Plathen lainobera beltza

Sylvia Plathen 'Beirazko kanpaia' ekarri du euskarara Garazi Arrulak. Idatzi zuen eleberri bakarra da, erdi «autobiografikoa» eta bigarren olatu feministaren testuinguruan ondua

Garazi Arrula Ruiz editore eta itzultzailea, Beirazko kanpaia (Txalaparta) eskuetan hartuta, Donostiako Udal Liburutegian. JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
Donostia
2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
«Nire bizitzako gertaerak harilkatu ditut, fikzio bihurtuz, kolorea emateko; bizibidea ateratzeko idatzi dut, baina egiaz uste dut adierazten duela zer bakarrik senti daitekeen pertsona bat lurra jotzen duenean... Saiatu naiz nire mundua eta jendea irudikatzen beirazko kanpai baten lente desitxuratuan zehar begiratuta bezala». Gutun bidez idatzi zion hala Sylvia Plathek amari, The Bell Jar izango zen eleberriaren berri eman zionean. Idazleak berak jasandako gorabehera psikologikoak hartu zituen oinarrian kontakizunerako, baina fikziozko pertsonaia baten mozorro pean eman zituen, bere poemetan ezaguna den hori jarriz taupaka lanaren bihotzean: eremu pribatuaren eta publikoaren arteko igurtzi gatazkatsua. 30 urte zituela argitaratu zuen, ezizenez eta bere buruaz beste eginda hil baino hilabete eskas lehenago. Biziko balitz, heldu den urrian 90 urte beteko zituen, eta ospatzeko modurik onena haren lana zabaltzen segitzea dela uste du Garazi Arrula Ruizek. Txalapartako editore ere badenak itzuli du nobela, Beirazko kanpaia izenburupean, eta Maialen Berasategi Catalan zuzentzailearekin batera aurkeztu du, Donostian —zuzentzaileen lan maiz ikusezina eskertu eta aitortu gura izan du, bidenabar, Arrulak—.

Poesia konfesionala deitutako joeraren «ordezkari nagusietakotzat» hartu izan da Plath, eta ezagun zaion idazkera «pasiozkoa, gordina eta zenbaitetan ironikoa» eleberrian ere atzematen dela esan du Berasategik. Durduza hitzarekin lotu du haren irakurketa: «Durduzagarria egiten da, zipriztintzen zaitu. Kontaerak lañoa eman dezake, eta horrek efektu bikoitza eragiten du, agian: badirudi ez dela ezer gertatzen ari, baina lurpean zer lurrikara dagoen ikusten duzu».

Esther Greenwood gaztea du protagonista eleberriak; unibertsitate ikaslea, poeta bihurtzea duena amets. Hilabete batez, New Yorkeko moda eta literatura aldizkari batean bekadun aritzeko proposamena jasoko du, eta egonaldi horren gorabeherak kontatzen dira liburuaren lehen zatian. «Emakume gazteen talde baten joan-etorriak eta halako giro apartsu bat», Arrularen esanetan. «Dena da dirdira, dena parpaila».

Bigarren erdian, belztera egingo du kontakizunak, ordea. Ustezko panorama arin eta aukeraz betea itogarri bihurtzen hasiko zaio protagonistari, garai hartako arau sozialek eta, batik bat, genero mandatuek nola zeharkatzen duten ohartzean. Arrula: «Protagonistak gainbehera emozional bati ekinen dio, eta horrek ospitale psikiatriko batetik bestera eramanen du. Gainbehera itxuraz pertsonal bat kontatuko zaigu, baina, egiaz, genero rolek zeharkatutako garai hartako gizartearen lekukotza bat ematen da». Hain justu, esparru pribatuaren eta publikoaren arteko elkarrizketak liburu osoan irauten duela nabarmendu du editore eta itzultzaileak, eta, argitalpenaren harira, Iñigo Astizi eskatutako testuaren izenburuarekin laburtu du hori: «Exekuzio publikoak, suizidio intimoak».

Bigarren olatu feministan

XIX. mende erdialdetik XX. mende erdialdera arteko bigarren olatu feministaren testuinguruan kokatu izan da Beirazko kanpaia.Orduko feministek sufragismoaren oinarriak ezarri zituzten, eta emakumea familiarekin eta gizona estatuarekin berdintzen zituen logikaren aurka egin zuten, emakumeak bere gorputzaren eta sexualitatearen jabe behar zuela aldarrikatzearekin batera. Hortik edan zuen Plathek, eta isla argia da nobela: esperientzia pertsonaletan oinarrituta —amatasuna, gorputza, eritasuna...— auzi kolektibo konplexuetara heltzen da kontakizuna —izan eromena, sexua edo suizidioa—.

Hala, liburua garai hartako teoria eta mugimenduekin elkarrizketan dagoela nabarmendu du itzultzaileak, eta horregatik «mugarri izaera» irabazi duela ere aipatu du. Orduko eztabaidekin izandako loturaren erakusle jakin bat ere aipatu dute aurkezpenean: Adrienne Richen Emakumeagandik jaioak laneko aipu bat datorrela testuan. Berasategik itzuli zuen Txalapartarentzat Richen saiakera hori, eta hark topatu du esaldia orain eleberrian.

Orain arte, egile estatubatuarraren beste bi lan zeuden euskaratuak, biak Denonartean etxearekin: Ariel eta beste poema batzuk, Iñigo Astizek euskaratua; eta Hiru emakume, Harkaitz Canok ekarria.

«Berunezko borondatea»

Cambridgen irakasle izan zen, bere senar Ted Hughsen testuak editatu zituen, hamaika aldizkaritara temaz idatzi zuen bere lanak publika zitzaten, baina, bizi zela, bi liburu baino ez zituen argitan ikusi Plathek: The Colossus and Other Poems (1960) eta The Bell Jar. 1963an, Victoria Lucas ezizenez eman zuen aurrenekoz hori, Erresuma Batuan, eta 1967an hasi ziren egilearen benetako izenaz sinatzen —AEBetan, 1971ra arte ez zen argitaratu, Hughsen eta idazlearen ama Aurelia Schoberren erabakiz—.

Hil ondotik, ordea, handituz joan zen Plathen itzala —1982an Pulitzer saria eman zioten—, eta azken urteetan haren memoriak, gutunak, egunerokoak eta beste argitaratu dira. Mila orrialdetik gorako Red Comet biografia izan da azkena, duela bi urtekoa. Arrula: «Esaten da haren heriotzak itzalpean utzi zituela haren bizitza eta lana, eta klixeetatik urrundu eta arreta haren obran jartzea aldarrikatzen du autoreak [Heather Clark]. Zeren, Plathek bisitan joan zitzaion lagun bati behin esan zion bezala, berak bizitzeko berunezko borondatea zeukan, nahiz eta gero ezin izan zion eutsi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.