Antzezle denen nahia da: lanerako eta erakusteko leku bat izatea. Bestela, ez zara kontrata daitekeen materia besterik. Oinarrizkoa da publikoarekin harreman zuzena izatea, bitartekaririk gabe»: hori izan zen, hain zuzen, Bilboko Pabiloi 6 antzokiaren ernamuina, Ramon Barea aktore eta sortzaileetako baten hitzetan. Helburu komun bat zegoen oinarrian, baina kostata mamitu zen, asko eszeptiko agertu baitziren proiektuaren bideragarritasunari zegokionez. Gaur egun egitasmoa «egonkortuta» dagoela dio Bareak. Antzokiak hamar urte beteko ditu bihar, eta asteon hasiko dute, halaber, aurtengo denboraldia, Pabiloi 6k eta Gazte Konpainiak ekoitzitako obra banarekin.
2011ko abuztuaren 19an inauguratu zen Pabiloi 6, Zorrotzaurreko industria pabiloi batean; baina egon zitekeen Bilbo Zaharrean, edota Irala auzoan. Izan ere, hainbat aukera izan zituzten eskura gunea abiatzeko, baina, hainbat arrazoi zirela medio, ezin izan zuten proiektua horietan gauzatu. Antzokia ireki baino hiru urte lehenago, 2007-2008 inguruan, Bilbo Zaharrean egiten saiatu ziren. Udalaren eskutik, proiektuaren bideragarritasuna aztertu zen, baina, tokia ia esleituta zutenean, bertan behera uztea erabaki zuten Bareak eta Irene Bau aktore eta sortzaileetako beste batek, artean proiektua aurrera ateratzeko ekinean zebiltzanak: «Hainbeste segurtasun neurrirekin, gunea, jatorriz oso txikia zena, ezerezean geratuko zen».
Iralako eraikin industrial zahar bat jo zuten begiz handik gutxira, zezen plazatik hurbil. Auzokideen elkartearen babesa lortu zuen egitasmoak, baina, udalari eta eraikinaren jabeari kontsulta egin ziotenean, proiektua gelditu behar izan zuten bigarrenez, pabiloiak botatzear zeudela adierazi baitzieten. «Oraindik zutik daude. Sinistu egin genien».
Garai industrialak utzitako arrastoetara jo zuten berriro ere. Eusko Jaurlaritzak abiatu berri zuen Sormen Lantegiak egitasmoa, eta, besteak beste, industria gune zaharrak berriztatzen ari ziren, beste helburu batzuetarako erabilgarriak izan zitezen. Zorrotzaurren gune «handi eta higatu» bat ikusi, eta berenganatu egin zuten Bareak eta Bauk. «Hiriak momentu horretan eskaintzen ziguna aukeratu genuen».
Hasierako bi ekintzaileak hamahiru izan ziren berehala, bazkide sustatzaileak; geroago, 150-200 bazkide izatera heldu ziren, eta horiek besaulki bat erosi zuten Pabiloi 6n 150 euroren truke. «Irudimenezko butaka bat, artean ez baitzegoen ezer gunean». Bultzada ez ezik, proiektua «berezi» egiten duen hori ere badela dio Bareak: «Horrek egiten du desberdin: ogibideko nahiko jende aglutinatzen duela». Halaber, antzerkigintzan zentratzeak ere ekarpena egin dio bereziaren irudiari. «Ez da gune kultural ireki bat edo kulturaren etxe bat; gune bat da, non argi erabaki baitzen antzerkia ekoitzi eta erakutsiko dela».
Aitzitik, oinarriak aratzak izanagatik ere, lausoa zen antzokiaren etorkizuna. «Hasierako ahotsek zioten: 'Ez da bideragarria, ez dago merkatu nitxorik, badago nahiko antzoki Bilbon...'. Zorionez, ikusle kopuruen datuak adierazle objektiboak dira; dagoeneko ez dira soilik irrikak».
Hamar urte mugarriz lepo
Aktoreak dioenez, hasieran erabaki zuten antzokiak ahalik eta ekoizpen gehien hartuko zituela, aparteko mugarik gabe. «Baldintzez galdetzen zigutenean, broma batekin erantzuten genuen: '35 metro luze, 12 metro zabal eta beste 12 metro garai; hortik aurrera, ez dakigu zer gertatuko den'». Sarreren araberako ordainsaria jasoko zela ezarri zuten, eta horrek ere kontrako iritziak izan zituen; talde askok erreparoak izan zituzten bertan aritzeko, eta, hortaz, ezin izan zuten bete denentzako etxea izateko asmoa.
Lehenengo urtearen bukaeran jabetu ziren «gauza arraro bat» egiten ari zirela, Barearen hitzetan: «Udala edota administrazioa ordezkatzen ari ginen, hiriko antzerkigintzari lekua ematen eta hura mugitzen ari ginelako: aktoreek, zuzendariek eta dantzariek gauzak muntatzen eta desmuntatzen egiten genuen lan, inguruan genituen konpainia batzuek antzeztu ahal izan zezaten». Bigarren urtean erabaki zuten haiek ere obrak ekoizten hasiko zirela.
2015ean Gazte Konpainia sortu zuten, antzerki eskoletatik datozen artistentzako tokia. Sei antzezlan egin dituzte dagoeneko, eta egoitza propioa ere lortu dute, Pabiloi 6ren aldamenean dauden Garabia pabiloietako bat. «Konpainian egon den jende gehiena proiektu profesional egonkorretan dago egun: merkatuan daude, gure ogibideak duen irregulartasun handi horren barruan bada ere».
Pabiloi 6k ekoitzitako ikuskizunetako zenbait bereziki «mugarriak» iruditzen zaizkio: kabaretak, «dudarik gabe». Cabaret chihuahua-k eta Chichinabo cabaret-ek 200 bat funtzio egin dituztela dio. Antzerki Arineko jardunaldiak ere aipagarriak begitantzen zaizkio: zortzi alditan antolatu dute jaialdia. Euskarazko antzezlan motzentzako sari bat ere izaten dute, 3.000 eurokoa, Bizkaiko Foru Aldundiak babestua: Kriseilu saria. Izen bereko taldearen omenez izendatu zuten horrela: frankismoaren azkenetan, «Kriseiluk euskarazko antzerkia bizirik mantendu zuen Bizkaian. Garai hartako Europako antzezlan abangoardistak itzuli eta egokitu zituzten Gabriel Arestik eta bestek».
Batasun publiko-pribatua
Duela bi urte, Pabiloi 6ren gunea Bilboko Udalak bereganatu zuen, eta erabaki zuen oinarrizko hobekuntza lan batzuk abiatzea antzokian eta Gazte Konpainiaren egoitzan. «Hori bai iruditzen zaidala mugarri bat», esan du Bareak, «ezohikoa baita egitasmo pribatu batek babes publikoa izatea». Urrian hasiko dituzte obrak, baina, bitartean, denbora izango dute zenbait ekoizpen taularatzeko. Ostegun honetatik aurrera, Gris: Morirse en Bilbao lana itzuliko da Gazte Konpainiaren egoitzara, eta ostiralean Palabrarismos estreinatuko dute Pabiloi 6n.
Temaren ondoren, txaloak
Bilboko Pabiloi 6 antzokiak hamar urte beteko ditu bihar, jada «egonkortuta», hasierako errezeloak gorabehera. Denboraldia estreinaldi batekin hasiko dute, etzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu