Suedia eta Finlandia ere NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide bihurtzeko pronto daude, behin Turkiak bi herrialdeei ezarritako betoa kenduta. Hiru herrialdeek dokumentu bat sinatu dute, «zeinak baieztatzen duen Turkiak babesten dituela Finlandiak eta Suediak NATOrekin bat egiteko egindako eskaerak». Madrilen batzartu ziren atzo hiru estatuetako agintariak NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergekin batera, Mendebaldeko aliantza militarrak gaur eta bihar goi bilera egingo baitu Espainiako hiriburuan.
Finlandiak eta Suediak maiatza erdialdean egin zituzten NATOn sartzeko eskaerak, eta aliantzak ateak zabaldu zizkien. Ankarak ez, ordea. Recep Tayyip Erdoganen kabineteak leporatzen die PKK-kotzat (Kurdistango Langileen Alderdia) eta YPGkotzat (Herriaren Babes Unitateak) jotzen dituen kideei babesa ematea. Biak «terroristak» dira Turkiaren arabera; orduan, betoa jarri zien bat egite posibleei. Turkiako Gobernuak atzo kaleratutako ohar baten arabera, Suediak eta Finlandiak adostu dute «guztiz kooperatzea» Ankararekin «PKKren eta bere adarren aurkako borrokan».
Azken asteetan negoziatzen aritu dira hiru aldeak. Akordioak ez du esan nahi bi herrialdeak segituan bihurtuko direnik aliantzako kide, baizik eta horretarako prozesua hasteko bidea ireki diela Ankarak; izan ere, kideetako baten betoa nahikoa da prozesua oztopatzeko. Stoltenbergek akordioa plazaratu ondorengo prentsa agerraldian esan zuenez, prozesua «leunduko» du lortutako itunak.
Blokeoa kentzeko Turkiaren baldintzetako bat zen, hain zuzen, Suediak eta Finlandiak babesik ez ematea Ankarak PKK-kotzat edo YPGkotzat jotzen dituenei, eta, gainera, 28 pertsona Suediatik Turkiara estraditatzea, eta beste hamabi Finlandiatik. Turkiak atzo nabarmendu zuen «terroristen estradizioei buruzko neurriak» hartzekoak direla Stockholm eta Helsinki.
Suediako lehen ministro Magdalena Anderssonek bileraren ondoren adierazi zuenez, ituna «ona» da. Eta hau gehitu zuen: «Zaila da jakitea zerk konbentzitu duen Turkia onar dezan».
NATOko 30 estatu kideak Madrilen batzartu bezperan iragarri zuten akordioa, eta datozen bi egunetan aliatuen helburu nagusia izango da erakundearen bide orri estrategikoa zehaztea datorren hamarkadarako. Berrikuntzen artean, NATOk erabat aldatuko du Errusiarekin duen harremana: hau da, kide estrategiko izendatua zuen lehen, eta mehatxu zuzentzat joko du aurrerantzean; hala, Europa ekialdea indartu nahi du, «Errusiaren mehatxuari aurre egiteko», esan zuen atzo Stoltenbergek, goi bileraren atarian egindako agerraldian. Txinaz ere hitz egingo dute lehenengoz, luzerako erronka geoestrategikoak finkatzeko.
Aliatuen defentsan inbertsioak handitzeko eta Errusiarekin mugan dauden estatuetan 300.000 militar baino gehiago «alerta gorenean» ezartzeko planak onartzea espero da goi bileran. Hain zuzen, NATOko kide diren bederatzi estatuk jada lortu dute 2014ko Galesko goi bileran adostutako defentsarako %2ko inbertsio helburua betetzea. Eta beste hemeretzik xede hori erdiesteko «asmo argia» dute, Stoltenbergek ohar baten bidez jakinarazi zuenez. Hori bai, ez zuen zehaztu herrialde horiek zein ziren.
Defentsaz ez ezik, aliantzak erakunde gisa dituen lehen klima helburuez ere hitz egingo dute. NATOko idazkari nagusiak iragarri zuenez, aliatuek aurreikusten dute 2030erako berotegi efektuko gasen isurketa gutxienez %45 murriztea, eta 2050erako isurketarik ez egitea. Bestalde, adierazi zuen Ukrainako gerra amaitzea dela egungo energia eta elikadura krisiei amaiera emateko modurik «eraginkorrena», eta Vladimir Putin Errusiako presidenteari leporatu zizkion bi arazo horiek. Gainera, gogorarazi zuenez, elikagaien prezioen garestitzea eta Ukrainatik garia esportatzeko zailtasunak izatea ez dira Mendebaldeak ezarritako zigorren ondorio.
Ukrainak protagonismo handia izango du goi bileran, eta Volodimir Zelenski presidenteak agerraldi telematiko bat egingo du gaur. Alde horretatik, NATOko idazkari nagusiak Zelenskiri atzo telefonoz hitzeman zionez, aliantza militarreko kide diren estatuek laguntza militar handiagoa emango diote Ukrainari. «Aliatuek babes handiagoa emango diote Ukrainari, bai orain, bai luzera begira», esan zuen Stoltenbergek. Ukrainako presidenteak, berriz, Errusiako misilen aurkako sistema eraginkorragoak emateko eskatu dio aliantza militarrari, «Errusiako eraso terroristak geldiarazteko», haren esanetan.
Bloke «oldarkorra»
Aliantza militarraren goi bileraren bezperan, Errusiak bloke «oldarkortzat» jo zuen NATO. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek atzo salatu zuenez, aliantza militarrak goi bilera egin baino askoz ere lehenago izendatu zuen «etsai» Errusia. «Txinari, berriz, erronka sistemikoa bota dio».
Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak atzo esandakoaren arabera, Errusia Ukrainan egiten ari den «operazio militar berezia» aurreikusitakoaren arabera doa, eta hasieran ezarritako helburuak lortuko dituztela nabarmendu zuen. Era berean, Kremlineko eledunak Kieveko agintariei eskatu zien agin diezaietela Ukrainako tropa «nazionalistei» armak uzteko.
Errusiako armadak Krementxukeko (Ukraina ekialdea) saltoki gune bat bonbardatu zuen herenegun, eta, Kieven arabera, hemezortzi lagun hil zituen. Gertakari horren harira, Kremlinek atzo baieztatu zuenez, eraikin horri eraso egitea zuen helburu, baina gaineratu zuen han gordeta zeuden munizioen eztandak eragin zituela suteak.
Gerra Ukrainan
NATOn sartzeko betoa kendu die Turkiak Finlandiari eta Suediari
Ankararen arabera, Stockholmek eta Helsinkik «PKKren aurkako borrokan» lagunduko diote. Mendebaldeko aliantza militarrak goi bilera egingo du gaur eta bihar Madrilen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu