Haurraren begirada, erresistentziaren leku

Oihane Amantegik AEBetako hegoaldean eta zehaztu gabeko garai batean girotu du 'Ibaiertzeko ipuina', bere estreinako nobela. Bizitza eta heriotza deskubritzen dituen haur bat du protagonista

Oihane Amantegiren lehen nobela da Ibaiertzeko ipuina. DE PEDRO.
mikel lizarralde
2020ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Amerikako Estatu Batuetako hegoaldean, Ochlockonee ibaiak bustitzen duen izenik gabeko herri batean girotu du Oihane Amantegik (Zornotza, Bizkaia, 1985) Ibaiertzeko ipuina bere lehenengo nobela. Inoiz zehazten ez den garai mitiko batean. Familia zuri pobreak, elkar elikatzen duten emakume beltzak eta mundua deskubritu nahi duten haurrak gurutzatzen diren parajean. Heriotzak agerpena egiten duen tokian. Ipuin luzea edo nobela laburra da —ehun orrialdera ez da iristen—, eta, lehenengoz irakurri zuenetik, «liluragarria» iruditu zitzaion Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreari: «Idazkera hipnotikoa du, eta ezberdina; nortasun handikoa iruditu zitzaidan». Eta, Amantegiren lehenengo lana izanda ere, «liburu inportantea» deritzo, eta «zeresana» emango duela uste du.

Antropologoa da ikasketaz, ikerketan eta euskarari nahiz kulturari lotutako esparruetan aritu izan da Amantegi. Baina, bitartean, baita lehenengo literatur lan argitaratua dena idazten ere. Prozesu luzea izan baita. «Proiektua asko da aldatu da idazten hasi nintzenetik. Hasieran lan luzeagoa zen, baina denborarekin gauza batzuk kimatzen joan naiz, eta liburutik jausi egin dira. Baina, denboran luzatu bada, izan da denbora behar zuelako».

Eleberriko protagonista,ahots narratzaile bakarra, 8 urteko neskato bat da. Ahizpa bikiarekin batera jaio behar zuen, baina bizitzara bakarrik ernatu zena: «Eta, hala, hurrengo urteko martxo hasieran ibaiak gaindi egin zuenean, ahizpa bikiarekin batera jaio nintzen ni. Bikiak, berdin-berdinak, ispiluaren ispilu, ahoaren aho eta sudurraren sudur, eskuen esku eta zilborraren zilbor, bata bestearen atzetik, baina heriotza bizitzaren atzetik doan bezala agertu nintzen ni lehenengo, bizirik, eta ahizpa gero, hilda». Liburuak berak oinarri gisa hartzen du protagonistaren eta hildako ahizparen, bizitzara iritsi ez zen haren arteko harremana. Amantegi: «Gai zentrala da heriotza. Baina, heriotza, haur baten ikuspegitik kontatua». Horregatik, era berean, liburuari ipuin izendapena jartzeko hautua ere: «Heriotza eta haurraren inozentzia batzen dira istorioan. Haurraren lekutik kontatzen dira istorioa eta bizipenak, mundua deskubritzen ari denaren haurraren begiradatik. Eta ahots horrek, haurraren ahotsak, du garrantzia. Bere begiradak, erresistentzia lekua den gisan».

Atal laburretan egituratu du nobela, beti lehen pertsona erabilita, baina bi denbora uztartuta. Orainaldian hitz egiten du 8 urteko neskatilak batzuetan, eta etorkizunetik iragana gogoratuz besteetan. Ez dago, ordea, hausturarik kontakizunean. «Pertsona bera da, baina bizi izandakoa kontatzen du. Halere, nahiko modu inkontzientean atera zait horrela».Izan ere, hasiera batean, nobela luzeagoa zuen Amantegik, protagonistaren geroari ere begiratzen ziona, baina azkenean parte hori guztia kendu egin du.

Ibaiaren presentzia

Haurra da liburuko ahotsa, baina protagonista gehiago ere badira eleberrian, maila sinbolikoan bada ere. Horietako bat da Ochlockonee ibaia. Kokaleku, protagonista eta sinbolo ere bada: «Hasieran kokalekua zen, baina garatu da protagonista bilakatzeraino, eta metafora ere bada». Hain zuzen ere, liburuan beste ibai batzuk — edo haien inguruko mitologia— ere ekarri ditu gogora Amantegik. «Izate oso bat bilakatu da ibaia».

Ibai bat, AEBetako hegoaldea zeharkatzen duena. Bere geografiatik oso urruti dagoen mundu batera jo du Amantegik bere lehen nobela girotzeko: «Uste dut hasieran behar nuela distantzia bat jarri, nahiz eta ez jakin zergatik. Gero konturatu naiz atmosfera bat bilatzen nuela, tenperatura bat, hezetasun puntu bat...». Ikerketa lana egin du Amantegik lekuei buruzko informazioa jasotzeko, baina onartu du intuizioz jokatu izan duela idazketa prozesuan. «Hasi nintzen jakin gabe zertan sartu eta bukatuko nuen. Intuizioz, helmugarik gabe. Baina hor bazegoen gai bat ez nekiena zein zen eta idatzi ahala deskubritu nuena». David Lynch zinemagileari irakurritako ideia bat ekarri du gogora idazleak: «Pultsio bat aipatzen zuen sorkuntzaz hitz egiterakoan. Intuizio batetik sortzen du. Eta horrekin identifikatzen naiz ere».

Ibaiak bezala, musikak ere protagonismo handia du nobelan. Haurraren aitak harmonika jotzen du, eta Van Morrisonen kantu pare baten (Tupelo Honey eta Crazy Love) eta Bob Dylanen beste baten (Goin' to Acapulco) hitzak ere testuaren barruan sartzen dira. «Obsesionatu egin nintzen hiruzpalau kanturekin, eta lagundu zidaten gaia fintzen».

Testuak maila sinboliko handia duela uste du Mendigurenek, hildakoak, mitologiako Karonte txaluparia eta beste agertzen baitira. Eta Amantegik onartu du hala dela, baina, batez ere, haur bat delako mundua kontatzen duena. «Bere erremintak dira sinbolismoa, metafora eta fantasia. Bueno, ez hainbeste fantasia, bizi duena egia baita haurrarentzat».

Lehen nobela idatzita eta argitaratuta, hasita dago Amantegi lan berri bat izan daitekeena zirriborratzen. «Nobela honetatik jausi egin zaizkit beste istorio batzuk, eta hor badago beste ernamuinen bat. Ariketa koralago bat izango litzateke. Baina nahiko lasai nabil». Gainera, barruan daraman «antropologo sena» piztu egin zaio, eta horretan ari da. Ikertzen,lekuak bilatzen eta pertsonaiak taxutzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.