Uraren Agentzia hasi da ikertzen zerk eragin zuen Zubietako isuria

Laginak hartu dituzte uretan eta errauste plantan, errekan hilik agertutako arrainekin zerikusirik ba ote duen aztertzeko. GuraSOS elkarteak «mesfidantza» agertu du

Erraustegiaren kontra egindako azken mobilizazioa, Donostian, otsailaren 29an. ANDONI CANELLADA / FOKU.
gotzon hermosilla
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Uraren Euskal Agentzia (Ura) ikertzen ari da zerk eragin duen Zubietako Arkaitzerreka errekastoan (Gipuzkoa) gertatutako isuria. Joan den larunbatean, arrain ugari hilik agertu ziren errekan, eta berehala eman zieten abisua larrialdi zerbitzuei eta Usurbilgo udaltzainei. Uraren Agentziak adierazi duenez, errekan bertan ur laginak hartu dituzte, eta horiek aztertzen ari dira orain, «zer gertatu zen argitzeko, gertatutakoaren erantzukizunak zehazteko eta, hala badagokio, neurri zuzentzaileak edo zehaztaileak abiarazteko».

Erreka Zubietako errauste plantatik gertu dago, eta, gainera, inguruan ez dago bestelako lantegi, azienda haztegi edo antzekorik. Horregatik, errauste planta izan da isuria eragin izanaren susmagarri nagusia hasiera-hasieratik. Errauste planta kudeatzen duen erakundeak, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, ukatu egin du hori: «Azpiegituretan erabilitako urek zirkuitu itxia daukate, berezko arazte zerbitzuarekin, eta ez da isurketarik egiten kanpora», adierazi du.

Hala ere, GHK-k aitortu du badagoela ur isurketa bat, plantatik errekara egiten dena: euri ura jasotzen duen ekaitz tangakoa, hain zuzen. Uraren Agentziak esan duenez, horren laginak ere hartu dituzte, errekan gertatutakoarekin zerikusirik ba ote duen ikertzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok esan du gertatutakoa ikertuko dutela, «isuri bat dagoen bakoitzean beti egiten den bezala», eta «azken bururaino» iritsiko direla, plantan aritzen diren enpresetako batek «irregulartasunen bat» egin duela frogatzen bada.

GuraSOS elkarteak, berriz, «mesfidantza» agertu du, are gehiago GHKren adierazpenen ostean: «Azpiegiturak badu errekara ura isurtzeko baimena», gogorarazi du elkarteko kide Joseba Belaustegik. «Euri ura dela diote, baina ur horrek, plantako ubideetatik pasatzerakoan, gai toxikoak eraman ditzake herrestan. Hain seguru badaude, zergatik ibili behar dute manipulazio eta gezurretan? Horrek ez digu inolako konfiantzarik ematen».

Iragarritako ikerketan ere ez dute fede handirik: «Ura ez da erakunde inpartziala», esan du Belaustegik, eta gogorarazi duGHK-ko presidentea —Jose Ignacio Asensio foru diputatua— hango Administrazio Kontseiluko kidea dela: «Ikertzailea eta ikertua da aldi berean». Haien ustez, zantzu guztiek erakusten dute plantak zerikusiren bat izan dezakeela gertatutakoarekin: «Inguruan ez dago beste jarduerarik. Baina, gainera, ez dute informazio zehatzik ematen; baloia urrutiratu baino ez dute egiten, eta hori oso susmagarria da».

«Antzeko gertaerak»

GHK-k plazaratutako oharrean badago pasarte bat zeresan handia eman duena: «Lehenago ere, antzeko gertaerak suertatu direnean, ikerketek ebatzi dute isuriek ez zutela zerikusirik Zubietako azpiegiturekin». Aurretik ere «antzeko gertaerak» izan direla ondorioztatzen da esaldi horretatik, baina, orain arte, iritzi publikoak ez du era horretako isurien berririk. Igandean, Jabari Publikoaren Kudeaketarako Uraren Agentziako zuzendari Josu Perea elkarrizketatu zuten Euskadi Irratian, eta, horretaz galdetuta, erantzun zuen berak ez zuela gogoan halakorik egon denik.

«Ez dakigu zer esan nahi duten antzeko gertaerak esamolde horrekin, oraingoan ehunka arrain agertu direlako hilik», esan du Belaustegik, «baina, lehenago ere zerbait egon bada eta ezkutatu egin badute, mesfidantza izateko arrazoiak agerikoak dira». Belaustegik iragarri du elkarteak auzia ikertuko duela, eta Uraren Agentziari eskatuko diola ustez aldez aurretik gertaturiko isurketa horien inguruko informazioa.

GuraSOS elkarteak gogorarazi du Zubietako errauste plantaren egoera «berezia» dela: «Teorian, ez daude jardunean, probatan baizik, baina proba horiek gehienez zazpi hilabete eta erdi irauten zuten, eta jada urtebete daramate». «Probatan» egotearen ondorioz, plantari ez dizkiote egiten jardunean egonez gero egingo lizkioketen kontrolak, Belaustegik adierazitakoaren arabera.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ere uraren eta hildako arrainen laginak hartu ditu. Hurrengo urratsa zein izango den ez dute erabaki oraindik, baina aztertzen ari dira lagin horiekin ikerketa independente bat egitea laborategiren batean, eta beste elkarte ekologistekin batera salaketa bat jartzea fiskaltzaren aurrean. Erabakia edozein delarik ere, datozen egunetan emango dute horren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.