Itsaspekoak euskal uretan

Mikel Begoñak eta Iñaketek 'Helize' izeneko espioitza komikia sortu dute, Lehen Mundu Gerrak Bizkaian utzitako datu historiko sorta bat txirikordatuz

Komikiko irudietako bat. IÑAKET.
Inigo Astiz
2020ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
«Ze kristo?». Itzal zehaztugabe erraldoi bat ontzi azpitik pasatzen igarri du lehenik arrantzaleak Plentziako badian (Bizkaia). «Balea ote da?». Baina olatu batzuk altxa dira berehala, eta zarata mekaniko bat hasi da gero. «Rururururururu». Urari begira dago jadanik. «Ru?». Eta, ohartzerako, ia lehertu dio ontzia itsaspeko alemaniarrak, matxuratutako helizea konpontzeko misio sekretuan azaleratu denean, baina hasierako sustoa gorabehera, sakonean, neurrikoa baino ez da arrantzalearen harridura. «Aditu, koño!! Ia-ia hondora bota nauzue!». Ezin bestela izan. Bizkaiko kostaraino heldu ziren Lehen Mundu Gerrak nahasitako itsasoko urak, eta, hain zuzen ere, sasoi hartan eta Bizkaiko kostan kokatu dute horregatik Helize espioitza komikia (Harriet) Mikel Begoña gidoigileak eta Iñaki Martinez Iñaket marrazkilariak. Aldi berean eman dute argitara euskaraz eta gazteleraz.

«Banekien Plentzia inguruan urpeko ontziak ibili zirela Lehen Mundu Gerran, eta hortik tiraka hasi nintzen». Begoñak dioenez,lehen abiapuntu horretatik hasita, geruzaz geruza joan da lana osatzen. Matxuratutako helizea konpontzeko Euskal Herrian geldialdia egin behar duen itsaspeko alemaniar bati buruzko «istoriotxo labur bat» egin zuen lehenik, eta oinarri horren gainean joan ziren gero kontakizuna aberasten. «Saiatu naiz kontakizun sinple bat ematen irakurleari, abentura batzuekin, baina sakondu gura duenari ere sakontzeko aukera uzten».

Erabat asmatutakoa da istorioa, baina benetakoa da abiaburu duen espioiz eta tentsioz betetako giroa, eta, horregatik, bata bestearen atzetik ematen ditu datu historiko zehatzak gidoigileak, azalpenetan murgildu ahala. Zehatz gogoratzen ditu Eusko Alderdi Jeltzalean sasoi hartan izan ziren eszisioak, sakon azaltzen du du lehenik alemaniarrekin eta gerora Francorekin kolaboratu zuen Austriako kontsularen historia, eta fresko ditu buruan sasoi hartan itsas gatazkei buruz idatzitako kronika sorta bat ere. Eta, hain zuzen ere, han-hemenka jasotako hari erreal horiek guztiak txirikordatuz sortu dute komikia.

Gidoia idazten hasita zegoenean ezagutu zuen bere aititaren historia ere. «Umea nintzenean hil zen, baina akordatu nintzen zelan komentatzen zuen naufragio batean ibili zela Lehen Mundu Gerran, eta komikiarekin hasiak ginenean ekarri zidan lehengusinak haren gaztetako argazki bat zekarren nabigazio liburuxka». Dokumentu horri esker jakin zuen aitona hura Ason izeneko ontzian ibilitakoa zela, eta Glasgowra bidean zihoazela harrapatu zutela alemaniar itsaspekoek. Itsasontziko langile guztiak ontzitik jaistera behartu, itsasontzia lehergailuz bete, eta hondoratu egin zuten. Halere, tripulazioa salbamenduontzi batera eraman, eta kostaldera gerturatu zuten. «Umetatik gogoratzen nuen hori», azaldu du Begoñak; «zelan lotu zioten txalupa soka batekin urpekoari, eta zelan zeramaten aizkora bat beti eskutan, alemaniarrek hondora joz gero, lotura hori kolpean mozteko». Eta, zehazki, eszena horrekin abiatzen da Begoñaren eta Iñaketen komikia; torpedo jaurtiketa bat ere gehituta, betiere.

Tiroak eta golak

Komikia ez da gerrari buruzkoa bakarrik; sasoiko klase gatazken berri ere ematen du lanak, esaterako. Baina, horrez gainera, neurri batean, liburua bada sasoi hartako futbolari egindako omenaldi bat ere. Begoña: «Pentsatuta genuen komikiren bat egitea [Rafael Moreno] Pitxitxi futbolariaren irudia erabiliz, eta komikian erabiltzea erabaki dugu, baina ez bakarrik Athletic-en ikuspegitik, baiziketa Arenas futbol talde txikiaren ikuspegitik ere».

Historikoa da aitzakia, kasu horretan ere. Begoñak dioenez, 1917an jokatutako partida bat baitu oinarri kontakizunak. «Arenasek irabazi egin zion Athletici, eta, gainera, kanporatu egin zuen, hemen jokatzen zen Campeonato del Norte izeneko lehiaketatik». Gainera, partida horren ingurukoak izango dira komikiaren puntu gorena, momentu horretan joango baitira ordura arte hari solteak ziruditen kontakizunak elkarrekin lotzen eta kiribiltzen, amaierarako, guztiak azken pertsekuzio eszena batean lehertzeko, tiro hotsen eta golen ospakizun oihuen artean.

Maite du detaileak zaintzea Begoñak, eta gidoiaz gainera, dokumentazio lanak ere bere gain hartzen ditu. «Pentsatzen badut pistola bat agertuko dela, begiratzen dut zer modelotakoa izan daitekeen, adibidez. Lan handia egiten dugu alor horretan ere».

Aurrez ere elkarrekin maiz lan egindakoak dira Begoña eta Iñaket, eta, 2008az geroztik, Helize-z gainera, beste sei komiki dituzte kalean. Ezagun zaie historiazaletasuna beste lan horietan ere, 1936ko gerra eta frankismoa landu baitituzte, besteak beste. Gazteleraz zein frantsesez argitaratu dituzte beren lanak orain arte, eta italierara ere itzulia dute historiaurrean kokatutako …tzi trilogia. Helize da bien sinadurarekin euskaraz argitaratu duten lehen lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.