Zaleak eta lagunak batzekoa

Berri Txarrak taldea hamabost lagunekin izango da uztailaren 14an Kobetamendin egingo duen saioan. El Drogas, Iseo, David Ruiz, Aiora Renteria eta Matxet dira horietako batzuk

Berri Txarrak taldeko kideek agerraldia egin zuten atzo, Bilboko Kobetamendin egingo duten kontzertuaren xehetasunak emateko. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
«Ez dakit nola iritsiko garen, ezta iritsiko garen ere». Umoretik heldu dio Gorka Urbizu Berri Txarrak taldeko abeslari eta gitarristak. AEBetara bidea hartzeko zorian dira taldekideak, ostiraletik hilaren 23ra bitarte sei kontzertu emango baitituzte bertan. Mexikora egingo dute gero. Daramaten martxaren lagin bat da datorren asterako taldeak duen agenda, atsedenik hartu gabe baitabiltza «etenaldi mugagabea» egingo zuela iragarri eta Ikusi Arte Tour 2019 bira abiatu zutenetik. Euskal Herrian iragarritako emanaldi guztietako sarrerak bukatuta daude jada, bakarrekoak salbu: uztailaren 14an Bilboko Kobetamendin egingo duen saiokoak. «Berri Txarrak Euskal Herrian ikusteko dagoen aukera bakarra da». Urbizuk aitortu du ikuskizun berezia izango dela Kobetamendikoa, hamabost musikari ingururen kolaborazioak izango dituztelako tartean. Bost izen aurreratu dituzte, oraingoz: Enrique Villarreal El Drogas, Leire Villanueva Iseo, David Ruiz, Aiora Renteria eta Iñaki Altolagirre Matxet. Egunari buruzko xehetasunak azaltzeko agerraldia egin zuten atzo, Bilboko Kafe Antzokian.

Azken birako kontzertuen sarrera salmenta «erotzekoa» izan dela azaldu du Urbizuk, eta Nafarroa Arenan azaroaren 24an egin behar duten azken emanaldiarekin gertatutakoa jarri du adibide gisa: sarrera guztiak minutu gutxi batzuetan saldu zituztenez, aurreko egunean beste kontzertu bat antolatzea erabaki zuten. «Taldea ikusteko zegoen eskaera ikusita, pentsatu genuen inork sarrerarik gabe geratu behar ez lukeen kontzertu bat egin behar genuela». Ezohiko ikuskizun bat egin nahi dute, horregatik, Bilboko Kobetamendin, BBK Live jaialdiaren azpiegitura aprobetxatuz. Emanaldi «bakana» prestatzen ari dira. «Aparteko zerbait eskaintzeko, miresten ditugun musikariekin eta lagun artean izango gara agertokian».

Abeslariak aitortu du taldea ez dela inoiz kolaborazioak egitearen zale izan, eta horrek ere egiten duela berezi Kobetamendiko kontzertua. «1.000 emanaldi baino gehiago egin ditugu, eta halako zerbait prestatzen dugun lehen aldia da». Zuzenean edo zeharka Berri Txarrak-ekin harremana izan duten artisten laguntza izango dute Kobetamendin. «Ahalegin berezia egiten gabiltza ikusleak ere izan dezan aukera bestelakoa den zerbait ikusteko».

«Lagunen artean»

Oraindik ere kolaboratzaileen zerrenda prestatzen dabiltzala aitortu du Urbizuk, baina, iragarriduenez, hamabost lagun ingurukoa izango da zerrenda. Momentuz, bost izen egin dituzte publiko. «Guretzat erreferenteak diren edo miresten ditugun egileak dira». Enrique Villarreal El Drogas aipatu du lehenik. «Errespetu handia diogu». Leire Villanueva Iseo musikaria ere izango da oholtzan. «Bere kantuak ingelesez izanagatik ere, asko miresten dugu».

Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslaria izan da Urbizuk jaurti duen hirugarren izena. «Euskal musikagintzak eman duen ahotsik ederrenetako bat da. Kontzertua Bilbon izanda, garrantzitsua iruditzen zitzaigun Zea Mays taldea gurekin egotea». Belaunaldi berekoak dira talde biak. «1990eko hamarkadaren bigaren erdialdean sortu ginen bi taldeak, eta hamaika bider izan gara agertokian elkarrekin». La M.O.D.A. musika taldeko David Ruizen laguntza ere izango du talde nafarrak. «Sarritan esan du Berri Txarrak taldearen zale amorratua dela. Fokuetatik aparte sortutako talde bat da, eta bere taldean ere kolaboratu dut».

Iñaki Altolagirre Matxet da Urbizuk aipatu duen azken musikaria. «Aspaldikoa da gure arteko harremana». Sega Saund Killers, Jousilouli eta Naizroxa taldeetan aritutakoa da Matxet; eta, besteak beste, Berri Txarrak taldearen Eskuak Ukabilak (2001) laneko Mundua begiratzeko leihoak abestian parte hartu zuen. «Ipurtarin hutsa da, proiektu interesgarrietan sartuta dago beti». Bost musikari horiez gain, hamar bat gehiago izango direla azaldu du Urbizuk.

Kontzertutik harago

Taldearen emanaldiaz haragokoa izango da uztailaren 14ko ekitaldia, eta taldekideek zehaztu dute arratsaldeko egitaraua prestatzen ari direla. 16:00etan zabalduko dituzte ateak, eta 20:30ak bitarte eskaintza kultural «oparoa» izango dela azaldu du Urbizuk. «Kultur eskaintza zabala biltzea nahi dugu, ez dadin Berri Txarrak-en eta gonbidatuen arteko emanaldi soila izan». Antzerkia, bertso saioak, dantza emanaldiak eta musika saio laburrak izango dira, besteak beste, arratsaldean zehar.

Kontzertua, berriz, 21:00etan hasiko da, eta, asko jota, 00:00ak iraungo du saioak. «Jende asko bilduko gara oholtzan, eta luze joango da. Baina saiatuko gara hiru ordu baino gehiagoz ez luzatzen». 10.000 sarrera saldu ziren salgai jarri eta zortzi ordura, baina «guztientzako» tokia dagoela azpimarratu dute gaur. 35 euroan eskuratu daitezke, www.berritxarrak.net webgunean. Haurrentzako prezio bereziak jarri dituzte: 3 urtera bitarteko umeek euro bat ordaindu beharko dute sartzeko, eta 3 eta 11 bitartekoek, aldiz, zortzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.