Gipuzkoak arku gehiago jarriko ditu, N-1 eta A-15 osorik ordainarazteko

«Garraiolariek eta epaitegiek behartu gaituzte erabaki hau hartzera», justifikatu du Gipuzkoako Aldundiak. Kamioiek autobiak erabiltzeagatik ordaintzeko erabaki irmoa berretsi du

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Iker Aranburu.
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak formula berri bat aurkitu du kamioiei bidesariak ezartzeko N-1 errepidean eta A-15 autobidean zirkulatzeagatik: bide guztia kobratzea, eta ez zati batzuk, orain arteko moduan. Horrenbestez, gaur egun dauden hiru arkuei —Etzegarate, Andoain eta Astigarraga—, beste batzuk gehitu beharko dizkio hurrengo asteotan. Non eta zenbat izango diren ez du argitu Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak, Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian.

Lurraldeko ibilbide nagusiak ibilgailu astunentzat oso-osorik ordainpekoak eginda egin nahi dio aurre Markel Olanoren gobernuak orain arteko bidesariek auzitegietan jasotako debekuari. Izan ere, lehen bi foru arauak baliogabetu ditu EAEko Justizia Auzitegiak. Kasu haietan, Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuen foru gobernuak, baina ez zuen haren babesa jaso.

«Garraiolariek eta epaitegiek behartu gaituzte erabaki hau hartzera. Gure errepideak behar bezala artatu nahi baditugu, behar diren hobekuntzak eta eraikuntzak egin nahi baditugu, aldundiaren aurrekontua ez da nahikoa, eta beste finantzaketa iturri batzuk bermatu behar dira», justifikatu du Oiarbidek. Beste aukera bat bazegoela onartu du diputatuak, hau da, zerga berri bat ezartzea gaitasun handiko errepideak konpontzeko, baina baztertu dute. «Erabiltzen duenak ordaintzearen aldekoak gara, askoz justuagoa iruditzen baitzaigu», ziurtatu du.

Lehen bi arauetako epaiek nabarmendu dute orain arteko bidesariek kanpoko garraiolariei kalte egiten dietela eta hemengoei mesede egiten, bi bide horietako zati batzuetan ez dagoelako bidesaria ordaintzeko arkurik. «Zeharkako diskriminazioaren kontzeptua non gauzatzen den argi ez egon arren», aldundiak modu bakarra aurkitu du epaitegietan beste ezezko bat ez jasotzeko: «Segurtasun juridikoa lortzeko bide bakarra da N-I eta A-15 osoan zehar bidesaria jartzea».

Epaitegien erabakiak eta garraiolarien kexuak gorabehera, Oiarbidek berretsi du ibilgailuei bidesariak ezartzeko erabakia «irmoa» dela, eta bat egiten duela Europako Batasunaren zuzentarauekin. «Sententzia bakar batek ere ez du zalantzan jartzen guk gure errepideetan bidesaria ezartzeko dugun eskumena eta gaitasuna. Beraz, erabat zalantzaz kanpo dago Gipuzkoak bere batzar nagusiek demokrazia osoz emandako agindua betetzeko duen eskubidea».

Diputatuak argitu nahi izan du ez dela kamioilariei jartzen zaien zerga bat, kamioiari baizik: «Beraz, kamioiaren karga erosten duenak ordaintzen ditu gastu horiek, guk taxi bat hartzen dugunean bidaiaz gain peajea ordaintzen dugun bezala».

Epaitegietako bidea

Olanoren gobernuak foru dekretu bat egingo du bidesaria berehala behin-behinean martxan jartzeko, eta arau bat prestatuko du gero batzar nagusiek onar dezaten. Gobernua sostengatzen duten bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, gehiengo osoa dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Edonola ere, Olanoren gobernuak iragarri du helegitea jarriko duela Espainiako Auzitegi Gorenean, uste baitu «akats nabaria» egin zuela epaitegi horrek, Europako Batzordeari ez ziolako galdetu bigarren arauaren legezkotasunari buruz.

«Europako legedi oro Europako instantzietan kontsultatu behar da, eta kasu horietan ez da hala egin, eta defentsa gabezia nabarmena sortu da», salatu du Oiarbidek, eta gogorarazi du Europako Batzordeak berak bigarren bidesariaren aldeko iritzia eman zuela.

Foru gobernuaren iragarpenari erantzuten lehena EAJ izan da, Oiarbideren alderdia; proiektua babestu du, noski. «Gipuzkoaren subiranotasuna batzar nagusietan datza, eta, beraz, ahal dugun guztia egingo dugu batzar nagusi hauen borondatea errespeta dadin», azaldu du Eric Galvez EAJko batzarkideak. «Eztabaida ez da bidesaria bai ala ez; eztabaida hori aspaldi gainditu genuen Gipuzkoan, onespen zabalarekin gainera». Galvezek EH Bilduren jarrera salatu du; «Helburu bakarra du: foru gobernua higatzea, eta iraganeko mamuak elikatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.