«Mugimenduari, errefuxiatuei, mundu mugagabe honi». Hala dio Beatriz Txibite idazlearen (1991, Burlata, Nafarroa) poesia liburu berriaren lehen orriko eskaintzak. Liburuaren izenburuaren osagarri da; izan ere, mugitzearen eta mugatzearen arteko hitz joko bat da titulua: Mugi/atu. Hain justu, mugimendua izan du bizibide, azken hamahiru urteetan hamar herrialdetan bizi izan baita.
Egonaldi horietako batean oinarrituta idatzi du poesia liburua; Donostia Kulturak antolaturiko Beste Hitzak egitasmoaren barruan, Esloveniara joan zen. Hala ere, Txibitek azaldu duenez, badira beste toki batean idatzitako olerkiak ere: «2017an eginiko egonaldian idatzitako liburua da, baina badira Jakartako enbaxadan lanean egon nintzenean idatzitako beste hainbeste poema ere». Hala, eguneroko bizipen, pentsamendu eta gogoetakjaso ditu lan berrian, mugitzeak eta mugitu ezin izanak dakartzan muga mugagabeak ardatz.
Olerkiek mugen inguruan hitz egiten badute ere, bestelako abiapuntu bat izan zuen proiektuak: «Euskal Herria eta Jugoslavia izan nituen abiapuntu, izan dituzten mugen arazoengatik eta nazionalismoarengatik. Gero, Atenasen pasatu nituen aste batzuen ondorioz, lan hau errefuxiatuen inguruan egin behar nuela pentsatu nuen». Bide horretatik jarraitu, eta mugen inguruan idaztea erabaki zuen idazleak. Ez da, baina, muga geografikoez soilik mintzo olerkietan: «Ez dira bakarrik muga fisikoak edo muga politikoak, beste muga pertsonal eta filosofikoak ere ageri dira liburuan; egunero zeharkatzen ditugun edo zeharkatzen saiatzen garen muga horiek guztiak».
Idazlearen ikuspuntutik idatziak daude olerkiak, eta Txibiteren biziera dute oinarrian. Hori nabarmendu du: «Nire ikuspuntutik daude idatziak; beraz, agerian geratzen dira nire kontraesanak eta pribilegioak. Askotan esan ohi dute bizimodu nomada bat dudala, eta hori pribilegio bat da; izan ere, mundu honetako askok ez dute joan-etorrian ibiltzeko pribilegio hori». Oso lan pertsonala izan dela esan du, eta, aldi berean, «orain arte idatzitako libururik politikoena» dela. Ezintasun eta inpotentzia emozioak bizi-bizi izan ditu lana egin bitartean, eta sentimendu horiek islatzen saiatu da olerkietan.
Poeta nomada
Mugimendua izan du hizpide liburua idaztean, eta, hain justu, mugimendua du etxe idazleak; etxerik izatekotan: «Nire bizimodua mugimenduan egon da azken urteetan;ez dakit non dudan etxea». Hala, mugimenduan egote hori sentitzen du etxe, eta, adierazi duenez, horrela sentitzen da erosoen. Hizkuntza ere goraipatu du: «Mugimendua eta hizkuntzak dira nire etxea; horregatik idatzi dut lana euskaraz, hori nire etxea izateko: nire pentsamenduak, nire burua; nire etxea». Kasurako, nomada izaera hori azpimarratu du Jose Angel Irigarai Pamiela argitaletxeko editoreak ere: «Abentura, ibilaldi eta joan-etorri asko dago liburuan, eta hori, hain zuzen ere, bere nortasun orokorraren adierazgarri eta literaturan garatu duen poetika mota honen adierazle da: nomada da, eta bakardadearen atzetik eta emozio horretatik ihesi egiten du topo jendartearekin».
Txibiteren poesia estiloa definitu nahian, berezi gisa izendatu du Irigaraik haren idazkuntza: «Poetika berezia igartzen da: oso fina, oso pertsonala eta aldi berean oso kolektiboa, gizarteari dagozkion kontuak ukitu eta deskribatzen dituena». Dramatismotik eta tragediatik aldentzen den estiloa dela azaldu du, eta elipsiaren erabilera ageria ere nabarmendu du: «Askotan, esaten dena baino gehiago, oso iradokitzailea da esan gabe edo esandako horren hegalean erdi itzalita gelditzen dena edo isiltasunean gelditzen dena». Halaber, ironia eta hitz jokoak ere liburuaren osagai garrantzitsu eta bereizgarriak dira Irigarairen ustez: «Hitz jokoak erabiltzen ditu, hizkuntzarekin ere jokatuz, eta ironia fin hori ere erantsiz. Azkenean, deskribapen baten ondorioz eta isiltasunaren ondotik sortzen du halako ironia, herri kritika moduko bat; betiere bere tamainan».
Olerkiekin bakarrik ez, Txibitek eginiko collage eta irudiekin ere egingo du topo irakurleak: «Nire olerkiekin batera hainbat collage edo irudi agertzen dira, eta horiek nire sormenaren beste adierazle bat dira, egiten ditudan beste gauzekin batera nire bizitzari zentzua ematen dietenak». Era horretan, olerkietan jorratzen diren gai eta hausnarketa berei erantzun nahi die idazleak irudi horien bitartez. Horrez gain, gaiaren inguruan beste zerbait egitea gustatuko litzaiokeela adierazi du Txibitek, eta beste artista batzuekin kolaboratzea du buruan: «Asko gustatuko litzaidake beste artista batzuekin, musikariekin, bideogileekin eta abarrekin honen inguruan, mugen eta mugimenduaren inguruan, proiektu berezi bat sortzea edota zerbait egitea, solasean jarraitzeko eta solas artistiko berri bat sortzeko».
Hala, norberaren mugetatik harago zer dagoen deskubritzeko eta horren inguruan hausnartzeko parada izan liteke Txibiteren lana. Irigarairen esanetan: «Lan iradokitzailea, interesgarria, gaurkoa, gai asko ukitzen dituena, baina gehiegi ukitu gabe; elipsiarekin jokatuz,baina oso iradokizun handiak eskainiz».
Mugitzearen kate hotsak, ozen
Beatriz Txibite idazleak 'Mugi/atu' poesia liburua aurkeztu du. Mugitzearen muga mugagabeez hitz egin du. Orain arte idatzi duen libururik «politikoena eta pertsonalena» da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu