Askatasunaren aldeko langilea

'Jacob, gaueko langilea' komikiak Alexandre Marius Jacob anarkista ilegalista frantziarraren bizitza jasotzen du. Bego Montoriok itzuli du, eta Txalapartak argitaratu

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Alexandre Marius Jacoben bizitza abentura liburu baten gisakoa izan zen. Anarkista ilegalistak hankaz gora jarri zuen Frantzia, hamaika desjabetze eginda, aberatsei lapurtutakoa beharra zutenen artean banatzeko. Umore bizikoa zen, eta, uste denez, Maurice Leblanc inspiratu zuen Arsene Lupin pertsonaia sortzeko. Baina, Lupinek ez bezala, Jacobek anarkismoaren mesederako erabili zituen bere trebetasuna eta ausardia. Alexis Nolent Matz gidoigileak eta Leonard Chemineau ilustratzaileak komiki batean jaso zuten Jacoben bizitza. Iaz, Bego Montorio Uribarrenek euskarara eta gaztelaniara itzuli zuen lana, eta Txalapartarekin argitaratu, Jacob, gaueko langilea izenburupean.

«Hitz gutxitan esanda, gizon libre bat izan zen». Hala definitu du Montoriok komikiaren protagonista. «Askatasunaren alde eman zituen pauso guztiak, txikitatik: anarkista militantea izan zen, eta hori eraman zuen praktikara, baina bere sinesmenekiko zintzoa izan zen, eta beti egon zen bere pentsamenduari atxikia».

Jacob Marseillan jaio zen, 1879an. Garai hartako langile anarkisten giroan hazi zen, eta gaztetatik justizia burgesari aurre egiten hasi zitzaion. 13 urterekin marinel sartu zen, eta munduan zehar ibili; esperientzia ez zen ona izan, baina ikasbide izan zuen ikusitako miseria. Autore anarkistak ezagutzen eta garai hartako eztabaidetan sartzen hasi zen orduan. Injustizia eta hipokrisia jasangaitzak bihurtu zitzaizkion, eta desjabetzeak antolatzeari ekin zion.

Beste kide batzuekin batera, «lapurreta zientifikoko» sare garrantzitsu bat jarri zuen martxan. «Lapurtzen zuen, baina sekula ez zen aberastu: parte bat banatu egiten zuen beti, behar zutenen artean», nabarmendu du itzultzaileak.

Montoriok komikia itzultzeko proposamena jaso ondoren ezagutu zuen Jacob. Baina, ziurtatu duenez, zenbat eta gehiago murgildu haren bizitzan, orduan eta gauza interesgarri gehiago topatu ditu. Jacoben umorea da horietako bat: «Lapurretak egiten zituenean, beti uzten zituen ohartxoak, eta, horietan, umore zoragarria zuela ikusten da».

1905ean epaitu zuten Jacob, eta haren aurkako epaiketak ikusmina sortu zuen, inork ezin baitzuen sinetsi gazte hark halako lapurreta sarea antolatu ahal izan zuenik, eta 150 kolpe baino gehiago egin. Epaiketan, testu luze bat irakurri zuen, bere burua erruduntzat joz. Egindakoaz harro zegoen militante anarkista baten aldarrikapen politiko gisa har daiteke testu hori.

Honen gisako esaldiak esan zituen: «Lapurreta aukeratu izana ez zen izan irabaziei lotutako kontu bat, baizik eta printzipioei lotutako kontu bat, eskubide kontu bat. Nahiago izan nuen nire askatasuna gorde; nire independentzia, nire giza duintasuna, nagusi baten fortunaren artisau izatea baino. Hitz gordinagoekin eta eufemismorik gabe, nahiago izan nuen lapurreta egin lapurtua izan baino».

Uharte bakartu batean bortxazko lanak egitera zigortu zuten, bizitza osorako. Hogei urte igaro zituen Deabruaren Uhartean, baldintza gogorretan. Hemezortzi aldiz saiatu zen ihes egiten, alferrik. Ordea, haren amak eta kideek egindako kanpaina eta eskariei esker, lortu zuten zigorra murriztea eta Frantziara eramatea. Zigorra hango espetxeetan bete zuen zenbait urtez, 1927an aske gelditu arte. Bizitzaren azken garaian berriz ezkondu zen, herri txiki batean bizi izan zen, eta oihal saltzaile ibili zen.

Beti libre bizi izan zenez, bere bizitzaren amaiera ere libreki erabaki zuen. Zahartzaroa heltzen zitzaiola ikusirik, bere buruaz beste egitea erabaki zuen. 1954an izan zen. Montorioren ustez, pertsona berezia zela erakutsi zuen bizitzaren azken uneetan ere: «Bere buruaz beste egin aurretik, oturuntza bat prestatu zuen herriko umeentzat, ez ziolako estatuari ezer utzi nahi». Hil aurretik gutun bat idatzi zuen, eta hor ere umore bizia erakutsi zuela nabarmendu du Montoriok: «Sekulako umorearekin, zera esaten du: 'Zapatuan egingo dut neure buruaz beste, ez sortzeko nahasmen handirik auzokoei, nitaz arduratu daitezen; eta abisatu hilkutxa egiterakoan oin aldea zabal samar egiteko, juanikoteak ditudalako...'. Zoragarria da. Bizitza ikaragarri maite zuen, baina askatasunez, libre». Komikian osorik irakur daiteke idatzia.

Jacobek aztarna utzi zuen, eta gaur egun ere interesa pizten du. Egungo erreferentziarik ezagunena Netflix plataformaren Lupin telesaila izango da agian: iaz eman zuten, eta Arsene Lupin du protagonista. Hala ere, Montorioren ustez, Jacoben eta pertsonaia horren arteko loturak azalekoak dira, Leblancek, Lupin sortzean, ez baitzion Jacoben muinari erreparatu: «Bata burgesa da, eta bestea militante libertarioa».

Horregatik, haren eraginaren beste bi adibide jarri ditu: «Parisen bada Les Travailleurs De La Nuit [Gaueko langileak] izeneko punk talde bat, jarrera libertarioa duena; 2002. eta 2006. urteen artean egon zen bizirik taldea, eta 2020an beste disko bat argitaratu zuten. Eta bada sorkuntza libertarioko blog bat ere, bere izena duena: Alexandre Jacob, l'honnête cambrioleur [Alexandre Jacob, lapur zintzoa]».

Urtubiarentzat erreferente

Ez da Txalapartak Jacobi eskainitako lan bat argitaratzen duen lehen aldia. 2015ean, haren biografia eman zuen, Jacob. Recuerdos de un rebelde (Jacob. Errebelde baten oroitzapenak), Bernard Thomasek idatzia. Halaber, agerikoa da Jacoben historiak Lucio Urtubia nafarrarenarekin duen antza, eta, preseski, Txalapartak jakinarazi duenez, Urtubiak beti izaten zituen Thomasen liburuaren ale batzuk bere bulegoko mahaian, norbait joaten zitzaion bakoitzean bat oparitzeko. Orain, argitaletxeak egin nahi du Urtubiak egiten zuen lana, eta ezagutarazi nor izan zen Jacob, gaueko langilea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.