Soinez soin, pantailari so

Fipadoc nazioarteko dokumentalen Miarritzeko festibalak bere usaiako tokia berreskuratu du egutegian: urtarrilaren 17tik 23rat. Laugarren jaialdi hau Beneluxi eta gastronomiari so dago

Flee Jonas Poher Rasmussenen animazio filmak afganiar erbesteratu baten historia kontatzen du. Cannes eta Fipadoc festibaletan hautatua izan da. FIPADOC.
Ainize Madariaga
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Nazioarteko dokumentalen festibalen bortak irekiko ditu Miarritzeko (Lapurdi) Fipadoc festibalak, usaian egin izan duen bezala, iazkoa kenduta, pandemiak hilabeteetan gibelatu baitzuen. Laugarren festibal honetan 150 dokumental emanen dituzte, heldu den astelehenetik igandera bitarte, usaiako datetan, beraz. Haietarik biga euskal ekoizpenak dira: Arzak since 1897 eta Altsasu (gau hura) —azken horren estreinaldia izanen da—. Dokumental horiez gain, 50 bat «esperientzia digitalek» ere parte hartuko dute 30.000 bisitari errezibitzen dituen jaialdi horretan.

Fipadoc hasia da azkarki bere izenaren handitzen, aldi honetarako lau haizeetako 1.500 dokumental jaso baititu. Haietarik 150 hautatu behar izan dituzte egitarauaren osatzeko, gainerakoen %90i uko eginez. Haietatik lau Oscarretara izendatuak izan dira. Christine Camdessus Fipadoc festibaleko ordezkari nagusiak parte hartu du selekzio lan mardul horretan: «Hautatzen ditugu lehenik lilirik ederrenak, lili sorta osatu ahal izateko. Baten bat kendu behar dugu, jada baita arrosa zuririk, edo tulipa laranjarik ere. Lili sorta ederra izan dadin, orotariko lili motak behar dira».

Hiru irizpideren arabera selekzionatu dituzte filmak: istorio «ederrak» kontatzen dituztenak, pantaila handian ikusteko «gogoa» pizten dutenak, eta partekatzeko «enbeia» sortzen dutenak. Azken hori bereziki Miarritzeko publikoari begirakoa dela azpimarratu du Camdessusek: «Guregatik ez balitz jendeak sekula ikusiko ez lituzkeen filmak daude. Promenatzeko parada ematen du egitarauak; pandemiagatik bere baitan asko hetsi den mundu honetatik eskapatzekoa: film batzuek pertsonaia handiak ezagutaraziko dituzte, plazer hartuz. Batzuk kasik nostalgikoak dira. Funtsean, historia, istorio pertsonalak, politika eta gizarte arazo potoloez ariko dira dokumentalak. Ez dugu gai jakinik. Hautua bada: norberak osa dezala bere gustuko lili sorta!».

Antolatzaileek garrantzi «handia» eman diote tokiko sorkuntzari; horregatik hedatuko dute Asier Altunaren Arzak since 1897 filma. Camdessusek izugarri laket izan du: «Arzak dinastiaren filma zinez interesgarria da. Aita-alaben arteko trukeak, ze pertsonaiak diren... Dena jateko gogoa pizten dute!».

Sakonki «durduzatu» duena da festibalak estreinatuko duen bigarren euskal dokumentala, Amets Arzallus Antia eta Marc Parramon Bori egileen eskutik: Altsasu (gau hura): «Ikaragarria da gertatu dena, ikaragarriko filma da. Ez nintzen jabetu gertakari hark zer heinetaraino hunki duen Euskal Herria. Hausnarketa bultzatzen duten film horietakoa da. Errotik durduzatu gaitu. Oso ongi egina da. Badirudi historia ez dela bukatu, baizik eta jarraitzen duela. Beraz, garrantzitsua zaigu filma Miarritzen erakustea», erran du Camdessusek.

Berritasuna dakar festibalak; alde batetik, bi film euskarazko azpidatziekin hedatuko baitituzte: Sergei Loznitsaren Babi yar. Context eta Marija Zidarren Reconciliation. Bada bulta bat antolatzaileak ari direla gogoetatzen euskarazko azpidatziak dituzten filmak sartzeko, bainaorain arte ez zuten aterabiderik atzeman. Aurten, alta, Bilboko Zinebi dokumental festibalekoekinjarri dira harremanetan. Izan ere, aipatutako bi film horiek zabaldu zituzten Zinebin euskarazko azpidatziekin, eta, justuki, Fipadocek ere hautatu zituen: «Begi bistakoa zitzaigun Miarritzen ere euskaraz erakuts zitezen. Nahi baitugu festibalak kolore hori ere ukan dezan. Tokiko jendea festibalarekin identifika dadin nahi dugu», gehitu du arduradunak.

Bertzetik, sail berria abiatu dute Donostiako Zinemaldiaribegi kliska eginez: Gout du doc (Doken dasta), zeinak gastronomia baitu ardatz. Ordezkari nagusiak goraipatu du Euskal Herrian hain ongi jaten den non munduko eskualde izardunenetarikoa baita. Hala, miarriztarrek preziatzen dutenaz «jabetu» daitezela kanpotik heldu diren festibalzaleak: «Eskualdearen paisaiaren parte baita gastronomia ere».

Europako dokumentalgintzako eragile garrantzitsuenetarikoa da Benelux; horregatik,toki berezia eskainiko dio Fipadocek: Belgikako, Herbehereetako eta Luxenburgoko bi urteotako dokumentalak hedatuko ditu.

Preseski, aurtengo gomit berezia Heddy Honigmann dokumentalgile herbeheretarra da, zeinak bere burua deskribatzen baitu: «Ideiez baino jendeaz gehiago interesa duten dokumentalgileen %30 horietako bat naiz».

Aurkeztuko diren obra guztiak ez dira lehiatuko, baina dokumentalen nazioarteko jaialdiak hamabortz sari banatuko ditu. Ofiziokoek elkarrekin trukatzeko hitzordua ere da Fipadoc, eta Zukugailua elkarteak, adibidez, bilkura bat egiteko baliatuko du.

«Zinezko istorioen» festibala, bertze denak bezala, COVID-19ak zaurituko du poxiño bat, neurri bereziek baldintzatuko baitute. Baina egin, eginen da, ez baita guti, panorama kulturalari so eginez gero. Horiek hola, txertoak eta osasun ziurtagiria kontrolatuko dituzte, jende edukiera mugatuko, maskara beharrezkoa izanen da, eta ezin izanen da jan eta edan areto eta ekitaldi guzietan. Azken horiek oro, bai apairuak ere, jarririk iraganen dira. Erran beharrik ez, antolatzaileek deitzen dute jendeen arteko segurtasun tartea errespetatzera.

Testuinguruak marraztu du aurtengo afixa ere: Gauri Gill argazkilari indiarraren argazki batek ematen baitio aurpegia pandemiari. Acts of Appearance serierako, Dharma Kadu anaia eta artistei eskatu zien maskak egin zitzaten. Haiek argazkitan hartu zituen, eta Untitled (29) argazkitik dute jalgi 2022ko Fipadocen afixa; ezin hautu egokiagoa, jendea musukoari tai gabe musu ematen dabilen garaiok ikusirik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.