Hainbat urtez Patxi Huarte Zaldieroa marrazkilariak Xabiroi komiki aldizkarirako egindako zinta gehienak hartu, eta Arranotxu, euskal gerlari mitikoa komikian bildu dituzte, modu horretan istorio txikiekin istorio handi bat sortuz. «Amodioa aurkituko duzue; atsegina da, liraina, sakona, koloreak politak dira, irakurtzeko erraza...», nabarmendu zuen marrazkilariak, atzo, Iruñeko Elkar liburu dendan egindako aurkezpenean. Ikastolen Elkarteak argitaratu du liburua, eta Dani Fano komikigilea editoreetako bat izan da; bera da Xabiroi aldizkariaren koordinatzaile. Guztira 88 orri ditu bildumak, eta 800 ale argitaratu dituzte.
Tratamenduagatik, tamainagatik eta jarritako maitasunagatik «ezohiko komikia» dela nabarmendu zuen Fanok. Xabiroi komiki aldizkaria adin guztietako jendearentzat da, eta Fanok azpimarratu zuen aldizkariaren «esentzia» islatzen duela: «Askotan oso erraz esaten dugu bilduma bat 0 eta 99 urte bitarteko pertsonentzat dela, eta ez da horrela izaten; baina Arranotxu bai». Horrez gain, gehitu zuen Zaldieroaren nortasunaren edo esentziaren parte bat hori ere badela: «Patxiren superbotereetako bat da mezu zuzenen, sakonen eta poetikoen bidez adin guztietako jendearengana iristea».
Komikian, besteak beste, laminak, galtzagorriak, basajauna eta halako pertsonaia mitologikoak agertzen dira. Horrez gain, superheroiak ere ikus daitezke, hala nola Superman, Batman eta Robin. Fanok dio «modu egokian» nahastu dituela pertsonaiak. Zaldieroak pertsonaia antiepiko bat egin nahi zuen; Euskal Herrikoa eta mitikoa. Arranotxu horren adibidea dela dio: «Lortu dut, eta uste dut emaitza ona izan dela». Jendeak Arranotxu «maitagarritzat» deskribatzen duela dio Fanok.
Pertsonaia mitologikoek gaiaz hausnartzeko aukera eman diote marrazkilariari, eta bestelako mitologia bat islatu nahi izan du: «Mitologiak erakargarriak dira, eta, aldi berean, ez ditut gustuko. Mitologiak oso kolore ilunak izan ohi ditu, eta nik beste mitologia bat egin nahi izan dut; umoretsua eta koloretsua».
Urte hauetan egindako ibilbidean beste pertsonaia batzuk ere sortu ditu, baina asko atzean utzi ditu; Arranotxurekin, berriz, «zerbait borobila» egin dutela dio. Inguratzen duen errealitatea aldatzen delako desagerrarazten ditu pertsonaia batzuk Zaldieroak; hala ere, haren hitzetan Arranotxuk oraindik kontatzeko gauzak ditu: «Denbora mitiko batean dagoenez, mantendu eta aberasten da».
Hamar urteko ibilbidea
Bilduma umoretsua izatea nahi zuen egileak; beraz, umorearen bidez garai bateko komikien patroi berari jarraitu dio Zaldieroak: «Txiste asko sartu ditut, zinta bakoitzeko txiste bat». Liburuak aurrera egin ahala «poetikoagoa», «sakonagoa» eta «kolore landuagoak» dituzten irudiak sortu ditu. Zinta solteen bidez bilduma oso bat sortu dute, eta aldizkarirako egin zituen ia zinta guztiak sartu dituzte. «Nik batzuk gehiago kendu nituzke», dio barre artean marrazkilariak. Hala ere, osotasunean gustuko dituela adierazi du. Fanok esan du istorioek berez ez dutela loturarik, baina liburuan«garapen bat» dagoela.
Orokorrean liburuaren inguruko kritika ona adierazi du Zaldieroak: «Liburua oso ondo dago; eman ditut hamar urte hau egiteko, gainera askotan korrika eta presaka kolaborazioak direlako». Presaka ibili arren, maitasunez eginda dagoela esan du: «Marrazkilariok gure ofizioa maite dugu, bestela ez genuke egingo, lan pila bat egiten dugulako eta ez garelako aberasten. Ebidentea da maite dugula, eta hori bilduman ikusten da».
Hamar urteko ibilbidea izan da, baina abiapuntua Euskaldunon Egunkaria-ren garaian kokatzen du egileak. Orreagako gudura joan zen gerlari baten inguruko zinta bat egin zuen. Bertan gerlari bat etxetik atera zen Orreagara joateko, eta, lainoa zegoenez, bidean galdu zen. Hortaz, ez zen gudara iritsi, eta, deus gertatuko ez balitz bezala, bere bizitzarekin jarraitu zuen.«Ideia hori nuen buruan honekin hasi nintzenean», esan zuen egileak. Arranotxuk hori islatzen duela dio: «Base sekretu bat dauka, baina ez du deus ere egiten. Esate baterako, gudu bat dago, eta bera kozinatzen dabil».
Komikigintzaren loraldia
Iruñeko Elkar liburu dendan aurkezteak garrantzi berezia duela azpimarratu dute. Bertan komiki gune bat jarri nahi dute, eta hori nabarmendu zuen Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak: «Pozten gara ikusten dugulako urtetik urtera komikigintza lekua irabazten ari dela; horren adibidea sortu nahi duten komiki gunea da». Horri gehitu zion Xabiroi komiki aldizkariak Arranotxu, euskal gerlari mitikoa bilduma egiteko apustua egin izana euskal komikigintzak gaur egun duen loraldiaren zati baten emaitza dela.