Iazko urriaren amaiera. Vardanek pertsona talde bat aurkitu zuen hainbat egunez noraezean ibili ondoren; ez zekien zenbat denbora igaro zen bere batailoiko kideak galdu zituenetik. Ez zekien non zegoen. Horrenbeste gose pasatu zuen, non normalean egoskinak egiteko erabiltzen zituzten belarrak jan zituen. Arropa gutxi zeraman, erantzi egin zituelako Azerbaijango tropei bera etsai gisa identifikatzeko modua emango lieketen jantziak. Behin baino gehiagotan kusi zituen militar etsaiez osatutako taldeak, eta lasterka jaitsi behar izan zuen menditik, eta bere burua lurperatzera ere heldu zen haiengandik ezkutatzeko. Hainbat egun noraezean igaro ostean, non zegoen eta haren batailoiko tropei zer gertatu zitzaien jakin gabe, azkenean beste armeniar batzuk aurkitu zituen, eta haien bitartez senideei deitu ahal izan zien. Hori izan zen Vardanek soldadu gisa izan zuen azken bizipena, 19 urte soilik zituenean. Bera izan zen Karabakh Garaiko azken gerran Armeniaren aldean borrokatu ziren gazte ugarietako bat. Vardan soldaduska egiten ari zen Erevanen eta Bakuren arteko gatazka lehertu zenean, baina ziur dio borrokatu egingo zela «derrigortua» egon izan ez balitz ere.
Baina bizi izan zuen unerik okerrena ez zen hura izan, Azerbaijango militarrek bera eta taldeko beste hainbat soldadu inguratu zituzten gau bat baizik; haren ustez, aurkariak 80 inguru ziren. Uste du «drogatuta» zeudela, zuten energia kontuan hartuta. Vardan zegoen lubakian, beste kide bat ere bazen, tiro egiteko beldur zena eta arma kargatzen laguntzen ziona. Une horretan desabantaila zuten, tresna gutxiago zituztelako eta zituztenak zaharragoak zirelako. «Mira bera ere ez zebilen ondo», azaldu du. Erretiratzeko puntuan zeudenean, haien ibilgailua tirokatu zuten, eta gidaria hil egin zen. Orduan, ez zitzaien aurrera egitea beste aukerarik geratu. Gaueko kaosaren eta iluntasunaren ondorioz, kideak ikusteari utzi zion; orduan galdu zen eskualdeko mendietan, eta han geratu zen hainbat egunez.
Vardanek dio jainkoak lagundu ziola toki hartatik ateratzen. Kristau erlijioa da Armeniako gizartearen zutabeetako bat: harro esan ohi dute Jesu Kristoren erlijioa bereganatu zuen lehen herrialdea izan zirela, Erromatar Inperioa bera baino lehen.
Vardan izan zen, Erevanek zituen zailtasunen gainetik, frontera joan ziren milaka gazteetako bat. Herrialde bakar baten sostengurik gabe, eta arma eta munizio gutxirekin, Turkiaren eta Siriako mertzenarioen laguntza eta ahalmen militar handiagoa zuten Azerbaijango tropei egin zieten aurre. Azerbaijandarren abantaila handiena droneak izan ziren, zeintzuek armeniarren amesgaiztoa bilakatu ziren. Armenia eta Azerbaijango iturrien arabera, alde bietako 7.350 pertsona inguru hil ziren; horietatik 500 inguru, zibilak. Armeniarren artean, nabarmentzekoa da 25 urte baino gutxiagoko hildakoen kopuru handia; 4.005 hildakoen %60 inguru, orotara.
Haykek ere frontean borrokatu zuen (ez da haren benetako izena). Armeniako armadako frankotiratzaileetako bat izan zen. Vardanek baino oztopo gehiago ditu frontean gertatu zenaz hitz egiteko. Gogoratzen hasten da nola bi hilabetez egin zuen soldaduska, gerrako lehen lerrora joan baino lehen. 19 urte bakarrik eduki arren, prest zegoen frontera joateko. Haren esanetan, okerrena «lehen aldia, lehen unea» da. Adibide gisa jartzen du borrokan egin zuen lehen ordua: «Beldur handiena pasatu nuen unea izan zen. Beldur nintzen zer gertatuko zitzaigun niri eta nire familiari».
Etxerako itzulera
Haykek ez zion kontatu bere familiari frontera joan zela, gatazka amaitu arte borrokan aritu zen arren. Azaldu du bere gurasoek oso pozik hartu zutela uniforme militarrarekin ikusi zutenean. «Oso hunkituta zeuden, batez ere ama», gogoratzen du. Vardanek aurkitu zuena erabat desberdina izan zen. Karabakh Garaiko mendietan galduta ibili ostean (eta familiarekin telefonoz azkar batean hitz egin ondoren), hainbat aste egin behar izan zituen erietxe psikiatriko batean, Poliziak uste zuelako aste bat egin zuela etsaiaren menpe. Kolpe bat ere artatu zioten. Hilabete eta erdi psikiatrikoan igaro ondoren etxera iritsi zenean, jai bat egin zioten. «Amak kontatu zidan nire alde otoitz egiten zuela beti», azaldu du Vardanek. Orain ez da prest sentitzen frontera itzultzeko, ez fisikoki, ezta psikologikoki ere. Hala ere, dioenez, bere onera itzulitakoan berriz borrokatzeko prest legoke, «beharrezkoa balitz».
Hayk bat dator Vardanekin, eta zalantzarik gabe ziurtatzen du berriz borrokatuko litzatekeela beharrezkoa balitz. Haren ikuspuntutik, borroka eremuan zailena «lehen aldia» da beti. «Lehen gorpua, lehen bonbardaketa, lehen ordua, hiltzen den lehen laguna», kontatzen du. Gerra amaitu arte borrokatu zen: 2020ko azaroaren 10ean amaitu zen gatazka, eta urte bereko abenduan itzuli zen etxera. Haykek salatu du ekipamendu militarra falta zitzaiela, Turkiari ez bezala —Turkiak Azerbaijani lagundu zion gerran—. «Hark diru gehiago du», esan du. Dioenez, «jainkoaren presentzia» alde guztietan sentitzen zuen frontean zegoenean. Elkarrizketaren amaieran gazteak hauxe gehitu du: «Gure nazioak ez du indarrik galtzen».
Vardan eta Hayk izan ziren bizirik eta gorputz atalen bat galdu gabe itzuli ziren milaka gazteetako bi. Beste batzuek ez zuten zorte bera izan. 4.000 gazte baino gehiago hil ziren gerran, eta zauritu askok beso edo zangoren bat galdu zuten. Horixe gertatu zitzaion Hratxiari; izan ere, protesi bat behar izan zuen berriz oinez ibiltzeko. Armeniako Heroi Zaurituak egitasmoari eta antzeko beste batzuei esker bizitza errazagoa dute.
Gerrako gazteen belaunaldia
Karabakh Garaiko azken gerran, gazte askok erantzun zioten Armeniako tropen deiari. Denbora luzean itxiko ez diren zauriekin itzuli ziren asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu