Greziako Poliziak eraso egin du mugan, eta errefuxiatu bat hil du

Greziako militarrek negar gasa eta bestelako jaurtigaiak erabili dituzte errefuxiatu talde batek muga ez zeharkatzeko. Geroz eta migratzaile gehiago ari dira pilatzen mugan

Jone Bastida Alzuru.
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Ursula Von der Leyen Europako Kontseiluko presidenteak herenegun esan zuen Turkia eta Greziaren arteko mugan «ordena mantentzea» dela lehentasuna. Bada, guztiz bestelakoa da egoera: goraka doa iheslarien kopurua, eta tentsioa areagotzen ari da. Atzo izandako istiluak dira horren erakusle: Turkiako agintariek jakinarazi zutenez, Greziako Poliziak tiroz hil zuen muga zeharkatzen saiatzen ari zen migratzaile bat. Horrekin, hiru dira jada hildakoak: bat, adingabea, Lesbosera bidean txalupa iraulita, eta beste biak, tiroz.

Poliziaren oldarraldiaren ondorio izan zen azken heriotza:Turkiak salatu zuen Greziako militarrek negar gasa eta bestelako jaurtigaiak erabili zituztela errefuxiatu talde batek muga igarotzea galarazteko. Hain zuzen, eraso horretan bularrean egindako tiro batengatik hil zen iheslaria. Horrez gain, beste bost lagun zauritu zirela adierazi zuten. Stelios Petsas Greziako Gobernuaren eledunak, aldiz, ezeztatu egin zuen eurek inor hil izana: «Ez da inor hil Greziako indarrek jaurtitako tiroengatik. Erabat ukatzen dut». Halaber, Turkiari «albiste faltsuak» sortzea eta horiek «zabaltzea» egotzi zion.

Egoera tenkatuz doa, eta Turkiak errefuxiatuei ateak irekitzeak ataka estuan jarri ditu estatu kideak. Ankararen jarrera gaitzetsi zuen atzo Josep Borrell Europako Batasuneko Atzerri Politikarako goi ordezkariak: «Turkiaren alde bakarreko ekintzak oztopo dira konfiantzan oinarritutako harremanak eraikitzeko, eta, egun, inoiz baino beharrezkoagoak dira. Ezin dira arriskuan jarri pertsonen bizitzak».

Bestalde, Greziako egoerak «ez duela aurrekaririk» azpimarratu zuen Margaritis Schinas Europako Batzordeko bozeramaileak, Ylva Johansson Barne kontseilariarekin eginiko prentsaurreko batean. Halere, migrazio krisiari aurre egiteko orduan Greziako agintariek nazioarteko arauak «errespetatuko» dituztela espero dute. Bruselaren eta Atenasen arteko «harreman estua» nabarmendu zuten, eta Greziari «babesa emateko» beharra defendatu.

«Kezkatzeko moduko egoera da», adierazi zuen Johanssonek, eta azaldu zertarako balioko duten Europako Batzordeak krisia kudeatzeko emango dituen diru laguntzak: «Besteak beste, medikuak, itsasontziak, hornikuntza eta guardia gehiago bidaltzeko izango dira». Izan ere, 700 milioi euroko laguntza eta mugak kontrolatzeko bitartekoak agindu zizkion Von der Leyenek Greziari. Krisiari ahalik eta azkarrena amaieraematea da asmoa, eta helburu horrekin elkartzekoak ziren bart Europako Batasuneko Barne ministroak.

Geroz eta gehiago

Bitartean, baina, migratzaileek mugara heltzen jarraitzen dute. Ez dago datu zehatzik kopuruen inguruan: Turkiako Barne Ministerioak atzo adierazi zuenez,ostiralaz geroztik 135.844 migratzailek utzi dute herrialdea Greziara bidean. Oso bestelakoak dira, ordea, Atenasko Gobernuak emandako datuak. Haien arabera, 24.000 lagun saiatu dira «indarrez» muga zeharkatzen. Greziak berehala deportatzen ditu azken horiek; asilo eskaeren tramitazio guztiak bertan behera utzi ditu, sarrera masiboak izanik nazioarteko akordioa urratzen ez duela argudiatuta.

Tentsioaren erdian, Siriako presidente Baxar al-Assadek adierazi zuen Damasko eta Ankara herrialde «senidetuak» direla, eta ez dutela euren aurkako ekintzarik egin: «Turkia ahaidetzat daukagu, eta galdera bat egin nahi diet: zer arazo dute Siriarekin? Ez dugu haien aurkako erasorik egin. Ez dute zentzurik ditugun desadostasunek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.