2021ean 145 lanpostu sortzea aurreikusten du Azpeitiko Elmubasek

Instalazioen tamaina bikoiztuko du. Enpresak Jaurlaritzaren partaidetza du. Jabe den funtsak inbertsio gehiago iragarri ditu beste euskal enpresa batzuetan

Langile bat konpainiak Azpeitian duen plantan lanean, atzo. IREKIA.
jokin sagarzazu
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Elikadurarena da COVID-19aren krisian ongien egokitzen ari den sektorea, baita etxeko animalientzako janariaren alorra ere. Horren adibide da Azpeitiko (Gipuzkoa) Elmubas Iberica enpresa, Piensos Bastida izandakoa. Instalazioak handitzea erabaki du, eta 2021eko apiriletik aurrera 145 enplegu baino gehiago sortzea aurreikusten du. Horretarako, 48 milioi euroko inbertsioa egingo du Azpeitiko instalazioetan.

Gaur egungo fabrikaren alboan eraikitzen ari diren pabiloi berriak lanerako beste 18.000 metro koadroko azalera izango du. Guztira, 55.000 metro koadro baino gehiago izango dute produkzio instalazioek 2024tik aurrera. Hala jakinarazi zuen atzo Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak, enpresara eginiko bisita batean. Gobernua iaz sartu zen konpainiaren kapitalean, %4,3ko partaidetzarekin, Ezten arrisku kapitaleko funtsaren bitartez.

Gaur egun, Elmubasek 200 langile baino gehiago ditu, eta Urola Kosta eskualdeko enpresa handienetariko bat da. Egunean hiru milioi maskota baino gehiago elikatzeko adina janari produzitzen du bere instalazioetan.

Bereziki, saltoki kate handien marka zurietarako ekoizten du —Eroski, Carrefour, Alcampo...—,eta bost kontinenteetan saltzen dira bere produktuak. Produkzioaren %65 esportatu egiten du. Batez beste, urtean 90 milioi euro inguru fakturatu ditu.

Azken urteetan, diru laguntza publikoak jaso ditu SPRI Taldearen bidez, teknologiako, industria zibersegurtasuneko eta digitalizazioko programetarako.

Aguinaga eta IANren jabea

Duela 30 urte sortu zuen enpresa Bastida familiak, eta iaztik Portobello Capital inbertsio funtsarena da, 200 milioi euroren truke. Portobello Capitalek Angulas Aguinaga enpresaren %40 du bere esku —%50,1 PAI Partners funtsari saldu dio aste honen hasieran—, eta IAN Industrias Alimentarias de Navarraren %100aren jabe ere bada (Viscofani erosia, 2014an), besteak beste.

Asteazken honetan jakinarazi duenez, 350 milioiko inbertsio funts bat sortuko du, eta bere negozio eremuak berregituratuko ditu. Funts horretan sartuko ditu bi enpresa horien partaidetzak, eta horren bitartez, halaber, produktu horien internazionalizazioa bultzatzeko neurriak sustatuko dituela iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.