Emakumeen kontrako indarkeria politikoak munduko «ia eskualde guztietan» egin du gora azkeneko lau urteotan, ACLEDek abenduan argitaratutako azken txostenaren arabera. Gatazka guneetako datuak biltzen eta aztertzen ditu AEBetako GKE gobernuz kanpoko erakunde horrek, eta 2019an aurrenekoz ikertu zuen andreek jasaten duten bortizkeria politikoa, Nazioarteko Segurtasunerako eta Zuzenbiderako Robert S. Strauss Zentroarekin elkarlanean. Guztira 11.000 gertakari aztertuta, orduko datuak berrituta eta are xehatuago eman ditu oraingoan, zehaztu baititu, ekintza moldeez eta erasotzaileen profilez gain, indarkeria hori pairatzen dutenen identitate motak, adibidez.
Roudabeh Kishi da ACLEDen ikerketa zuzendaria, eta bera da azken azterketaren egile nagusia. Iruditzen zaio NBE Nazio Batuen Erakundeak 2000. urtetik aurrera bultzatutako Emakumeak, Bakea eta Segurtasuna agendari esker, indarkeria politikoaren esparruan andreari ere erreparatzen zaiola gaur egun. «Denbora askoan sexu indarkerian zentratu da ikuspegi hori. Nolanahi ere, sexu indarkeriatik haratago doa biolentzia hori; beste modu askotan izan daitezke erasotuak emakumeak», zehaztu dio BERRIAri, posta elektronikoz. Azken txostenean jaso dutenez, zenbatutako erasoen artean %20 dira sexu erasoak; %12 bahiketak eta desagertze behartuak; %7 gaizkile taldeen indarkeria; %1 arrisku txikiko beste indarkeria molde batzuk; eta %60, berriz, indarkeria ez-sexuala.
Parte hartze politiko publikoaren ondorioz emakumeek pairatutako indakeria fisikoari erreparatu dio, hain justu, ikerketak, identitate motak aintzat hartuta. Aktibistak eta giza eskubideen aldeko ekintzaileak izan dira indarkeria handiena jasan dutenak (%38); ondoren, alderdi bat babesten dutenak (%24), gobernuetako langileak (%16), politikari kargudunak (%12), kargu publiko baterako hautagaiak (%8), eta, azkenik, bozkatzaileak (%2).
«Emakume baten sexua erasoa egiteko arrazoi nagusia izan dela erakusten duten kasuak hartu dira kontuan», argitu du Kishik. Txostenean nabarmendu dutenez, 2020tik Mexiko, Kolonbia, Txina, India, Brasil, Burundi,Afganistan, Filipinak eta Kuba dira herrialderik arriskutsuenetako batzuk emakumeen parte hartze politikorako. Eta ikerketak erakusten du munduko eskualde batetik bestera aldatu egiten direla indarkeria moldeak, erasotzaileen profilak eta indarkeria horren helburuak. «Gehienetan, indarkeria kasuek gora egiten dute hauteskunde garaian». Eskualde bakoitza zerk ezaugarritzen duen azaldu du ACLEDen ikerketa zuzendariak. Biolentzia moldeari dagokionez, esate baterako, politikan parte hartzen duten emakumeek «talde indarkeriari» maiztasun handiagoz aurre egin behar izaten diote Asia hegoaldean; «aldiz, desagerpen behartuak indarkeria molde ohikoena dira Asia ekialdean, eta eraso ez-sexualak Latinoamerikan».
Erasotzaileei dagokienez, txostenean jaso dute orokorrean herenak (%33) anonimoak edo identifikatu gabeko talde armatuetako kideak direla; milizietako eta gaizkile taldeetako kideen esku daude erasoen %24, estatu indarretakoek egiten dituzte %20, matxinoek %8, espontaneoki antolatutako aldrek %7, eta kolektibo baten inguruan antolatutako talde armatu eta biolentoek %5. «Asia ekialdean, estatuetako indarrak dira kolektibo arriskutsuena politikan parte hartzen duten emakumeentzat; aldra biolentoak Asia hegoaldean; eta Europan, berriz, armatutako agente anonimoak». Asia ekialdean emakumezko aktibistek dute arriskurik handiena, eta Afrikan, bestalde, alderdi politiko baten jarraitzaileak direnek.
Eta emakumeek subjektu politiko gisa duten presentzia handituz doa. «Andreek prozesu politikoetan edukitako parte hartzeak gora egin ahala, areagotu egin da biktimen kopurua». Kishiren esanetan, beste egile batzuekin artikulu bat idatzi du aztertuz Kenyako emakumeek zer parte hartze eduki duten esparru politikoan, eta frogatu ahal izan dute andreek presentzia publikoa eduki ahala areagotu egin dela haien kontrako indarkeria politikoa. «Horregatik dira garrantzitsuak parte hartze politikoa areagotzeko neurriak, sexu kuotak esaterako, eta baita parte hartze horiek babestea ere».
Parte hartzeari eraginez
Andreen aurkako indarkeria politikoak gora egin duenez, horrek haien parte hartze publikoa «zapuztu» dezake, Kishiren ustez. «Indarkeria hau gauzatu dute, gainera, politikoki parte hartzeari beldurra edukitzeko».
Arazo global bat da, baina txostenaren egileak zehaztu du «inguruaren arabera» modu batekoa edo bestekoa dela indarkeria hori. Moldeak, erasotzaileen profilak eta zein emakumeri erasotzen dieten aintzat hartuta, hainbat joera identifikatu dituzte. Orduan, uste du ezin dela arazoari aurre egiteko irtenbide bakar bat planteatu. «Irtenbideek tokian tokiko ezaugarriak hartu behar dituzte aintzat». Iruditzen zaio argitaratutakoaren moduko txostenei esker tokian tokiko gobernuek erantzun jakin batzuk eman diezazkieketela kasuei.
Esparru politikoan izaten den indarkeria fisikoari erreparatzen dio ACLEDek, baina Kishik gogoratu du eremu pribatuan izaten dena eta indarkeria ez-fisikoa ere «mehatxatu handi bat» direla emakumezkoentzat.
Sexu indarkeriatik haratagokoa
Andreen aurkako indarkeria politikoak gora egin du, ACLEDen arabera. Leku batetik bestera aldatu egiten dira moldeak, erasotzaileen profilak eta indarkeriaren helburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu