Buruilaren 22an hasiko da taldekako Xilaba txapelketa, Ozazen (Zuberoa). Urriaren 20ra arte ligaxken saioak iraganen dira Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherean barna. Finalerdiak urriaren 28an eta azaroaren 4an iraganen dira Muskildin (Zuberoa) eta Azkainen (Lapurdi), hurrenez hurren. Azaroaren 18an iraganen da finala, Aiherran (Nafarroa Beherea). Maindi Murua Bertsularien Lagunak elkarteko sustapen taldeko kideak oroitarazi du 2018an hasi zen lehen taldekako Xilabari segituz egin dela aurtengoa.
Muruak azaldu du «epaiketa teknikotik harago» joatea dela helburua, baita «txapelketaren eremua zabaltzea» ere. Aspaldian aditu ez diren bertsolariei, bertsolari gazteei eta arituei lekua emateko parada da taldekako Xilaba, Muruaren hitzetan. Bertsolariek ukanen dituzten ariketak, berriz, «formaltasunetik zein jokotik» ere edanen dutela zehaztu du Muruak. Zortziko handia edo hamarreko ttipitik harat, hastapeneko agurrak taldeka eginen dituzte, nolabait kantuari lekua eginez.
Bertsolariak eta bertsozaleak aukera izanen dute saioetako ariketez gozatzeko, kopla, kantua eta joko franko aurkituko dituztelako larrazkeneko txapelketan. Ariketa desberdinen txertatzeak txapelketari «umorea, freskotasuna eta giro goxoa» ekarriko diotela ziurtatu du Muruak. Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherean antolatuko dira saio guztiak. Ondorioz, Ipar Euskal Herriko txoko guztietara ailegatzea izanen da helburu nagusia publiko anitzari eskainiriko txapelketan.
Taldekako Xilabaren berezitasuna da talde bakoitzak saio bat antolatzeko ardura hartzen duela. Horrez gain, talde bakoitzakbertze multzo bateko saio batean gaiak eman beharko ditu, eta epaile lanak ere eginen ditu. Saio bakoitzean, aldi oro, beste multzoetako bi kide eta publikoko bertsozale bat epaile izanen dira. Muruak zehaztu duenez, «saioaren antolatzaile izan daitezke kide guztiak». Ondorioz, talde bakoitzean bertsolariez zein gai emailez osaturiko profilak aurki daitezke, txapelketari bakoitzak bere ekarpena egin bitartean.
Alabaina, «txapelketa lehia ere badelako», finalerdietan eta finalean Bertsularien Lagunak elkarteko gai emaile eta epaile taldeetako kideek beteko dituzte rol horiek, Ortzi Idoate sustapen arduradunaren erranetan.
Emazte gehiago
Bestalde, nahiz eta 2018ko taldekako Xilaban 11 talde eta 44 bertsolari izan, emazte gehiagok eman dute izena aurten, hamaseik hain zuzen ere —2019ko txapelketan hamabi izan ziren—. Idoatek azpimarratu du bertsolari gazte frankok parte hartuko dutelaaurtengo txapelketan, belaunaldi arteko egitasmoa osatuz.
Amaia Karrere marrazkilari baionarrak egin du aurtengo txapelketako afixa zein liburuxkako diseinua. «Besta, laguntasuna eta, aldi berean, seriotasuna» irudikatu nahi izan ditu bere aurkezpen diseinu koloretsuan. Alde batetik, pertsonaia «sinple» batzuk uztartu ditu euskal kulturako sinbolo batzuekin: «Euskal Herrian zuhaitzak garrantzi handia duenez maila sinbolikoan, erabaki dut diseinuan txertatzea». Horrez gain, Idoateren erranetan, Karrererekin konpromisoa hartu dute heldu diren taldekako txapelketetan haren iruditeria erabiliko dutelako.
Herrietako ostatuekin, gaztetxeekin eta eragile anitzekin batera antolatu dituzte, kasik, saio guztiak. Azkenean, Muruak aipatu bezala, giro ona eta laguntasuna sustatzeko xedez bultzatzen dituzte «bakarkako txapelketatik at egiten diren saio informalak». Horretaz gain, Bertsularien Lagunak elkarteak behin eta berriz eskertu ditu lekuko eragile, elkarte eta herriko etxeak, taldekako Xilaba egiten duen pertsona oro ere, eragilerik gabe txapelketa hau antolatzen zailagoa izanen zelako, Idoateren hitzetan.
Hastear dago taldekako Xilaba
Buruilaren 22tik azaroaren 18rat eginen da txapelketa. 38 parte hartzaile dira, bederatzi taldetan eta hiru multzotan banaturik. 2018an hasi zen egitasmoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu