2019an, Etxeak eta hilobiak argitaratu zuenean, Bernardo Atxagak (Asteasu, Gipuzkoa, 1951) bere sormenean bide berriak jorratu nahi zituela aitortu zion Maite Artola kazetariari, Euskadi Irratian; ez zuela beste nobelarik idatziko. Paradisuaren kanpoko aldeak. Idatzi komiko eta tristeak liburuan «nobelaren azpitik markatuz joan den bide bat ageri da», Pamielako editore Pello Elzabururen arabera, eta bertan «Etiopia-ko haizeak, Henri Bengoa Inventarium-en oihartzunak, Paradisua eta Katuak kontaeraren umorea edo Txoriak kolpeka liburuaren dramatismoa» aurkituko ditu irakurleak.
Atxagak egin nahi izan duena, haren hitzetan, Michelangelo eskultorearen anekdota ezagun batek azal lezake ondoen. Haren eskulturek ez omen zuten, berez, misterio handirik, liluratuta begira aurkitu zituen ikusle batzuei Errenazimentuko artistak berak esana. Hark, harkaitzean soberan zegoena kendu, eta harkaitzak —kasu honetan marmolak— barruan zuena atera besterik ez omen zuen egiten.
Michelangelorekiko konparazioa zilegitzat joz, «atzean utzitako urteak halako harkaitz bat bezala» ikusten ditu Atxagak, eta, azken boladan, bere ibilbidea aldatu eta «harkaitz, marmol edo masa horretan zeuden obrak ateratzea»izan du helburu nagusia. Izan litezke «memoria batzuk, bizipen sail bat eta horiekin batera heldu diren gogoetak». Atera litezke, era berean, «pentsamenduak, eta bidean, harkaizpean, halakorekin topo eta bestearekin talka eginda sortu diren sentsazioak, mikazkeriaren bat han, goxotasun puntu bat hemen». Horien guztien aurrean, «apunte azkar bat edo gogoeta bat» egiteko joera izan du askotan.
Harkaitz horretatik atera litezkeen elementu guztien artetik, «halako nukleo bat» osatu nahi izan du. Alegia, bere esperientzian mamitu eta gauzatu dituen «testurik onenak» hartu, eta «ibilbide literarioaren muina» izango litzatekeena liburu batean logika batez batu: «Baina ez da gogoeta liburu bat». Idatzi laburrak eta ez hain laburrak aurkitzen dira nukleo horretan.
Mauzac abiapuntu
Liburuaren ernamuina Mauzac-eko kartzelan sortu zitzaion, Perigueux hiritik hurbil (Frantzia). Idazle gisa joateko gonbita jaso, eta aktore batekin eta itzultzaile batekin joan zen. Preso «oso bereziak» aurkitu zituen han: «Ezin dena esan, baina zigor luzea bete behar zutenak, nolanahi ere». Itoiz taldearen Desolatio abestia zeraman karpetan; hura jendaurrean irakurtzea zuen plana, eta «Esaten du ene hiztegi batek/ desolamendu hitza latinezko/ desolatio hartatik datorrela», errezitatu du abestia buruz, «bere hiru esanahiak direla/ bakardade, ruina, hondamen». Mauzaceko kartzela, ordea, erabat bakartuta dago, inguruan ez dago ezer, arbi landa eta patata soro besterik. «Eta nola hitz egingo diet, bada, patioko desolamentuaz», Atxagak, bere kolkorako; «nola irakurriko dut, non eta hemen, presoek gutxien-gutxieneko hamabost urte pasatuko dituztela jakinik». Desolazioaren esperientziaz, beraz, ezin haien aurrean hitz egin, eta are gutxiago «kanpotik etorrita».
Intentsitatea funtsezko
Hitzen pertzepzioan egon litekeen aldeak eman zion bigarren gogoeta. «Desolatio ez zitzaidan inoiz abesti bortitza iruditu, baina toki hartan, intentsitate bat hartzen zuen», kontzertu arrunt batean, «neutraltasunean-edo» hartuko ez lukeena. Horren ilustragarri, lurrean dagoen kristal puska bat aipatu du Atxagak: «Berez ez dirudi gauza handia, baina une jakin batean, eguzkiaren arabera, distira handia har dezake». Lekuak, hango jendeak, entzuleek poema «osatu» egiten zuten, beraz, «intentsitatea handituz».
Aspaldi zebilen bere testu labur horiek batera argitaratzeko gogoz, baina ez zituen plazaratu nahi «bat, bi, hiru eta halako sekuentzia baten moduan». Jendaurrean irakurtzeko behar zutela pentsatu zuen. Mauzacen ez ezik, beste kartzela batzuetan ere irakurri zituen. Helburu literarioa, hortaz, «irakurlea aldean eramatea» izango zela pentsatu zuen, eta deliberatu: «Poema hau ez duzu irakurriko bestela irakurriko zenukeen bezala, zu lasai-lasai hemen, eta testua hor. Lekukoekin irakurriko duzu».
Bereizketak
Gizartean bezala, literaturan ere «bereizketak eta zatiketak» badirela nabarmendu du. Esate baterako, «jende pobrearen eta jende aberatsaren artekoa». Luzaroan «ia modu bakarrean, genero komikoan agertu zen jende pobrea». Pieza irrigarrietan aipatzen ziren, batez ere «haien kontura barre egiteko, burlarako». Clown hitza bera «Ingalaterra iparraldean nekazariei ematen zitzaien izena zen». Gramsciren arabera, gerra garaian hasi zen jende pobrea literaturan sartzen.
Euskal Herrian ez da guztiz horrela izan, batik bat euskaraz, herri tradizioa ere kontuan hartu baita: «Euskaldunok altxor hori izan dugu. Nekazaritzari buruz ere hitz egin dugu». Hain zuzen, horra zabaldu du zirkulua Atxagak, eta Pedro Buruaga delako nekazari batek paradisuaz esandako aipua jarri du liburuaren atarikoan, «ez Seneka, ez Jorge Luis Borges, ez antzekorik». Hain zuzen, liburuan «kanonetik kanpo dagoen errepresentazio, literatura, testu asko» azaltzen delako, bere harkaitzean eta bere ideologiaren arabera, garrantzia zerk izan duen adieraztearren.