Turkiako Fiskaltzak HDP Herriaren Alderdi Demokratikoaren aurka egindako eskaria onartu egin zuen atzo Auzitegi Konstituzionalak. Alderdi kurdua legez kanporatzea eta desegitea eskatzen du fiskaltzak, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin lotura duela argudiatuta, zeina «erakunde terroristatzat» hartzen baitu Turkiak. Zigor eskaera hori bigarrenez egin zuen fiskaltzak ekainaren 8an, aurrekoa baztertu egin baitzuen auzitegiak, nahikoa froga eta informazio aurkeztu ez zuela iritzita. Kontrakoa deliberatu du bigarrengoan, ordea, eta aho batez, gainera.
HDP «antidemokratikoa» dela argudiatu eta haren jarduna debekatzeko 850 orri inguruko txosten bat aurkeztu zien Bekir Sahin fiskalak epaileei. Alderdiko 451 kideren jardun politikoa debekatzea eta alderdiaren kontu korronteak enbargatzea ere jasotzen zuen eskaerak, baina azken horiek ez zituen onartu Konstituzionalak, nahiz eta aurrerago aztertuko dituela azaldu zuen.
Izan ere, baliteke alderdiaren aurkako behin-behineko neurriak hartzea auzitegiak, azken erabakiaren berri eman bitartean. Zenbait hedabideren arabera, urtebete igaro daiteke epaia eman arte. Hamabost epaileren esku egongo da, eta horietatik hamarrek HDP desegitearen aldeko botoa ematea nahikoa litzateke hori gertatzeko. Epaimahaian kontrako boto partikularrak lortzea izan daiteke alderdiko kideen itxaropena, baina, atzo guztiek akusazioa onartzearen alde egin zutela ikusita, ez dirudi haien artean desadostasunak sortzeko aukera handirik dagoenik. Hala ere, alderdia zigortzea erabakiko balute ere, baliteke desegiteraino ez iristera, eta bestelako neurriak aplikatzea, hala nola finantzabideak kentzea edo publizitatea egiteko debekua jartzea. Edozein modutan, azken epaia behin betikoa izango da, eta inongo auzitegik ezingo du atzera bota. Ezta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ere: kritika egin ahalko dio, herrialde horretan hartutako beste hainbat erabakiri egin izan dion moduan, baina ezingo du erabakia aldarazi.
Momentuz, atzo onartutako akusazioaren gaineko defentsa prestatzeari ekin beharko dio HDPk. Alderdiak eta haren abokatuak «ahal den defentsarik indartsuena» egingo dutela azpimarratu zuen Mithat Sancar alderdiko presidenteetako batek, baina gogoratu zuen auzi honen «abokatu nagusia herria» dela, eta, batez ere, «herri kurdua». Erasoa hari bideratua dagoela azpimarratu zuen, baina erasotua «demokraziarako itxaropena» duen oro ere badela zehaztu zuen. Horregatik, auziak «Turkiako herri guztien borroka» bateratzeko balio behar duela aldarrikatu zuen.
«Kanpaina politikoa»
Auzitegi Konstituzionalaren erabakia irmo gaitzetsi zuen Sancarrek, baina handik kanpo kokatu zuen auziaren sorburua. Epaimahaiak fiskaltzaren akusazioa onartu izana «hilabete askoko kanpaina politiko baten» ondorio dela nabarmendu zuen. Gobernuan dagoen AKP Justizia eta Garapena Alderdia eta MHP Mugimendu Nazionalista eskuin muturreko alderdia egin zituen erantzule. «Mehatxu eta xantaia kanpaina oso bat diseinatu dute, eta kanpaina hori dago fiskaltzak aurkeztutako akusazioaren atzean», adierazi zuen. Bi alderdi horiek auzitegiei presio egin dietela salatzeaz gain, fiskaltzarekin eskuz esku aritu direla arbuiatu zuen Sancarrek: «Dudarik gabe, kasu honetako fiskala ez da Kasazio Auzitegiko Fiskal Nagusia. Akusazio hau MHPren egoitza nagusian prestatu zuten, presidentearen jauregian amaitu zuten, eta, ondoren, fiskaltzari helarazi zitzaion». Auzia «politikoa» dela agerian uzten du horrek, Sancarren arabera.
HDPri jazartzeko ekinbide politikoak eta juridikoak martxan direla uste du alderdiko presidenteak, eta kanpaina horren ondorio dela joan den astean Izmir hiriko egoitza batean izandako erasoa. Gizon batek, eraikinari su eman, eta tiro egin zien ondoren barruan zeudenei. Bertan lan egiten zuen pertsona bat hil zuen, tirokatuta. Sancarrek esan zuen epaimahaiak aintzat hartu behar lukeela gertakari hura auzia aztertzerakoan, eta gaitzetsi egin zuen auzitegiak hori egin ez eta «begiak itxi» izana.
Bitartean, Ankara areagotzen ari da kurduen aurkako erasoak Kurdistanen bertan. Rojnews hedabideak atzo jakinarazi zuen Turkiako armadak Qumriya herria bonbardatu zuela, Hego Kurdistanen. Ipar Kurdistanen ere izan ziren bonbardaketak, ANF berri agentzia kurduaren arabera. Hedabideak zabaldu zuen SDF Siriako Indar Demokratikoak horiei erantzuten ari zirela, Gire Spi hiriaren inguruan, eta hainbat hildako zeudela.
Turkiako Auzitegi Konstituzionalak aztertu egingo du HDP desegiteko eskaria
Auzitegiak aho batez erabaki du fiskaltzak egindako akusazioa aintzat hartzea. Erabakia «politikoa» dela salatu du alderdiak. Turkiako armadak bonbardaketak egin ditu Kurdistanen, iparraldean eta hegoaldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu