Ur bizien aurretik, ur lasaietan

Maialen Chourrautek prestakuntza gisa hartu du Augsburgeko Munduko Txapelketa. Ia bi hilabete daramatza uretan, otsailean ezker sorbaldan ebakuntza egin eta gero.

Maialen Chourraut piraguista, ahalegin betean, 2021eko Tokioko Olinpiar Jokoetako finalerdietan. Brontzezko domina irabazi zuen. DIEGO AZUBEL / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Aski ongi ezagutzen dute elkar Maialen Chourrautek eta Xabi Etxanizek (Donostia, 1970). Lehena piraguista, bigarrena haren entrenatzailea. Gainera, bikote dira, senar-emazteak. Etxanizek uberan jarraitu dio Lasarte-Oriakoaren ibilbide oparoari, garaipen zerrenda luzea urrez, zilarrez, brontzez eta beste emaitza ikusgarriz gizentzeraino. Hori guztia, 39 urterekin. «Lehiakorra, teknikoa eta borrokalaria da oso, exijentzia handikoa. Eta izaten segituko du». Bada, Munduko Txapelketan, K1 modalitatean ariko da Chourraut, gaurtik igandera, Augsburgen (Alemania). Atzo, taldeka lehiatu zen.

Eliteko kirolariak puntaren puntan egon ohi dira, baina piraguismoa kirol bihurria denez, sorbaldaren goialdean angelu asko erabili ohi dituzte. Ondorioa, argia: oinazea, eta, horrekin batera, konfiantza falta. Hain zuzen, bost hilabete bete dira Chourrauti ezker sorbaldan ebakuntza egin ziotenetik; hirugarrena du guztira, eta alde beretik bigarrena. 2005erako, bi aldeetan ebakuntzak eginak zizkioten, baina, 2010etik aurrera, ezker sorbaldak ez zion behar bezala lan egiten uzten. «Maniobrengatik, sarritan, sorbalda ia irten egiten zitzaion, eta arraunkadak emateari utzi ere egin behar izaten zion», esan du Etxanizek. Urteak joan ahala, sorbaldaren ezohiko mugimendua areagotzen ari zitzaion. «2017tik hona, askotan gertatu zaio».

Harik eta 2021eko Tokioko Olinpiar Jokoen ondoren —brontzezko domina eskuratu zuen— atsedena hartzeko eta ebakuntza egiteko erabakia hartu zuen arte. Etxanizek ere ez zuen zalantzarik izan: «Aurten zen garairik egokiena ebakuntza egiteko». Zertarako? «2024ko Parisko Olinpiar Jokoetarako prest egoteko». Horra ahobizarrik gabe botatako erantzuna. Adinak adina, lasartearraren sua ez du urak itzali, sugarrak gehiago handitu baizik.

Piraguistaren osatze prozesua «oso ona» izan da. «Ebakuntza oso ondo atera zen, eta hark uste zuena baino oinaze gutxiago izan zuen». Lehen astetik, urratsez urrats joan da. Etxanizen hitzetan, pertsona «baikorra eta langilea» da. «Aurrez esperientzia hori igaro zuenez, itxaropena errealitatea baino txikiago jarri zuen, eta horrek osatzeko balio izan dio». Hori bai, hiru hilabetez lehorrean egotea «zaila» izan zaio.

Chourraut ondo dagoela ikusteak «lasaitasuna» eman dio Etxanizi. «Azken urteetan entrenatzea ez zen erraza. Batzuetan, lan saioak eteten genituen. Oinazea zuenez, prestaketaren egitura aldatzen genuen, eta nekagarria izaten zen. Sorbalda irteteko beldurra zuen, eta horrek niri ere eragiten zidan». Hori guztia igarota, «indartsu» dago piraguista.

Ia bi hilabete daramatza kanalean entrenatzen, ur leunetatik hasi eta ur lasterretan ontziarekin jolasean ibiltzeraino, zutoinak saihestuz nahiz ziabogak emanez. Emaitzez galdetuta, Etxanizek aitormen hau egin du: «Garbi geneukan aurtengo urtea ez zela oso garrantzitsua izango emaitzei zegokienez. Oraingo helbururik nagusienak dira sorbalda ondo indarberritzea, irteera puntuan jartzea, eta mentalki egoera deserosoak gainditzea». Eta ziur da gaindituko dituela. «Beti zerbait hobetzeko gogoz dago», erantsi du. «Adinak ez dio ezer kentzen, alderantziz: eskarmentuari esker, lasaiago sentitzen da, izatez urduria baita».

Chourraut bakarrik ez, Etxaniz ere ez da geldirik egotekoa. Lasartearraren entrenatzailea izateaz gain, Espainiako 23 urtez azpiko selekzioko teknikaria da, eta duela hilabete Ivrean (Italia) izan zen; Munduko Txapelketa jokatu baitzen. Chourrautek ere bidaia baliatu zuen Italia iparraldean entrenamendu saioak egiteko. «Tentsioa berreskuratzeko erakustaldiak egin zituen», zehaztu du haren prestatzaileak. Lehen egunetan «beldur apur batekin» sumatu zuen , baina «normaltzat» jo du. «Ondo sentitzea izan da garrantzitsuena», erantsi du. Ivreatik zuzenean joan ziren Augsburgera.

Alemaniakoa ez da edozein kanal, Etxanizen arabera. «Besteekin alderatuta, bihurria eta ezberdina da. Itsaslasterra bizia da, eta kanala oso estua». Beste berezitasun bat ere badu: «Ertzeko horma bertikala du. Horren ondorioz, urak hormaren aurka jo ondoren sortutako itsaslasterra berezia da». Beraz, nabarmendu du txapelketaren aurretik sarri entrenatzen ez den piraguistak «zaila» izango duela emaitza ona lortzea. «Azken batean, urarekin berarekin harremana izan behar duzu. Sentitu egin behar duzu».

Beste bost euskal piraguista

Piraguista gipuzkoarra zer-nolako sasoi egoeran dagoen jakinda, Etxanizek aitortu duenez, dominekin ez dira inondik ere itsutuko. «Errendimendu arloa hobetzeko ez da entrenatu, eta dominak ez zaizkigu burutik pasatu ere egin, ezta hitz egin ere. Emaitzaz harago joango gara, eta Parisera heltzeko prestakuntza gisa hartuko dugu. Hori bai, Maialenek guztia emango du».

Chourrautez gain, beste bost euskal piraguista ari dira Munduko Txapelketan: Miren Lazkano, Klara Olazabal, Joan Crespo, Ander Elosegi eta Olatz Arregi. «Espero dut euren onena ematen badute sailkapenaren goialdean egongo direla».

Etxanizek argi du Euskal Herriko piraguismoak «indarra» duela. «Urte askotarako iraun dezake»; zehazki, azpitik gazteak ate joka baitatoz. Dena den, Euskal Herrian kanal baten beharra dagoela gogorarazi du. «Ea Lasarten egitekoa duten proiektua aurrera ateratzen duten», nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.