Hitzen maitalearen narrazio «gordinak»

Victor Catala idazle katalanaren ipuin bilduma bat atera du Txapalartak, euskaraz: 'Atsoa'. 1902tik 1951ra arteko hamar lan bildu dituzte. Gai batzuek indar handia dute: emakumea, indarkeria eta landa eremua

Caterina Albert i Paradis, Victor Catala. BERRIA.
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Victor Catalak katalanez idatzitako hitzak euskarak hartu ditu besoetan, lehenbiziko aldiz. Idazleak alter egoa zuen Victor Catala, luma izena, eta Caterina Albert i Paradis egiazko deitura (L'Escala, Herrialde Katalanak, 1868 - 1966). Modernismo katalanaren ikurtzat jotzen da, eta, haren obraren inportantziaren jakitun, idazlearen hamar narrazio bildu ditu Txalaparta argitaletxeak, eta antologia batean plazaratu: Atsoa du izena. Sagastibeltza deiturarekin sinatzen duen itzultzaile anonimo batek euskaratu du.

Jatorrizko hizkuntzan argitaratu ziren ordena berean eman dituzte ipuinak antologian, aurrenekoa eta bizi zela argitaratutako azkena barne. 1902koa da lehenbizikoa (Mutxurdineneko Met); azkena, 1951koa (Aleixeta). Liburua, hortaz, bost hamarkadako bidaia bat da irakurlearentzat.Landa eremuko paisaiak, emakumeen bizitza biolentziaz beteak eta historia mingotsak, hizkera zainduz kontatuak.

Beste askorentzat «ongarri» izan zelako. Besteak beste, horregatik ekarri dute Catalaren obra euskarara, Txalapartako editore Garazi Arrulak azaldu duenez. «Modernismoaren ikur bat da Catala, eta, beharbada, hura gabe ezin lirateke ulertu literatura garaikide katalaneko autore eta obra batzuk. Nolabait, hura izan da ondoko askoren oinarria».

1905ean argitaraturiko Solitud eleberriari esker lortu zuen sona idazleak. Senarrarekin duen harremanak gogobetetzen ez duen andre baten istorioa da liburuaren muina. Gizonaren alferkeriaz eta zaintzarik ezaz gogaitua bizi da etxean, bakardade sentimenduak harturik. Min hori eranzteko bidea bilatzen duen arte; etxea uzten du andreak, ihesi. Eleberri sakona da, iradokitzailea eta kritikoa. Bistakoa du genero ikuspegia.

Horiek hala, Txalapartak bazuen Catalaren eleberri entzutsetsu hura argitaratzea. Idazlearen ipuinak zituzten begiz joak, ordea. «Pieza laburrak idazten zituen batez ere. 50 urtean, ehun inguru». Hain zuzen ere, horregatik iritzi zioten narrazioetako batzuk aukeratuz osaturiko antologia bat dela idazlea ezagutzeko «laginik adierazgarriena». Arrulak zehaztu duenez, «bai edukian, bai forman». Blanca Llum Vidal poeta eta Catalaren obran adituak egin du hautaketa.

Araua zalantzan jarriz

Arrularen arabera, Catalak tonu jakin batzuk izan zituen bidelagun literatur ibilbide osoan. Modu «sentiberan» idazten zuen, eta eleberri eta ipuinetan aski nabarmen islatzen ziren barrenak astintzen zizkioten gaiak: landa eremua, basakeria, desira femeninoa, emakumeen arteko harremanak, amatasuna, zahartzea, eta bakardadea, adibidez.

«Eta indarkeria», zehaztu du editoreak. «Izan emakumeen kontrakoa, izan umeen, zaharren edota abarren kontrakoa». Arrularen esanetan, antologian hasieratik bukaerara da bistakoa indarkeriaren lorratza.

Victor Catalaren lanez mintzo, gordintasun hitza ezpainetaratu ohi zaie adituei, egilearen idazteko modua deskribatzeko garaian. Urrunago jo du Arrulak: «Inpresioa dut horrela idazten zuela ez dagoelako beste modurik kontatzen zituen gertaera horiek azaltzeko. Hau da, azaltzen du indarkeria, naturaren basakeria eta beste. Ez du tragediaz azaltzen, ezta fatalismoz ere; baina, noski, agian bai gordin, ezin baita bestela egin».

Errail nagusitik kanpokoaz aritzea ere maite zuen idazle katalanak. «Catalari gustatu egiten zaio araua zalantzan jartzea; ez dut esango nahita egiten duela, baina egin, egiten du», zehaztu du Arrulak. Adibidez, ezkontzatik kanpoko erditzeak agertzen dira haren obretan, eta zalantzan jartzen du ezkontzaren instituzioa. Gainera, Catala izan zen lehenbizikoa literatura katalanean lesbianismoa kontatzen.

Cira Crespo historialari eta idazleak idatzi du hitzaurrea Atsoa-n. «Ilusioz» egin du, bereziki pozten baita Victor Catala euskarara ekarri delako. «Literatura katalaneko idazle kanonikoetako bat da», nabarmendu du. Hari, hitzaurrean bertan kontatu duenez, institutuan agindu zioten haren lanak irakurtzeko, Katalunian. Oraindik gogoan du lehenbiziko aldi horrek eraginiko harridura.

Hala eta guztiz ere, Crespok zehaztu duenez, kultur munduan idazleari egin zaion aitortza ez da inoiz izan behar adinakoa, hizkuntzari loturiko mugek nabarmen hesitu baitiote sona. «Hori dakar hizkuntza gutxitu batean idazteak, zoritxarrez».

Hain justu, askotan esana da, eta agerikoa da utzitako lanetan, Catalak bihotzez maite zuela katalana. «Hitzen maitalea zen», erantsi du Crespok. Ohartarazpen bat egin ohi zuen Catalak, sarri: «Katalunian egunero hiltzen dira hitzak». Eta, izatez, hain zen hitzen maitale, ezen koaderno batean zerrendatzen baitzituen haren ustez hilzorian ziren hitzak. Paperean erabiltzeko gero, eta ele horiek suspertzen saiatzeko hala.

Idazleak Solitud eleberriagatik jasotako iruzkin batzuk ekarri ditu gogora Crespok, dioenez askok goraipatu baitute lan horretan erakutsitako trebezia. «Esan izan da Catalak dialekto berri bat sortu zuela eleberri horrekin. Hori mundu berri bat sortzearen parekoa da». Hori ekarpen «izugarria» dela uste du. «Catalaren pareko idazleek lortzen dute ikusaraztea hitzek zenbat aukera ematen duten, zer aberatsa den hizkuntza».

Caterina Victor egiteaz

Arrulak ere nabarmendu du Catalaren prosa joria. Halaber, haren esanetan, idazlearen hizkerak agerian uzten du familiak zuen maila sozioekonomikoa. «Nahiz eta landa giroan hezia izan, familia lur-jabe eta katoliko batean sortua da, eta bistan da nahiko eskura izan zituela zenbait arte diziplina». Izatez, idazlea ez ezik, margolaria eta eskultorea ere bazen Catala. Literatura ez ziren lanak, ordea, egiazko izenez sinatzen zituen, emakume izenez: Caterina Albert i Paradis. Zergatik bihurtu, literaturan, Caterina Victor. Hainbat andre idazlek hartutako bide bera hartu zuen, epaietatik ihes egiteko, segur aski. Iritzi horretakoa da Arrula: «Aurreiritzirik gabe idatzi nahi zuen, eta hala nahi zuen leitua izan. Hasieran, horrek eraman zuen gizon izenez sinatzera».

Artean bizirik zela, baina, jada aski zabaldua zegoen Victor Catalaren benetako identitatea. Halere, luma izenez sinatzen segitu zuen idazleak, gizon izenez. Crespok susmo bat du horren inguruan: «Askeago izaten segituko zuen horrela. Bere intimitateaz aritzeko ere erosoagoa izango zitzaion Victor izena». Zehaztapena egin du Arrulak:«Ezkutatzen segitzeko eginen zuen, eta izen beraren pean gelditu zedin bildua haren literatur obra osoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.