko Arkeologia Museoko ikerlariek indusketa arkeologikoazabaldu eta sakondu dute, urtetik urtera. Gutxienez, lehen mendetik IV. mendera arte iraun zuen erromatar guneak, eta, bitarte luze horretan, 4,5 hektareako azalera ere izan zuen. Egungo Aurizberri edo Auritzen antzera, galtzadaren inguruan antolatu zen. Aurreko urteetan, galtzadaren eta harrizko eraikin baten arrastoak azaleratu zituzten.

Eraikin horri garrantzi berezia eman diote ikerlariek. Harrizko egitura zuen, eta, gainerako etxeen aldean, kalitatezko material arkitektoniko bereziak zituen. Indusketetan, Italiako penintsulatik eta Tarragona ingurutik ekarritako marmol zatiak topatu dituzte, eta marmolezko harlauza zati batek horma bati atxikita jarraitzen du egun.

Julian Hill MOLAko ikerlaria aditua da erromatar garaiko Londresko indusketetan, eta bi eremuak alderatu ditu: «Aldeak alde, Londinium eta Iturissa erromatar inperioaren ertzetan daude. Horregatik, Londresko esperientzia baliaturik, Iturissari buruzko hainbat ondorio atera daitezke. Bietan, eraikin gehienak zurez eginda daude, eta, horregatik, harriz eraikitako egitura esanguratsuak topatzen ditugunean, esan nahi du gainerako etxeek baino balio handiagoa dutela», azaldu du. Hillen arabera, ezin da oraindik jakin zertarako erabiltzen zuten, baina herriaren erdian izateak aditzera eman dezake eraikin administratibo bat zela.

Ikerketak bere konplexutasuna du, ordea. Izan ere, kalkulatu dutenez, eraikin horrek 300 urte inguruz funtzionatu zuen, eta epe luze horretan hainbat aldiz moldatu eta zabaldu zen. «Erromatarrek etorkizunean eraikina nola berrerabili pentsatzen zuten, eta gela berriak nola atxiki planifikatu», azaldu du Claudia Tommasino MOLAko ikerlariak. Hala, iazko bidetik, eraikin horren azaleraren gaineko indusketa zabaldu dute aurten, baina oraindik ez dute osorik azaleratu.

Datozen urteetan gehiago hedatuko dira horizontalki. Eraikin horren inguruko beste erronka haren sakontasuna ikertzea da. Izan ere, estratigrafiek erakusten dutenez, bi metro eta erdiko geruzak pilatzen dira azpian, eta, beherantz sakondu ahala, lehen urteetako egituraren aztarna gehiago ager daitezke. Hor nonbait egon daiteke erantzun nagusia ere: zertarako erabili zuten.

Bihar, jardunaldi irekiak

Aurten, aztarnen artean material bitxiak agertu dira. Eraikuntzako ohiko materialez —iltzeak, harlauza eta adreilu zatiak— eta eguneroko materialez gain —zeramikak—, agertu dira bestelako objektuak ere: besteak beste, jolasteko fitxak eta dado bat; leiho batekoa izan daitekeen beira zati bat; edalontzi baten elementu dekoratiboa izan daitekeen beira zati kiribildu bat; hainbat argizulo...

Xehetasun gehiago jakin nahi duenak bihar du aukera ona Auritzera joateko, 11:00etan. Aranzadik eta MOLAk jardunaldi irekiak antolatu dituzte, eta ikerlariek euren azalpenak emango dituzte, bertatik bertara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.