Armadak agintzen du Sudanen herenegundik, militarrek beraiek azkeneko 30 urteotan herrialdeko presidente izandako Omar al-Baxir kargutik kendu eta atxilotu zutenetik. Baina herritarrek, joan den abendu amaieratik protestan ari direnek, armadak egindako proposamenekin mesfidati jarraitzen dute. Ez dira fio militarrez. Atzo ere, milaka lagunek jarraitu zuten Defentsa Ministerioaren eraikinaren parean hasitako kanpaldiarekin eta protestekin. Armadak iragarri du bi urteko trantsizio epe bat hasiko dutela, eta gero hauteskunde «aske eta garbi» batzuetara deituko dutela, eta «gobernu zibil batek» gidatuko duela Sudan aurrerantzean. Baina egoera nahasia da, eta militarrek ez dute lortu erabat egonkortzea. Awad Mohamed Ahmed Ibn Ouf Defentsa ministroa izendatu zuten militarrek, eurek sortutako Trantsiziorako Kontseilu Militarra gidatzeko, eta trantsizio epe hori zuzentzeko. Baina atzo jakinarazi zuen ez duela kargu hori hartuko; Abdel Fatah Abdelrahman Bourhan generala izango da kontseiluaren burua.
Herritarrak baretzen saiatzen ari dira militarrak. Trantsiziorako Kontseilu Militarreko batzorde politikoko kide Omar Zain al-Abideen manifestariei zuzendu zitzaien atzo. Herrialdearen etorkizun «ekonomikoa, politikoa eta soziala» haien esku dagoela esan zien. Horretarako «elkarrizketa» ahalbidetuko duen bidea «modu zibilizatuan» adostu behar dela ere adierazi zien. Militarren batzorde politikoa atzo arratsaldean zen biltzekoa alderdi politikoekin eta atzerriko diplomazialariekin. «Jendearen nahiak babesten ditugu; ez dugu botererik nahi», azpimarratu zuen militarren buruzagi politikoak. Eta herritarrei esan zien ez dietela «traiziorik» egingo: «Baina kaosa mugatu beharra dago». Militarrek diote beren betebeharra «ordena» mantentzea dela.
Protestak hasi zirenetik, gutxienez 40 pertsona hil dira; beste iturri batzuen arabera, ordea, 80 inguru dira hildakoak. «Kaos» hori mugatzeko ahaleginean, militarrek hainbat neurri hartu dituzte. Hiru hilabeteko larrialdi egoera ezarri dute; konstituzioa bertan behera utzi dute; mugak itxi dituzte; etaetxeratze agindua eman, 22:00etatik 04:00etara.
Baina, gizarte zibileko taldeek zuzenduta, herritarrek protestan jarraitu zuten atzo. Sudango Profesionalen Elkartekoak daude mobilizazioen buruan, eta iruditzen zaie aurreko erregimenaren jarraipena dela militarrek proposatutakoa. «Ikusi behar dugu ea benetan duten hitz egiteko eta jendeak eskatzen duena entzuteko gogoa». Erresistentzia baketsurako deia egin dute.
Militarrek, bestalde, baztertu egin dute Al-Baxir presidente ohia Hagara estraditatzea; Sudanen bertan epaitu nahi dute, «haren kontrakoa akusazioak frogatzen badira». 2009an Darfurren gerra krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak egitea egotzita agindu zuen Nazioarteko Justizia Auzitegiak Al-Baxir atxilotzeko. NBEk, baina, Hagarekin kolaboratzeko eskatu zion atzo Sudani. Erakundearen idazkari nagusi Antonio Guterresek «lasaitasuna» eskatu die alde guztiei, eta Europako Batasunak eskatu du botere aldaketa «azkarra» eta «sinesgarria» izan dadila.
Armadaren proposamenak gorabehera, protestan jarraitu dute Sudanen
Awad Mohamed Ahmed Ibn Ouf Defentsa ministroak uko egin dio kontseilu militarra gidatzeari. Militarrek ez dute estraditatuko Al-Baxir, eta herrialdean epaituko dutela diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu