Gipuzkoako enpresen %80 jada suspertu dira edo gutxi falta zaie

Hamar enpresatik bederatzik uste dute langile kopuruari eutsiko diotela edo lantaldea handituko dutela. Adegik uste du 3.000-3.500 lanpostu sortuko direla urtean zehar

Adegi patronaleko buruzagiak, Jose Mi guel Aierza idazkari nagusia, Eduardo Junkera presidentea, eta Patxi Sasigain berrikuntza arduraduna. JON URBE / FOKU.
Irune Lasa.
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Baikortasuna eta konfiantza handituz doaz Gipuzkoako enpresen artean, jarduera ekonomikoaren susperraldia gero eta gehiago hedatzen ari dela. Adegik koiunturaz maiatzean egindako inkestan, lurraldeko enpresen %80k adierazi dute dagoeneko lortu dutela suspertzea, edo espero dutela suspertze hori urtebeteko tartean iristea. Horrekin batera, hamar enpresatik bederatzik enpleguari eustea edo handitzea espero dute.

Gauzak horrela, Gipuzkoako ekonomiarentzako urte honetarako hazkunde aurreikuspena %4,5 eta %6,5 artean kokatu du Adegik, eta kalkulatu du urtean zehar 3.000-3.500 enplegu garbi sor daitezkeela.

Datu onekin batera, hala ere, zuhurtzia agertu du Gipuzkoako patronalak, urteko batzar orokorraren berri emateko agerraldian. Hasteko, desberdintasunak handiak direlako sektoreen artean, Jose Miguel Aierza Adegiko idazkari nagusiak azaldu duenez: «Industriak, eraikuntzak eta enpresei zuzendutako zerbitzuek nabarmen hobera egin dute ia adierazle guztietan. Aldiz, kontaktu pertsonala behar duten zerbitzuek, esate baterako hotelek, komertzioak eta ostalaritzak,egoera makurra bizi dute oraindik».

Egoera desberdinak

Sektore beraren barruan ere egoerak oso desberdinak izan daitezke. «Balio katearen edo enpresaren merkatuen egoeraren arabera, egoera guztiz alda daiteke, egun eguzkitsu batetik gau ilun beltz baterako aldea bezala». Hala, Aierzak zehaztu du enpresa txikiei gehiago ari zaiela kostatzen suspertzeari heltzea.

Edonola ere, gehien-gehienak ondo dabiltza. Gipuzkoako enpresen %76k uste dute beren merkatuen egoera normaltasunezkoa edo berraktibaziozkoa dela. Hori bai, uste hori zabalagoa da industrian (%84), eta murritzagoa zerbitzuetan (%59).

Zerbitzuen barruan, gainera, aldeak oso handiak dira azpisektoreen irakurketan: enpresetako zerbitzuetan merkatuen normaltasuna edo berraktibazioa antzeman duten enpresen %72k, baina kopurua %29,5era jaisten da merkataritza eta ostalaritza enpresetan.

Salmentetan, batez besteko fakturazioa %0,3 handitu da aurreko hiruhilekoko datuen aldean (+%0,8 industrian, +%2,4 eraikuntzan, eta -%1,9 zerbitzuetan). Eskari zorroan, berriz, igoera %5ekoa izan da lehen hiruhilekoarekiko, eta hiru enpresatik bik diote eskari maila normala edo handia dutela. Pandemia aurreko, iazko urtarrileko ehuneko bera da, baina orain gehiago dira eskaria handia dela dioten enpresak.

Suspertzearen beste adierazle bat produkzio gaitasunaren erabilera da, eta Gipuzkoako enpresen artean %80ra hurbiltzen ari da. Zerbitzuak daude horren azpitik, eta batez ere komertzioa eta ostalaritza, zeinetan establezimendu asko gutxieneko jardueran ari diren edo oraindik itxita dauden.

Enpleguaren inguruan ere baikor agertu dira enpresa gehienak. %66,5ek aurreikusten dute lantaldea aldaketarik gabe mantentzea, eta %24k langile kopurua handitzeko asmoa dute.

Lehengaiak, kezka iturri

Enpresek dituzten kezketan zabalduena Espainiako ekonomiaren ahuleziaren ingurukoa da oraindik ere, nahiz eta asko txikitu den aurreko inkestatik. Kezken zerrendan bigarrena kokatu da lehengaien hornikuntza eta prezioa. Aierzaren arabera, eskasia orokorra bada ere, erdieroaleetan arazoa dago. «Batez ere autogintzak pairatzen du, bainaindustriak oro har, digitalizazioarekin txip horiek hainbat prozeduratan erabiltzen baitira. Ikusi beharko dugu hurrengo hilabeteetan nolakoa den bilakaera, entzuten ari baikara enpresa batzuk gelditzen ari direla erdieroaleen gabeziarengatik. Agian hurrengo aste edo hilabeteetan Gipuzkoako enpresaren batek geldialdi bat egin behar izango du».

Adegiren batzar orokorrak zuzendaritza kontseilua berritu du, eta Eduardo Junkera presidentea berretsi du haren bigarren agintaldirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.