Leku seguru bat kirolean

Hernaniko futbol taldeak eta herriko udalak protokolo bat jarri dute martxan gehiegikeria eta sexu-jazarpen kasuetan esku hartu eta «erantzun bateratu» bat emateko.

Martxelo Ezponda Hernaniko Futbol taldeko presidentea eta Esti Aldeiturriaga Hernaniko Kirol eta Jarduera Fisikoko zinegotzia. MIKEL ORBAÑANOS IRIBAR.
Mikel O. Iribar.
Hernani
2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Iragan denboraldian,emakume epaile bati irain matxistak egin zizkioten Hernaniko (Gipuzkoa) Zubipe futbol zelaian jokatutako partida batean, baita neurketa amaitu eta gero ere. Hernaniko Futbol Taldeak irmoki gaitzetsi zuen gertaera hura. Halere, Martxelo Ezponda klubeko presidentearen esanetan, «ez onartzearekin bakarrik ez zen nahikoa». Horregatik, kluba Esti Aldeiturriaga Hernaniko Udaleko Kirol eta Jarduera Fisikoko zinegotziarekin jarri zen harremanetan, eta bi erakundeetako ordezkariek ondorioztatu zuten beharrezkoa zela araudi bat horrelako kasuetan nola jokatu zehazteko. Biak bat zetozen horrelako gertaerei erantzun bateratu bat eman behar zietela. Aldeiturriagak gogorarazi du asteak joan eta asteak etorri horrelako kasu asko gertatzen direla: «Emakumeak nazkatu egin gara jasandako erasoak isilpean gordetzeaz». Hala, lanketa sakon baten ondoren, udalak eta herriko futbol taldeak sexu-jazarpen eta gehiegikeria kasuetan esku hartzeko protokoloa jarri dute martxan.

Biek ala biek azpimarratu dute protokoloaren helburua dela Zubipen egunerokoan futbola «modu libre, aske eta osasuntsuan» praktikatzea. Gainera, Ezpondak azaldu duenez, Zubipera doazenak «futbolaz gozatzera» etor daitezen nahi dute, eta instalazioak espazio «seguru eta sexu erasorik gabekoak» izatea.

Hala eta guztiz ere, Aldeiturriagak bi erakundeek aurkeztutako protokoloa lanabes bat balitz bezala ere hartzen du, «parekidetasuna eta berdintasuna oinarridituen gune libre eta aske bat lortzeko». Horregatik, garrantzitsutzat jotzen du udalak klubari baliabideak ematea horrelako kasuak gertatzen direnean. Hau da, hemendik aurrera, indarkeria matxista kasu bat gertatuz gero, Berdintasun Batzordeak esku hartuko du gertaera aztertzeko. Hala, Batzordeak erasotzailea klubetik kanporatzeko eskumena izango luke. Euskal Herrian erakunde publiko baten eta klub baten artean adosten den lehen protokoloa da.

Aldeiturriagak nabarmendu du emakumezko epailearen kasua gertatu aurretik ere Hernaniko futbol taldeak bazuela gai horretan lanketa bat egina: «Iazko gertaera ilun hura izan liteke arrazoietako bat protokoloa martxan jartzeko, baina klubak lehendik bazuen kontzientziazioa gai horren inguruan». Haren iritziz, emakumeak kirol munduan lekua hartzen hasi direnean, «garrantzia ematen diete, baina bigarren maila batean». Hernaniko klubak, ordea, gizonen eta emakumeen arteko tratua berdindu egin du; hala aitortu du Kirol eta Jarduera Fisikoko zinegotziak. Esponda antzera mintzatu da. Haren esanetan, berdintasunaren gaian «aurrerapauso handiak» eman dira klubean. «Gizonei eta emakumeei ematen zaien tratua berbera da: espazio kontuetan, ordutegietan, baldintza kontuetan... eta jokalariak beraien artean errespetuz aritzen dira».

Publikoaren jarrerari dagokionez, ordea, biek uste dute tentsio uneetan zaila dela norberaren burua kontrolatzea. Aldeiturriagaren iritziz, «hotzean» kontziente dira, baina «beroaldietan» oraindik existitzen dirahorrelako kasuak. Klubekopresidentea ere asteburuetan Zubipera joaten diren ikusleen jarrerak kezkatzen. «Egia esan, ez gara hain erraz iristen publiko horrengana». Hori «gizarteak berak» landu beharko lukeela uste du.

Elkarlana giltzarri

Ezpondarentzat eta Aldeiturriagarentzat garrantzitsua izan da bi erakundeen arteko elkarlana. Hernaniko Futbol Taldeko presidentearen esanetan, «denek hartu baitute konpromisoa». Aldeiturriaga ere bat dator: «Azken batean, errealitate honi herri moduan aurre egin behar zaio».

Protokoloa lantzeko garaian, udaleko zinegotziak azaldu du gai horren inguruan ez zutela ezagutza nahikorik, eta, ondorioz,Ainhoa Azurmendi kirol eta berdintasun gaietako aholkulariaren laguntza jaso zuten. Horrez gain, protokoloa mamitzeko oinarria Emakundek 2015ean argitaratutako Kirolean emakumeen kontrako sexu-jazarpena eta abusuak prebenitzeko gida izan zen. Aldeiturriagak azaldu duenez, gida horretan azaltzen diren jarraibideak «herrira eta taldearen egoerara ekarri ditugu». Bide batez, protokoloak Emakunderen babesa jaso du. «Begirune handiz hartu gintuzten, eta sorpresa handiz hartu zuten horrelako pauso bat ematea», esan du Aldeiturriagak..

Biak bat datoz lanketa «sakon» bat egin dutela «modu parte hartzaile batean». Batetik, udaleko zinegotziak eta teknikariak, eta, bestetik, klubeko zuzendaritzako kideak, jokalariak eta entrenatzaileak. Lehen saioan erasoak zehaztu zituzten; bigarrenean, gertaerak kalifikatu zituzten; eta hirugarren saioan, aurretik jasotako guztia dokumentu batean bildu zuten.

Herritarrengana zabaldu

Protokoloa amaituta, udalaren eta klubaren hurrengo pausoa herritarrei helaraztea izango da. Aurretik, ordea, bi erakundeetako kideek Hernaniko Mugimendu Feministari aurkeztu zioten: «Beharrezkoa baitzen haien oniritzia jasotzea», Aldeiturriagaren esanetan. Herriko kirol batzordean ere aurkeztu dutela adierazi du Ezpondak, lantzen ari diren gaietako bat berdintasuna baita. «Hein handi batean, gure asmoa da Hernaniko beste kiroletako klubek protokoloaren berri izatea eta, era berean, haiek ere animatzea».

Hernanitik kanpo ere zabaldu nahi dute protokoloa. Klubeko presidenteak, esaterako, Gipuzkoa Futbol Federaziora jo du,eta beraiek egindako lana lurraldeko beste kluben eskura jarri du,«talde bakoitzak hartu eta bere errealitatera egokitu dezan». Aitzindariak izanik, oraindik goiz da esateko protokoloak praktikan nola jardungo duen. Aldeiturriaga, ordea argi mintzatu da. «Azken finean, helburua leku seguru bat bermatzea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.