«Idaztearen prozesua biluzteko saiakera izan da» Eric Dixarri (1969, Baiona, Lapurdi) antropologo, artista eta idazlearentzat Eros (Pamiela) izenburua duen poesia lana. Seigarren poesia liburua du, eta eraikitzen ari den obra baten seinalea dela uste du. «Idazlea ez da konturatzen. Idatzieta idatzi egiten du, eta, gero, atzera begiratzen du obra bat eraiki duela konturatuz. Orain arte idatzi ditudan liburuek asmatzen naute. Poemak sortzen ditut, eta sortu ditudan poemek sortzen eta berrasmatzen naute». «Faire de sa vie une oeuvre», esan du frantsesez, hau da, bizitza obra bilakarazi, eta horretan dihardu.
Dixarriren poesia oso berezia iruditu zaio Jose Angel Irigarai poeta eta Pamielako editoreari. «Hamaika katramila eta infernutik pasatutakoa eta oso osagai bereziak dituen poesia da». Eta irudi, eskultura eta bestelako arteen «dantza eta horiei darien poesia» ekartzen saiatu dela iruditzen zaio. Liburuan zehar poesiari alderdi estetiko eta artistiko bat eman nahian ibili da egilea, eta «horren denaren atzean, azpian edo barnean, idazlearen drama pertsonala» dagoela azaldu du Irigaraik. «Iraganeko hamaika talka, infernu eta egoera berezi kanporatu nahian dabil idazlea, katartiko gisa batean». Era berean, «barne arkeologian arakatutako eta aztarnategi horretan ibili ondoren loratzen diren zantzu poetikoak, gogoetak, sentipenak eta ametsak dira» liburuko poemak, editorearen esanetan.
Egileak, berriz, liburua «nahiko transgeneroa» dela azaldu du. «Liburua ez da soilik poesia. Irakurleak beste genero motak atzemango ditu barnean». Irudi eta ilustrazioek garrantzi handia dute hala. «Irudien mundu batean bizi gara, eta irudiak irakurle batzuentzat erakargarriak dira. Irakurle multzo horretan kokatzen naiz ni. Liburuekin nahiko fetitxista naiz, gustatzen zait liburuak ferekatzea», aitortu du Dixarrik. Idazleak berak hartutakoak eta beste sortzaileenak dira ilustrazioak; Beñat Iglesias Lopez, Francisco de Goya, Patricia Hearst eta David Nebredaren lanak ikus daitezke, besteak beste.
Timberlake Wertenbaker idazle estatubatuarrak idatzi ditu liburuaren hitzaurrea eta aitzinsolasa. Irigarairen hitzetan, «oso esanguratsua» da hitzaurrea, «beste begi batez ikusten, ulertzen eta sentitzen laguntzen» baitu. Dixarriren ikaslea izan zen Wertenbaker, eta poetak proposatu zion hitzaurrea idaztea.
Autobiografiatik du asko
Idazleak dioenez, poetak gurutzatzen dituen beste sorkuntzak barneratzen ditu, eta beste sortzaileen ikuspuntuei esker eraikitzen du ikuspuntu propioa. «Irakurtzen, ikusten eta entzuten dudana naiz, beste gizakiekin eduki ditudan harremanen emaitza. Horregatik gustatzen zait orri zuria ez dela existitzen esatea. Idazten hasten garenean, jadanik idatziak baikara», dio. Proiekzioa da falta dena, haren iritziz: «Gure baitan duguna proiektatzeko unea eta gunea da idaztea. Ez naiz bakarra munduan; ingurumenak inpaktatzen nau, eta poesia inpaktuaren emaitza da».
Autobiografiatik du asko poema bildumak. «Eros liburua idatzi dut oraindik bizirik nagoela egiaztatzeko, eta ene baitan ziren ezkutuko bazterrak transfigurazeko», argitu du. Garrantzitsuena ez zaio iruditzen bizi izan duena, bizi izan duenarekin zer idatzi, eraiki eta sortu duen baizik. «Bizitzen dudana bizitzen dut idazteko, edo idazten dut idazten dudana bizitzeko? Idazten dudana ez al da erreala, eta bizitza, aldiz, fikzioa? Batzuetan sentsazio hori daukat», azaldu du. Eta gehitu errealaren eta fikzioaren dikotomian garatzen dela liburua. «Eskuen artean edukitzean konturatu naiz, fikzioa dela idazlearen babeslekua, aterpea eta egiazko erosgunea».
Irigarairen hitzetan, «oso poesia sintzeroa eta autorreferentziala» da Dixarrirena. «Oso errepikatua batzuetan eta bere zaurietatik agian zure [irakurlearen] zaurietara eramaten zaitu, harreman berezi bat sortuz».
Sentsazio bizi eta berezi bat
Zimurtua izan den poema bat ageri da liburuaren azalean. «Zirriborroa, inoiz argitaratuko dena eta argitaratzen ez dena» ez al diren literaturaren eta poesiagintzaren izozmendia galdetzen du idazleak. «Non kokatzen da autozentsuraren muga? Noraino hurbildu daiteke idazlea? Etika, morala, eguneroko ogia irabazteko egin behar diren konpromisoak, errepresioa, justizia edo kartzela? Non dago muga?» .
Azken lan honetan muga horiek ezartzeko zailtasunak izan dituela aitortu du artistak. «Orain, liburua esku artean edukita, konturatu naiz asko biluzi naizela. Euskal Herria mikrokosmosa da; estatubatuarra izango banintz, agian biluzteko erraztasun gehiago izango nituzke». Liburu batean izanik ere, jendearen aurrean biluzi dela ohartu da, eta horrek sentsazio «bizi eta berezi bat» sortu diola dio. Horregatik, liburua aurkeztea zaila izango zelakoan izan da, bizi izan duenetik oso hurbil dagoelako idatzitakoa. «Agian, nire biki imajinarioak bizi izan dituen abenturak dira, eta ez nireak», erantsi du.
Irigarairen ustez, halaber, biluzte handia dagoEros-en. «Poesiaren, fikzioaren eta errealitatearen arteko mugan dabil, eta bere oskola edo burbuila traidorea da, biluztera eramaten zaitu».
Dixarrik gaineratu duenez, «desbideratze bat» da poeta izatea gaur. «Mundua ikusteko manera bat. Manera original eta berezia. Egun, zaindu behar den manera da poesia».
Literatura
Bizitza obra bilakarazi nahian
Eric Dixarrik 'Eros' poema liburua argitaratu du, Pamiela argitaletxean. Poesiari alderdi estetiko zein artistiko bat eman nahian aritu da, «idazte prozesua biluzteko» ahaleginean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu