Deskolonizazio prozesuko lehen erreferendumetik bi urtera, eta Kongresurako hauteskundeetatik urte eta erdira, Kaledonia Berriko herritarrek beste topaketa garrantzitsu bat izango dute etzi: prozesu horretako bigarren independentzia galdeketa. 2018ko bozketan ezezkoa gailendu zen, botoen %53,3rekin, baina loialistek espero baino babes txikiagoa lortu zuten; iragan urteko bozetan, berriz, independentistek diputatu bat gehiago lortu zuten ganberan, eta paisaia politikoan aldagai berri bat sartu zen; Esnatze Ozeanikoa, bere burua «ez independentistatzat, ez loialistatzat» ez duena. Jokaleku horretan, igandeko bozketari begira, aurreko bi topaketa horiek hainbat irakaspen utzi dituzte Kaledonia Berriko gizartearen egituraz: zatiketa ia erabatekoa da kanaken —indigenak— eta caldocheen —europar jatorrikoak— artean.
2018ko erreferendumaren daturik esanguratsuena parte hartzea izan zen, %81ekoa izan baitzen, inoizko handiena; zalantzarik gabe, topaketa hori izan da herritarrak gehien mobilizatu dituena. Eskualdeka, Iparraldeko Probintziak eman zituen boto gehien (herritarren %86k), Hegoaldekoaren (%83) eta Leialtasun uharteen (%61) aurretik; hortaz, proportzionalki, kanakak gehiengo diren Iparraldea eta uharteak mobilizatu ziren gehien, baina, Kaledonia Berriko biztanleriaren bi herenak Hegoaldeko Probintzian bizi direnez, eta loialista gehienak han daudenez, Frantziaren parte izaten jarraitzeko jarrerak irabazi zuen.
Horri lotuta, bozketa egunaren mapari begiratuz gero, errealitate bat geratu zen agerian: ia kanak guztiek bozkatu zutela independentziaren alde, eta ia caldoche guztiek bozkatu zutela independentziaren aurka. Iparraldeko Probintzian eta Leialtasun uharteetan baiezkoa gailendu zen, botoen %76 eta %81ekin, hurrenez hurren; eta Hegoaldekoan ezezkoak irabazi zuen, botoen %74rekin. Korrelazioa, hortaz, ia erabatekoa da, baita herrietan eta hirietan ere; Noumea hiriburuan, esaterako, soilik bi bozkalekutan gailendu zen independentziaren aldeko hautua; hain justu, kanakak gehiengo diren auzoetan.
Orotara, Kaledonia Berriko 33 udalerritik 21etan gailendu zen Frantziatik ateratzearen aldeko jarrera, baina biztanleriaren banaketak eman zion bide loialisten garaipenari; botoaren azalpenak, hortaz, arrazoi etnikoei eta demografikoei erantzuten die.
Halere, Cevipof etxearen arabera, kontuan hartu beharrekoa da badirela orain arteko joeretatik ateratzen direnak: inkesta batean ondorioztatu zuenez, kanaken %20k Frantziaren parte izateko bozkatu zuten, eta europar jatorria dutenen %10ek, Frantziatik ateratzeko. Abstentzioa, gainera, %15-20 artekoa izan zen bi komunitate horietan.
Zer diferentzia aurten?
Aurtengo berritasunen artean dago errolda handitu egin dutela: 2018an baino 6.486 herritar gehiagok izango dute botoa emateko aukera. Denera, 180.640k.
Horrek, abstentzioaren banaketarekin batera, aldaketaren bat eragin lezake igandean. 2018an, botoa eman ez zuten bi talde nabarmendu ziren: batetik, Leialtasun uharteetan (8.000), eta, bestetik, Noumea Handian (19.000), hiriburuan eta inguruan, batez ere kanakak gehiengo diren auzoetan. Hortaz, mobilizazio aldetik, printzipioz independentistek lukete gehiago irabazteko.
Bi aldeei begira, iazko Kongresurako bozek aldaketak eragin dituzte paisaia politikoan. Loialisten artean, Etorkizuna Konfiantzaz-ek lortu zuen ordezkaritzarik handiena, eta iragan urtera arte indarrik garrantzitsuena zen Kaledonia Elkarrekin moderatuagoa atzetik utzi zuen; horrek, hortaz, independentziaren aurkakoen jarreraren erradikalizazioa eragin du. Aurtengo kanpainan, gainera, sei alderdi Loialistak izeneko kanpainan elkartu dira, 2018ko «hutsegiteetatik ikasi» ostean emaitza hobeak lortzeko.
Esnatze Ozeanikoa ere bada aurtengo berritasunetako bat. 2019ko martxoan sortu zen, eta bi hilabeteko epean hiru diputatu lortu zituen, independentisten eta loialisten arteko dinamikatik ateratzeko xedearekin; Kongresuan independentisten talde parlamentario berean dago, eta Hegoaldeko Probintziako ganberan loialistekin elkartu da. Etziko topaketari begira, hortaz, boto askatasuna eman die bere jarraitzaileei, oinarri elektorala independentziaren aurkakoa duen arren.
Independentisten artean, jarrera baikorragoa da aurten, 2018an espero baino emaitza hobeak lortu zituztelako, eta iazko bozetan loialistekiko tartea txikitu zutelako ganberan; tartean, gainera, berriz lortu zuten Kongresuko presidentea independentista bat izatea: Roch Wamytan buruzagi historikoa. Horri gehitu behar zaio Alderdi Laboristak baiezkoaren alde bozkatzera dei egin duela; duela bi urte, abstentziora jotzeko eskatu zuen, prozesua «iruzur bat» zelakoan.
Aurten, ordea, elkarrizketa falta eta polarizazioa izan dira etziko erreferendumari begirako elementurik garrantzitsuenak. Galdeketaren data, hautesle erroldarekiko iritzi desberdinak, Frantziako banderaren erabilera... Hainbat izan dira independentisten eta loialisten arteko desadostasunak, eta, Kaledonia Berriko Giza Eskubideen Ligak aurten hainbatetan ohartarazi duenez, jarrerak gogortu egin dira 2018koekin konparatuz gero. Ikusteko dago, beraz, horrek guztiak zer eragin izango duen igandean.