Koronabirusa

COVID-19aren bigarren olatua mundu osoa irensten ari da

Oldarraldiak etengabe ari dira agertzen kontinenteetan eta uharte txikietan. Gaitzak hainbat herrialde behartu ditu itxialdia arindu ordez berriz ere konfinamendua ezartzera

Milaka saltzaile kalean barrena, poltsak eskuetan daramatzatela, poliziak euren ohiko lekuetatik mugiarazteko agindu ostean, Liman, Perun. PAOLO AGUILAR / EFE.
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 4a
00:00
Entzun
SARS-CoV-2 koronabirusak eragindako epidemia hedatzen ari da oraindik mundu osoan. Dagoeneko, Johns Hopkins Unibertsitateak koronabirusagatik positibo eman duten 26 milioi kasu zenbatu ditu; irailaren 3ko datuen arabera,40.000 azken 24 orduetan. Gainera, 863.577 lagun hil dira munduan, gaitzaren eraginez; azken 24 orduetan, 1.450.

EUROPA
Oldarraldiak, etengabe


Epidemiaren lehen hilabetean, Portugalgo Gobernuak azkar eta eraginkor jokatu zuen, Italiatik eta Espainiatik zer zetorren ikusita. Hain zuzen, herrialde horrek 112 positibo kasu baieztatu zituenean, Antonio Costa lehen ministroak alerta egoera ezarri zuen, eta, besteak beste, ikastetxeak eta ostalaritza jarduerak itxi zituen. Alabaina, lau hilabeteren ostean, Portugalek 180 graduko norabide aldaketa eman du.

Abuztutik gaur arte, kasuek nabarmen egin dute gora. Azken astean, 100.000 biztanleko hogei baino gehiagori atzeman diote birusa, eta, horren ondorioz, Erresuma Batuak hamalau eguneko isolamendua ezarriko die Portugaldik joandako bidaiariei. Portugalgo osasun agintariek beste 390 kutsatze jakinarazi dituzte azken 24 orduetan, eta, orotara, 58.000tik gora positibo atzeman dituzte. Hildakoak, berriz, 1.827 dira; atzo baino hiru gehiago.

Kasu gehienak Lisboan eta Tajo bailarako eskualdeetan erregistratu dituzte, nahiz eta kopuru osoaren %34 iparralde aldean jazo diren: hori izan zen Portugalgo eskualderik kaltetuena pandemiaren hasieran. Ospitaleratuak, berriz, 350era iritsi dira, eta horietatik 40 zainketa intentsiboetarako unitateetan daude.

Errusian, berriz, birusaren aurkako lehen txertoa erregistratu zuten arren, kasuek bere horretan diraute. Aste honetan gainditu du milioi bat kasu positiboren langa; kutsatze gehienak dituen laugarren herrialdea da oraindik. Azken 24 orduetan, ia 5.000 kasu atzeman dituzte, eta 114 heriotza zenbatu. Guztira, 17.500ek baino gehiagok galdu dute bizia gaitzaren ondorioz. Azken egunean, kutsatze gehienak erregistratu dituzten hiriak Mosku 690 eta San Petersburgo 191 dira, besteak beste. Gobernuak aditzera eman du 37,4 milioi analisi baino gehiago egin dituztela jada.

AMERIKA
Kurba kontrajarria


Amerika munduko kontinenterik kaltetuena da oraindik. Orotara, 13,6 milioi positibo zenbatu dituzte: hots, munduko kutsatze kopuru osoaren %53, eta 474.000 hil dira; mundu osoan hildakoen %55. AEBak dira kutsatu gehien dituen herrialdea: 6,3 milioi. Brasil da bigarrena, eta oraintsu gainditu du lau milioiren langa. Birusaren hedapena gero eta handiagoa da, egunez egun.

Bi estatu horien azpimarra egiteaz gain, aipatu behar da Peruko COVID-19aren kurbak muturreko bi errealitate islatzen dituela, hala hondamendiarena, nola itxaropenarena. Izan ere, Peru da 100.000 biztanleko hildako gehien dituen herrialdea: 90,87. Guztira, 29.000 baino gehiago hil dira. Orain dela gutxi arte, bazirudien hildako kopuruak are gehiago handituko zirela, baina, Peruko Gobernuak aditzera eman duenez, zenbakiek beheranzko joera hartu dute. Hori bai: inoiz baino kasu gehiago daude, eta ZIUen %90 beteta dago.

Kontinentera ez ezik, irla txikietara ere heldu da birusa. Zenbait lekutan, gogor jo du, hala nola Dominikar Errepublikan. 95.000 kutsatze inguru erregistratu dituzte, eta 1765 heriotza zenbatu. Iparraldeko herrialdean, Haitin, ordea, gaitzak ahulago jo du. Bizi kalitatea baxuagoa izanik ere, 8.000 positibo kasu atzeman dituzte, eta 206 hil dira. Are datu hobeagoak dituzte Kuban: 4.100 kutsatu erregistratu dituzte, eta 98k galdu dute bizia. Datu horiek lotura izan dezakete herrialdeak duen osasun sistemarekin.

AFRIKA
Errefuxiatuengana iritsi da


Afrikak 1,2 milioi positibo kasu atzeman ditu birusa kontinentera heldu zenetik. Kutsatze gehienak izan dituzten herrialdeak Hego Afrika, Egipto, Maroko, Nigeria eta Etiopia dira. Denera, 30.000 herritar inguru hil dira. Hego Afrikak aplikazio propioa sortu du birusari erantzuteko, eta martxan dago herenegundik.

Gatazka politikoaren ondorioz, milaka herritarrek euren jaioterria utzi eta errefuxiatu kanpamendutara joan behar izan dute. Bada, Ruandako Gobernuak jakinarazi duenez, mendebaldeko Kyangwaliko errefuxiatu kanpamenduan konfinamendua ezarri dute, gutxienez 74 kutsatze eta hildako bat zenbatu eta gero. Afrikako errefuxiatu kanpamendu jendetsuenetariko bat da Kyangwali: 123.000 errefuxiatu baino gehiago bizi dira han.

EKIALDE HURBILA
Bigarren olatuak irentsi du


Pandemiaren bigarren olatuak ataka estuan jarri du Israel. Hain zuzen, herrialdeko 30 hiritan itxialdia jarriko dute berriz astelehenetik aurrera, inoizko kutsatze erregistrorik handiena erregistratu eta gero: 3,000. Hala, gobernuak hainbat neurri ezarri ditu: besteak beste, mugikortasuna murriztea, eta funtsezkoak ez diren saltokiak eta ikasteteak ixtea. Israelgo Osasun Ministerioaren arabera, aurreko astetik, gutxienez 2.000 kutsatze izan dituzte egunero: guztira, 122.000 baino gehiago. Hildakoak, berriz, 969 dira.

OZEANIA
Atzeraldian sartu da


Epidemiak osasunean eragiteaz gain, ekonomia ere gogor jo du. Australia, esaterako, azken 30 urteetako atzeraldirik handienean sartu da, herrialdeko BPGa %7 jaitsi baita. «Hori da, alde handiarekin, hiruhileko BPGaren beherakadarik handiena, 1959an erregistroak hasi zirenetik», esan zuen Michael Smedes Australiako Bulegoko Kontu Nazionaletako buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.