Datorren kulturaren lorratza

BERRIAren babesarekin, Bilboko Loraldia jaialdiak egun osoko programa antolatu du Zorrotzaurren etziko, hainbat diziplinatan dabiltzan gazteen lanak erakusteko

Kresala konpainiako hamar dantzarik hartzen dute parte etzi estreinatuko den Aztarnak, mihisean dantzan ikuskizunean. KRESALA KONPAINIA.
Inigo Astiz
2022ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Dantzariek airean uzten duten lorratz ahula harrapatzea da Kresala konpainiaren Aztarnak, mihisean dantzan emanaldiaren erronka. Hamar dantzari jarriko dituzte dantzan oihal zuri baten gainean, guztiek eskuak eta oinak pinturan bustirik dituztela. 1990eko hamarkada inguruan ere egin zuten antzeko saiakeraren bat konpainiako kide izandakoek, eta, esperimentazio bide hori hartuta, ia ordubeteko emanaldia osatu dute orain; dantzaren eta arte plastikoen bidegurutzean. Etzi izango dute erabateko estreinaldia Bilboko Loraldia jaialdiaren barruan.

Gaur hasi dira aurtengo programarako prestatutako ekintzak, Juan Carlos Egillor artistari eskainitako bisita gidatuarekin, bihar Hautsi da anphora diskoa gogoratuko dute Ruper Ordorikak eta Bernardo Atxagak Euskalduna jauregian, eta egun osoko emanaldi programa antolatu dute Zorrotzaurre auzoko Terminal gunean larunbatean. BERRIA egunkariaren laguntzarekin. Kresalako dantzarien ikuskizunak ez ezik, egun horretako egitaraua osatuko dute Bilbronx izeneko hip-hop tailerrak, poesia, musika eta artea uztartzen dituen Gorpuztu ikuskizunak, Xanti Agirrezabalaga aktorearen Satiro bakarrizketak, J Martina taldearen kontzertuak eta DJ Noemiren saioak ere. Bost euroko sarrera bakar bat izango da, emanaldi guztietara sartzeko aukera emango duena.

«Garbitasuna da hasieran gailentzen dena», azaldu du Josu Sagardia dantzariak. Izan ere, oihal zuriaren gainean, zuriz jantzita arituko dira dantzariak, baina, pixkanaka, emanaldiak aurrera egin ahala, hankak beltzez margotzen dituztenez, eta dantzan dabiltzanez, orbanak eta marrak agertuz joango dira zurigunean.«Gure aztarna utziko dugu».

Linolio zuri gainean arituko dira dantzariak, zehazki, eta lurrean egongo da beti. Ikusleek, beraz, dantzariek sortu ahala ikusi ahalko dute margolana. Banaka arituko dira dantzariak, baita, tarteka, bikotean, seinaka edota hamarrak batera ere. «Euskal dantzako urrats asko daude», azaldu du Sagardiak, «azkenean, hori delako gure oinarria, baina dantza garaikidea da gailentzen dena».

1968an sortu zen berez Kresala konpainia Donostian, euskal dantzak ardatz hartuta, eta ibilbide luzea egin du geroztik. Egun, 30 kide ditu, eta haietako hamar arituko dira Aztarnak, mihisean dantzan ikuskizunean: Sagardia, Maria Perez, Pablo Zurutuza, Claudia Erentxun, Oier Goikoetxea, Naia Lertxundi, Marta Buendia, Aitor Egaña, Irati Martikorena eta Markos Murua; guztiak, 20 eta 25 urteren bueltan dabiltzanak. Faustino Aranzabalek zuzendu du lana, eta hark sortu ditu koreografiak ere. Dantza doinuekin batera, musika pasarte abstraktuagoak ere entzungo dira emankizunean, eta baita Joxean Artzeren eta Jorge Oteizaren ahotsak ere, uneren batean.

Dantzariek oihalean uzten duten irudia ez da istripu hutsa izango, ordea, Sagardik esan duenez. Erabat zehatzak izan gabe ere, gutxi gorabehera entseatua dute euren mugimenduek nolako aztarnak utzi behar dituzten. «Zuzendariak gidatu gaitu horretan, nagusiki, baina denen artean joan gara ikusten zer zen gehien gustatzen zitzaiguna, eta saiatu gara horrekin gelditzen». Hainbat pintura mota eta dentsitaterekin egin dituzte probak horretarako. Dantza hutsezko pasarteak izango dira, horregatik, baina, beste zenbaitetan, mihisea margotzen ere arituko dira artistak.

Emanaldiak ez dio narrazio bati jarraitzen, baina Sagardiak azaldu duenez, lausoki bada ere, «indibidualetik kolektibora» doa dantzarien jarduna.

Literatur hibridoa

Erabateko estreinaldia izango du etzi Gorpuztu izeneko emanaldiak ere. Maria Oses idazleak, Libe Argoitia artistak, Ekiñe Casado musikariak eta Iraitz Agirre antropologoak osatu dute emanaldia, eta antzerkiaren, poesiaren, ilustrazioaren eta musikaren artean arituko da joan-etorrian. Gorputza izango du ardatz saioak. Iaz Fereka izeneko poema bilduma ilustratua eman zuten argitara Osesek eta Argoitiak, eta bertako hainbat poemarekin abestiak sortu zituzten Casadok eta Agirrek. Emeki izenekoa, tartean. «Emeok emeki egiten ditugu gauzak./ Emeki, inposatu izan zaigun gisara:/ poliki, leun, astiro, goxo./ Eme batek behar duen modura./ Gaur, beraz, emeki maiteko zaitut./ Emeki, baina nire modura, nire emetasunez./ Emeki, pasioz, indarrez:/ aireari arnasteko betarik eman gabe maiteko zaitut gaur».

Eta umore puntu argia izango dute beste testu batzuek. Autoestimua izenekoak bezala, esaterako. «Autoestimua da/ kuleroak bi euroan erosi/ eta bigarren eskuko azokan/ 20 euroan saltzea,/ ze 'aizu, nik erabili ditut, e!'». Emanaldirako espresuki musika, testu eta irudi berriak sortu dituztela jakinarazi dute sortzaileek, halere.

Xanti Agirrezabalaga aktorearen Satiro antzerki pieza laburrak, DJ Noemiren gaueko musika saioak eta J Martina taldearen kontzertuak osatuko dute eguneko programa. 2019. urtean abiatu zuten proiektua Kattalin eta Ane Barcena ahizpek eta Javi Jorajuriak, eta, geroztik, tantaka-tantaka joan dira beren pop elektronikoa sareratuz, hainbatean behin kanta berri bat eskainiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.