Ligak denboraldikobigarren etena du asteburuan. Txapelketa hasierak ez dira errazak izaten. Denek ezartzen dute helburu bat lehiatzen hasi aurretik, eta jardunaldiak pasatu ahala betetzen ari diren edo ez aztertzen hasten dira. Bigarren etenaldi hau izan ohi da hausnartzeko lehen mugarria. Helburutik urrun egonez gero, kezkak eta zalantzak hasten dira.Esperotako tokian egonez gero, berriz, ordu arteko lanari segida ematen diote, ordu artekoa akuilutzat hartuta.
Euskal taldeen kasuan, nahiko ondo hasi dira. Reala eta Athletic ondo ari dira. Osasunari min egin dio Konferentzia ligatik kanpo geratzea, eta pixkanaka ari da martxa hartzen. Alaves, berriz, igo berria izanda, jakina zen sufritu egingo zuela. Baina ari da pausoz pauso bidea egiten.
ATHLETIC
Europa jomugan
Indartsu hasi du Athleticek liga. Zuri-gorriek maila aparta erakutsi dute aurreneko bederatzi jardunaldietan, eta oraintxe bosgarren dira sailkapenean, 7 punturekin. Bi neurketa baino ez dituzte galdu: Real Madrilen eta Realaren aurka. Gainontzeko lehietan zerbait arrantzatzea lortu dute. Iñigo Ruiz de Galarretaren fitxaketak argitasuna eman dio Ernesto Valverderen taldeari, nahiz eta orain min hartuta egon. Eibartarrak freskotasuna gehitu dio bizkaitarren jokoari, eta hori asko eskertu dute zelai erditik aurrera dabiltzan jokalariek.
Azken sasoietan, besteak beste, Athletici gola falta izan zaio Europako postuetan sartzeko. Neurketa askotan puntuek ihes egin diote ate aurrean barkatzeagatik. Sasoi honetan, baina, atzealdean izan ohi duten sendotasuna mantentzeaz gain —bost partidetan atea hutsean utzi dute—, eraginkor azaldu dira aurkariaren arean. Iñaki Williamsek eta Guruzetak dagoeneko lau gol sartu dituzte, eta erdilariak ere beren ekarpena egiten ari dira. Horrela jarraituz gero, nekez egingo die alde Europak zuri-gorriei.
REALA
Martxa hartuta
Denboraldiaurre berezia izan zuten donostiarrek, AEBetara bidaia eta guzti. Imanol Alguacili ez zizaion askorik gustatu, eta aurreneko jardunaldietan argi ikusi zen teknikari oriotarraren haserrearen zergatia. Kosta egin zaio Realari martxa hartzea. Txapeldunen Ligara itzuli den denboraldi berezi honetan, ligako aurreneko jardunaldietan garbi ikusi zen taldea sasoi betean ez zegoela. Hiru berdinketa kateatu zituzten, horietako bi etxean. Hasiera batean, Donostiako taldearentzat irabazteko modukoak ziren partida horiek: Gironaren, Celtaren eta Las Palmasen kontra. Irailarekin batera esnatu, eta zer egiteko gai diren erakutsi dute: Txapeldunen Ligako multzoan lider, eta ligan seigarren, 15 puntu bilduta. Une askotan aurreko sasoiko joko ikusgarria eginez, gainera. Helburua argi dute: berriro ere lau onenen artean amaitzea liga.
Take Kubo, Ander Barrenetxea eta Brais Mendez izan dira gipuzkoarren iparrorratzak zelaiaren azken metroetan. Ikusgarri aritu dira hirurak orain arte. Hiru horiekin gutxi ez, eta Realeko zaleen zorionerako, Mikel Oiartzabal kapitaina ere lesio aurrekoa izatera itzuli da azken partidetan.
Berragertu zenetik, baloirik gabe lan handia egin du eibartarrak ia lehia guztietan, baina, azken hiru asteotan hasi da berriro golak sartzen: bost gol azkeneko bost partidetan.
OSASUNA
Asmatu ezinda
Bruggeren aurkako atariko kanporaketa galdu, eta Konferentzia ligako multzokako fasetik kanpo geratu zen Osasuna. Min egin dio horrek. Ezinean dabiltza gorritxoak ordutik. Sentsazioak guztiz txarrak ez izan arren, ez dira euren onena ematen ari. Esan beharra dago egutegi oso zaila izan dutela nafarrek aurreneko bederatzi jardunaldiotan. Besteak beste, Bartzelonaren, Real Madrilen, Atletico Madrilen eta Athleticen aurka jokatu dute. Baina Jagoba Arrasatek zuzendutako taldeari pauso bat ematea falta zaio. Aurreko denboraldikoa berdintzea zaila izango da, eta akaso sortu diren espektatiba horiek taldeari lagundu baino gehiago, kalte egin diote. Lotu egin dute.
Emaitzei erreparatuta, etxean uso eta kalean otso dabil Osasuna. Erdietsi dituen hiru garaipenak Iruñetik urrun izan dira. Orain bi sasoi bezalaxe, Sadarren irabaztea kostatzen ari zaie. Ligan aurkari zailak izan dituzten arren, lau neurketetan puntu bakar bat lortu dute etxean.
Halere, badute zeri heldu gorritxoek. Taxoaretik ateratako gazte nafarrak —Jesus Areso, Iker Mu-ñoz, Aimar Oroz...— oso ondo ari dira, eta udaberrira arte itxaron behar izan gabe, Ante Budimir golak sartzen ari da denboraldi hasieratik.
ALAVES
Sufritzera kondenatuta
Ligako talde guztien artean, Alavesek izan zuen denboraldia prestatzeko denbora gutxien. Berandu amaitu zuten iragan sasoia, eta berri honi aurre egitea kosta egin zaio Gasteizko klubari. Fitxaketa mordoa egin dituzte, eta jokalari multzo horretatik talde bat sortzea ez da erraza izan duten tarte apurrean. Baina Luis Garcia Plazarenek ondo erantzun dute erronka berri honetan. Badakite helburua 38. jardunaldian euren atzetik hiru talde edukitzea dela, eta hori lortzeko askotan sufritzea tokatuko zaiela. Oraingoz, aurrez ezarritako gidoitik ez dira atera arabarrak sasoi hasiera honetan.
Mendizorrotza bidelagun izan dute ligako lehen neurketetan. Etxean bildu dituzte orain sailkapenean dituzten zortzi puntuetatik zazpi. Gehiago ere izan zitezkeen, zaleen babesean ondo jokatzen ari baitira, eta sentsazioak ere onak dira. Baina kamuts ibili dira azken metroetan. Asko iristen dira aurkariaren areara, baina behin hara iritsita, argitasuna galtzen dute, eta merezi izan dutena baino sari txikiagoarekin amaitu dituzte norgehiagoka asko.
Beren martxan, badoaz
Euskal taldeek ondo ekin diote liga hasierari oro har. Bederatzi jardunaldiren ostean, gora begira daude Reala eta Athletic; larriago ari dira, berriz, Osasuna eta Alaves.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu