Euskal arrantzaleei berdel kuota murriztea aztertzen ari da Espainia

Azken bi urteetan %40 egin du behera espezie horren kuotak, eta Asturiasko ontzidiak banaketa aldatzeko eskatu du. Euskal arrantzaleak Madrilen izango dira etzi, beren interesak defendatzen

Euskal arrantzaleak, berdelaren arrantzan. MIKEL ARRAZOLA.
xabier martin
2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Berdela ez dago aurten Joxemielen batelarentzat ere. Ez itsasoan ez dagoelako —asko dago—, kuota aitaren batean agortu delako baizik. Eta datorren urtean okerragoa izan daiteke euskal arrantzaleentzat, gero eta laburragoa den kosterak beste puska bat gal baitezake, Galiziako eta Asturiasko ontzidien kexuek eragin duten egoera tarteko. Ostegun honetan bilera bat dute Kantauriko ontzidi guztiek Madrilgo Arrantza Ministerioan, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek batzar horretan jakingo dute 2020. urtean berdelaren kuota galtzeko bidean ote dauden; hau da, Luis Planas Espainiako Arrantza ministroak joko arauak aldatu, eta Galiziako eta Asturiasko ontzidien alde esku hartzeko asmoa ote duen.

Badaezpada, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak ministroari gogorarazi dio, gutun batean, ezin direla berdelaren banaketa arauak hain erraz aldatu. Luis Planasi gogorarazi dio egungo kuotak nola adostu ziren, eta zehaztu dio haiek aldatzeak «hautsi» egingo lituzkeela «aldeen artean negoziatu ziren oinarriak». Tapiak garbi utzi dio ministroari bere egiten duela euskal arrantzaleen «kezka».

Sailburua baxurako arrantzaleekin elkartu zen atzo, Donostian, egungo banaketa aztertzeko. Eugenio Elduaien Arrantzaleen Federazioko presidentea eta Miren Garmendia idazkaria egon ziren bileran, baita Ondarroako Kofradiako presidentea ere, Eusebio Arantzamendi. Leandro Azkue arrantza zuzendariarekin joan zen Tapia. Batik bat Asturiasek eragindako egoera aztertzea izan zuten bilerako gaia, eta euskal arrantzaleen aldeko estrategia zein izango den mahai gainean jartzea.

Espainiako Gobernua Asturiasko arrantzaleen eskaera aintzat hartu eta 2020. urterako berdelaren banaketa aldatzea aztertzen legoke, eta aldaketa horrek euskal arrantzaleak kaltetuko lituzke. Tapiak gogorarazi dio Planas ministroari «negoziazio epe luze baten ondoren» lortu zutela «gehiengo baten akordioa», 2015. urtean, eta «edozein aldaketa egiteak» ez duela izango «sektore osoaren adostasuna» eta erkidego guztiena. «Ez lituzke errespetatuko ezarri ziren oinarriak eta negoziazioetan adostu zena». Tapiak garbi hitz egin dio Madrilgo arduradunari: «Premiatzen zaitugu bertan behera utz dezazun edozein aldaketa egitea berdelaren banaketaren inguruan».

Berdelaren kuota, txikitzen

Zuhaitz eroriari bezala gertatzen ari zaio berdelaren kuotari, denen egurra jasotzen ari dela, baina jipoia arrantzaleentzat da. Azken bi urteetan %40 murriztu da euskal arrantzaleek harrapatu dezaketen kantitatea. Aurten 24.597 tonaraino jaitsi da kantitatea (-%20), inoizko murritzena, eta arraina sartu den bezala agortu dute arrantzaleek. Amuko berdelaren arrantza pixka bat gehiago luzatu da, baina kostera horren pisua izugarri jaitsi da, nahiz eta itsasoan berdela ugaria den; arrantzaleek ezin dute ukitu, Europaren arauei jarraikiz. Kuotaren jaitsiera horretan badu bere eragin txikia 2009. eta 2010. urteetan egindako gehiegizko arrantzari dagokion isunak ere. 2019an 6.000 tona gutxiago arrantzatu ahal izan dute, adibidez, horren eraginez.

Eusko Jaurlaritzak bat egin zuen atzo arrantza sektorearekin, eta egungo banaketari eusteko nahia babestu zuen. Berdelaren kuota, eta beste espezie batzuena, 2011n banatu zen zenbait kalatan —Kantauri itsasoan eta Cadizko golkoan— eta ontzi mota desberdinen artean —arrasteontziak, ingurusareak, tretzaontziak eta arte txikietakoak—, aurreko hamarkadako harrapaketak oinarri hartuta. 2014an beste negoziazio bat egin zen, soilik ingurusare arrantzari eragin ziona, eta kuotak berriro banatu zituzten. Ezarritako irizpideen arabera, 2002-2011 arteko harrapaketek baldintzatzen dute egungo kuotaren %70, eta beste %30 oinarri sozioekonomikoek erabakitzen dute: eskifaia osatzen duten arrantzale kopurua, barku kopurua eta haien neurria.

Asturiasen salaketa

Horiek horrela, Asturiasko ontzidiarentzat kuota osoaren %3 bermatuta geratu zen. Baina arte txikiko ontzien esparruan adostasuna lortzea bereziki zaila izan zen, Asturiasek ez zuelako berdelaren harrapaketen zenbateko historikorik. Orain, berriz, aldaketa eskatu dute erkidego horretako arrantzaleek, eta Galiziakoak ere bestelako banaketa baten alde agertu dira.

Gaur arte indarrean dagoen banaketak «mesede» egiten dio Asturiasko arrantza sektoreari, Eusko Jaurlaritzaren arabera, baina kontua da berdelaren zenbateko orokorrak %40 egin duela behera oso denbora laburrean, eta beherakada horrek akordioa osatzen duten eragile guztiei eragin diela. Asturiarrek eskatu duten banaketaren aldaketak, berriz, «2011n egindako gainontzeko espezieen banaketan» ere eragina izan lezakeela dio Gasteizko gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.